Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Luis Otaño Arzelus

Kronika - Erredakzioa 2010ko api. 11a, 02:00

Txirrindulari langilea zinen, Luis.
Langilea, eta denei lagun­tzen saiatzen zena. Pelotoiko bat gehiago. Gaur egunean gregario deitzen dieten horietakoa nintzen ni.

Profesionaletako saltoa Peugeot taldearekin egin zenuen
1959an izan zen, Peugeot etxearekin. Kotxeak, bizikletak eta motoak egiten zituztenekin. Atera ginen Eibar-Gasteiz erlojupekoan, Elgeta, Durango eta Urkiolatik. Ziklis­tek egiten dituzten erlojupekoak, gaur egunekoak kejatzeko modukoak omen dira, baina garai hortakoak 80km ingurukoak ziren... Erlojupeko horretan ni atzera xamar atera nin­tzen, eta nire atzetik atera zen Roger Riviere frantziarrak(Peugeot taldeko liderra) irabazi zuen. Suarezek bigarren egin zuen,eta nik hirugarren. Rivierek ez ninduen harrapatu Gasteizera iritsi arte eta esan zuen `gazte hori nire taldean nahi dut´. Peu­geotekoek niregatik galdetu zuten eta Frantziara era­man ninduten. 1960 eta 1961ean egon nin­tzen ekipo hartan Europa osoko jendearekin. Holanda­rrak, alemaniarrak, belgikarrak eta inglesak zeuden ekipo hartan baina futbolean bezala, urte haietan atzerritar kopurua mugatzea erabaki zuten. Orduan sortu zen Margnat-Paloma taldea, Ba­ha­montes, Campillo eta nirekin. Marsellako taldea zen: Margnat ardoagatik, Paloma bizikletengatik eta Motul olioen publizitatearekin joaten ginen. Bertan geunden estatu espainiarreko hirurei Los Tres Mos­que­teros deitzen ziguten.

Pelotoiko mito askorekin ibili zinen urte horietan: Coppi, Riviere, Anquetil, Poulidour, Van Looy,Stablinski,Gimondi,Merckx... Nolako erlazioa zenuen beraiekin?
Merckx-ekin gutxi koinziditu nuen, nire karrera bukatzen ari nintzenean bakarrik. Ka­rre­ra bakar batzuetan izan zen belgika aldean. Gaur egunean pelotoiko oilarrak nahiko paretsu dabiltza, baina garai hartan gehiago nabarmentzen ziren. Guk garai haietan ez genuen medikorik ere. Ez bitaminarik, ez konplementurik... guk ere EPOa izan bagenu garai haietan hartuko genuen, e... (ironiaz) Orduan bakoitza bere etxera joaten zen, bi plater babarrun hartu, eta aurrera egiten genuen. Horrekin ere baloratu behar dira txirrindulari haundiak. Anquetil eta Poulidour oso onak ziren eta beraien ar­teko lehiak izugarriak ziren. Bi haien anekdota bat kontatuko dizut. Anquetil osasunez oso gaizki zegoelarik Poulidouri esan omen zioten ea ez ote zuen joan behar ospitalera bere arerioari bisita egitera. Azkenean, Jacques Anquetil haundia ikustera joan zen ospitalera. Anquetil azkenetan zegoen eta Pou­lidour, beti Anquetilen itzalean ibili zen txirrindulari frantziarra, bisitan joan zitzaionean zera esan zion: «ni karreretan beti zure aurretik ibili naiz eta orain ere hala izango da heriotzaren orduan». Poulidor gainera pesetero samarra zen. Tourreko etapa batean biok gindoazen Man­za­neque eta Bahamon­tesekin ba­tera, eta Poulidour zen liderra. Dirua eskaini zidan, Anque­tilen kontra laguntzeko. Nik `zenbat?´ galdetu nion, eta hark ez zidan erantzun. Nik , noski, ez nuen tiratu. 20 km-ren faltan harrapatu gintuz­­ten eta Poulidour karreterako zulo batean sartu eta erori zen. Erorikoak sortutako haserrea eta bizikleta aldatzerekin bi minutu eta lidergoa galdu zituen helmugan.

Peña Otañoko sortzaileak nola ezagutu zenituen?
Soldaduskan ibili nintzen beraiekin. Joxe Santana, Lareki eta Patxi Gorospe ziren soldaduskan ezagutu nituenak eta nire omenez jarri zioten izena elkarteari. Hasieran Oarso kalean zuten lokala eta geroago etorri ziren gaur egunekora. Batzuk karreretara etortzen ziren ni animatzera eta asko estima­tzen nuen.

Nola egiten zenituzten zuek karrerak?
Goizeko 05:00ak eta 08:00ak artean esnatzen ginen lasterketaren irteera orduaren eta kilometrajearen arabera. Arroz platera bat hartu eta karreterara. Gutxienez 160 km egiten genituen, eta etapa luzeenak 330 km izatera iritsi zitezkeen. 240-250 km-ko etapak normalak ziren. Nik egin nuen azkeneko tourrean go­goratzen dut 300 km-tik gorako etapa: goizeko 05:00etan atera ginen, eguzkia oraindik atera ez zenean. Enarak hor­txe zebiltzan kantari izugarrizko garraxiekin. Gaur egunekoakin alde ederra zegoen. Gu 12-14 bat ginen taldean: bi mekaniko, bi masajista eta txirrindulariak. Askotan pensioetan egin behar izaten genuen lo. Hara iritsi eta 4. pisua esaten zigun rezepziokoak, bizikleta bizkar gainean hartu eta gora. Ziklismoak hobera egin du azkeneko urteetan, gu esklabuak ginen.

