Ainhoa Ansa aranoarra, izatez musikaria da, eta bere bi ahizpekin (Maider eta Arantxa) Ansa Ahizpak taldea osatzen du. Duela urte pare bat, Jagoba Astiazaranekin
batera, Piano bat Bertsotan emanaldia eskaintzen ere ari da, Beñat Gaztelumendi
bertsolariarekin. Eguneroko lana, ordea, beste bat du. Hernani eta inguruko 5 herritan grabazioak egiten ari da Ansa, euskeraz, jende
helduari. Gero www.ahotsak.com orrialdean jarriko dira, Euskal Herriko beste grabazioekin batera.
Estitxu Neira
Nola hasi zinen proiektu
honetan lanean?
Kantu Zaleen Elkartean nengoen lanean, koordinatzaile modura. Baina, elkarte txiki gehienei pasatzen zaien bezala diru arazoak zeuden, eta nire lanpostua desagertzeko arriskuan zegoen. Bestetik ere, lau urte pasa nituen han eta beste gauza bat probatzeko gogoa ere banuen. Eta, hura utzi baino lehen, elkarteko lehendakaria denak lan honetaz hitz egin zidan; eta azkenean, atera zen. Lana oso ezberdina da, baina gustura nago, lan honek ezusteko politak ematen baititu.
Zehazki zer da egiten duzuna?
Ni lan osoaren lehen zatiaz bakarrik arduratzen naiz. Hau da, nire gain hartzen ditudan bost herrietan elkarrizketak egiten ditut. Gero, elkarrizketa horiek transkribatu, kodifikatu, editatu eta webgunean zintzilikatu behar dira. Baina horretarako, beste lantalde bat dago.
Zer da lan honekin lortu nahi duzuena?
Webgunea bera da artxiboa. Asmoa da Euskal Herri guztietako lekukotasunak lortu eta bertan zintzilikatzea, entzun nahi duenak eskuragarri izateko. Eta, edonork ikerketa edo lanketaren bat egin nahi izango balu, materiala ere hor izan dezan. Horregatik, webgunean herrika eta gaika dago antolatua informazioa.
Une honetan proiektua
nola dago?
Orain elkarrizketak egin eta egin ari gara, ahal diren guztiak egitea da gure helburua. Duela gutxi, Jaurlaritzak, Diputazioak eta Kutxak eman digute diru-laguntza. Hori dela eta, Gipuzkoan behintzat badago elkarrizketa kopuru bat ezarrita; eta helburua da, urte batean ahal diren elkarrizketa gehienak egin, eta herri gehienak pasa.
Ba al dago elkarrizketatuek bete beharreko baldintzarik?
Edadetua izatea, garai bateko kontuez hitz egin ahal izateko. Eta, bestea, baldintza den ere ez dakit, baina komeni da herrikoa bertakoa izatea, eta gurasoak ere hangoak izanik are eta hobe; bere euskera, euskalkia, herrikoa bertakoa izan dadin. Baina, ez da ezinbesteko baldintza.
Esaterako, Hernanin gertatu izan zait, ezkondu eta herrira etorritakoak elkarrizketatzea. Eta, euren hizketak goizuetar kutsua izatea, goizuetar hitzak tartekatzea solasean; beraz, Goizuetako hiztunekin batera sartu ditut.
Nolakoak dira elkarrizketak?
Zein gai mota lantzen dituzue?
Oso xamurrak dira, eta bereziki txikitako bizipenak eta bizimoduaz hitz egiten dugu. Nik beti esaten dut, ez dela elkarrizketa ere, kontu saioa baizik. Oso arinak dira, elkarrekin eseri eta garai bateko lan, festa, eskola-garaia, gaixotasunez, eta abar hitz egiten dugu. Apur bat zirikatzen diet, nesketan edo mutiletan nola ibiltzen ziren galdetuz, eta eurei ere hautsak astintzen zaizkie, eta oso elkarrizketa politak ateratzen dira, baita egun erabiltzen ez ditugun hitz ederrak ere.
Bestetik, garbi utzi nahi dut, ni konturatu gabe gustoko ez duten arlo batean sartuko banintz, esan eta hori moztu egingo litzake, eta ez litzateke inon agertuko. Kontua da, euren bizipenak jasotzea, baina eurek kontatu nahi dutena soilik.
Gutxi gora-behera nolako
luzera dute?
Hein haundi batean hiztunaren araberakoa da. Baina, ordu bete ingurukoak izaten dira.
Orain arte zenbat
elkarrizketa egin dituzu?
Egin ditut nahi baino gutxiago. Esaterako, Hernanin zail samarra izan dut. Herri bakoitzak guri laguntzeko sistema bat eramaten du, baina zaila da kontaktuak lortzea. Gainera, gizarte honetan, egunero hainbeste dei jasotzen ditugunez, jendeak zuzenean interesik ez duela esaten du. Eta adineko jendea izanik, beldurra ere sortzen zaie.
Elkarrizketatuen bizipenetan ba al dago alderik herri batekoak ala bestekoak izatean?
Andoainen esaterako kaleko jendearekin gehiago egon naiz, eman dizkidaten kontaktuengatik.
Hernani eta Urnietan, aldiz, baserritar jende asko elkarrizketatu dut, eta konturatu naiz zein mundu desberdina bizi zuten. Nahiz eta denek aipatzen duten herri txikia zela eta denek elkar ezagutzen zutela, uste dut baserritarrek beste modu batera bizi izan zutela garaia.
Eskolara esaterako, etxean hainbeste lan izanda, gutxitan zuten joateko aukera, eta oso baldintzatuta egon dira beti lanarekin. Honekin ez dut esan nahi besteek lan gutxiago egiten zutenik, baina eskolara joateko oztoporik ez zuten, kalean jolasteko aukera zuten, etab. Hau da, bizimoduak erabat ezberdinak ziren.
Ba al dago Hernanin egin duzun, eta bereziki gogoan duzun elkarrizketaren bat?
Oso zaila izango litzake bat aukeratzea, denek daukate euren xarma. Hizkeran ere, oso hiztun on eta politak dira.
Zergatik animatzen duzu
jendea parte hartzera?
Lehen esan dudan bezala elkarrizketak oso arinak dira. Eurek ikusi dute, beste inork baino hobeto, mundua zenbat aldatu den, eta horrek jasota gelditu behar du. Eta, lekukotasun horiek euren hitzetatik jasotzea da modurik hoberena.
Bestetik, euren bilobek ikus dezaten ere, nolako bizimodua eraman zuten. Eta, eurek dituzten baloreak ere oso garrantzitsuak dira, balore horietatik jasotzen diren ondorioak eta irakaspenak oso onuragarriak baitira.
Hau guztia beraiei jakinaraztea zaila den arren, nahiko nuke jakitea proiektu hau ez dela gure kapritxozko gauza bat; herria hobeto ezagutzeko giltza eurek dutela. Eta, euren hitzak ondorengoentzat gelditu behar dutela; animatuz gero, oso gauza garrantzitsuan hartuko dutela parte.
Euskal herri guztietako ahozko ondarea
‘www.ahotsak.com’ atarian
WEBGUNEAREN proiektuaren oinarriak 2002-2003 urteetan landu ziren metodologia, baliabideak eta alderdi teknikoa ezarriz. 2004-2007 urteren artean bilketa lanari ekin zioten, eta jasotzen zen materiala lantzeari. Orduz geroztik, webgunea lantzen aritu dira, 2008ko apirilean aurkeztu zena. Hala ere, oraindik proiektuarekin jarraitzen dute lanean.Herri hizkerak katalogatu
eta hedatzea
Proiektu honen helburu nagusia Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea da. Hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatuz, euren euskara eta bizipenak jaso eta herritarren artean zabaltzea.
Elkarrizketa horiek Euskal Herri osoan egiten dira, ondoren hauek landu eta ahotsak.com webgunean argitaratzen dira.
Ahotsak.com egitasmoa konplexua da, eta hainbat urrats jarraitzen ditu. Lehena, Euskal Herri guztian zehar sakabanatuta dauden zintak berreskuratzea da. Hori egindakoan, grabazio berriak ere egin behar dira, bereziki, herrialde batzuetan hutsune haundiak daudelako. Grabazioak bildutakoan, bertan dagoen informazio guztia bildu eta datu basean txertatzen da. Eta, azkenik, grabazio horiek lantzen dira.
BADIHARDU EUSKARA ELKARTEA
Euskara eta euskalkiak helburutzat dituen elkartea da, eta Eibarren du egoitza.
1990. urte inguruan Bergaran, eskualde horretarako euskaltzale batzuk bildu eta bailara mailako batzar batzuk egin zituzten. Batzar horien helburua azpieuskalkian idazteko oinarrizko ortografia-arauak zehaztea zen, baina ez zen adostasunik lortu.
Hala ere, batzar hartatik abiatuta herri bakoitzak bere bidea egin zuen eta hainbat lan egin dituzte azken urteotan. Horrela, herri askotako hitzen doinu eta koloreak aztertzen eta batzen joan dira (Arrasate, Bergara, Antzuola, Eibar...), elkartea eratuz..