Besteentzako lan eginda ere palmares ona bildu duzu, ez?
Beno, ez da horrenbesterako. Orain bizikletan ibiltzen direnek hobea lortu dute, e!...

Bourg d’Osains-en garaile tourrean

Tourreko etapa nola irabazi zenuen?
Tourrean bazeuden Donos­tiako txirrindularitzako epaile pare bat eta Frantziara karrera ikustera jende asko hurbiltzen zen jadanik urte haietan. Bi epaile horiek esan zidaten: bihar erasoa jo behar duzu! Aurre­ko egunean erlojuopekoa izan genuen eta nik lasai hartu nuen hurrengo egunerako indarrak gorde­tzeko. Nik pentsatua nuen zein maldatan edo zein tokitan erasoa jo, eta indar haundiz atera nintzen. Nirekin pelotoitik atera ziren zenbait ziklistek oihukatzen zidaten mantsoago joateko, baina niri mantso erlojupoekoan toka­tzen zitzaidala erantzun nien. Erasoari eutsi zioten bakarrak Julio Jimenez eta Galera espainiarrak izan ziren eta gurpilean eraman nituen go­raino. Beherakoari indar­tsu ekin nion eta hauek ere kexatu ziren azkarregi jeisten ari nintzelako. Karreterak zulo ugari zeuzkan eta bizikleta dominatzea oso zaila zen. Horren ondorioz, zulo horietako batean sartu ondoren bidetik atera nintzen eta bazterrean zegoen zutabeari hel­du nion ez erortzeko. Zuta­beari helduta, bi buelta eman nituen bizikletatik erori gabe , eta... bidera bueltatzea lortu nuen. Horrelako jaitsiera arriskutsua eginez, Jime­nez eta Galera gurpiletik atera nituen , eta horrela iritsi nintzen Bourg d’Osains-eko helmugara lehenengo postuan.

Espainiako bueltan ere ederki aritzen zinen. 3etapa irabazi, 5 egun maillot horiarekin eta sailkapen orokorrean bigarren egitea lortu zenuen. Gainera etapa horietako bat Donostian irabazi zenuen eta horiz jan- tzi zinen. Ederra izango zen Atotxako belodromoan garaile sartzea eta Vueltako lidergoa eskuratzea, ez?
Bai, esaten zuten, etapa ho­rretan, Perez Francesek (nere taldekideak) Poulidour gurpilean ekarri zuela helmugaraino; eta gero Madrilen Pou­lidou­rrekin galdu nuen Es­pai­niako Vuelta 30 segundorengatik. Etapa hori Iruñeatik atera zen eta Elizondora iristean Go­mez espainiarrak sal­to egin zuen pelotoitik eta bere atzetik Momeñe, Barru­tia, Uriona, Fulgencio San­chez, Beltran, Cazala, Mel­ck­en­­beeck, Desmet eta ni neu atera ginen. Aritxulegin gora egin nuen nire erasoa eta gero beherakoan ere dena eman nuen. Jaisten ari nintzela oiartzuar bati entzun nion «honek ez dik bizia asko estimatzen...». Belodromora bakarrik iritsi nintzen eta belodromo ba­rruan buelta ematea bakarrik falta zitzaidanean, karrerako epailea zen hernaniar batek gaizki seinalizatu zidan belodromorako sarrera. Alderan­tzizko zentzuan eman nuen belodromoko buelta eta nire atzetik zetozen txirrindulariak parez pare aurkitu nituen Atotxako belodromoaren ba­rruan. Agian nik ulertu nion gaizki, baina azkenean etapa irabazi nuen.

Orduko kronistek zioten negar malkoak ikusi zitzaizkizula Madrileko podiumean. Zergatik izan ziren: azpitxapeldun izatea lortzeak eman zizun pozarengatik edo bigarren gelditzearen penarengatik?
Nik kirol legez hartu nuen Vuelta horretako emaitza. Kirol bat da eta besteak irabazi egin zidan. Poulidour ni baino gehiago izan zen eta listo, ez zaizkio buelta gehiago eman behar. Egia al da Italiara bizikletan joan zinela bizikletan Munduko txapelketarako entrenatzeko? Bai, munduko txapelketa Ita-lian egitekoa zen eta entrena­tzaileak esan zigun bizikletan joango ginela Bresciaraino. Bera kotxean joaten zen gure aurretik eta hotelak hartzen zituen guk lo egiteko. Saint Etiennetik atera ginen, ni bertan bizi nintzelako, eta Alpeak pasa ondoren eta gutxi gora behera 700 km bizikleta gainean egin eta gero `Como´-ko Lakura iritsi ginen 3 egunetan. Saint Etiennetik ere batzuetan Errenteriano joaten nintzen. Gauez abiatu eta goizerako etxean izaten nintzen.

Txirrindularitzan aritzen zineneko lagunak mantentzen dituzu?
Bai, asko. Karlos Etxeberria, Anton Barrutia, Velez, San Miguel, Gandarias… eta abar. Gehienak bizkaitarrak dira, baina gipuzkoarrak ere baditut: adibidez, Txomin Perurena edo Iragorri. Fran­tziar eta Belgikar batzuekin ere erlazioa mantentzen dut oraindik. Orain dela gutxi bildu ginen Darrigaderi omenaldia egiteko.

Zer ziren gogorragoak, Frantziako Tourreko mendateak edo Italiako Girokoak?
Tourmalet da nik sekula pasa dudan mendaterik gogorrena. Neretzat bai gutxienez. Ni mendate luzeetan ez nin­tzen ondo moldatzen... indarrez igotzen bainituen. Hemen inguruko mendietan ez nuen beste txirrindulariekiko tarte haundirik gal­tzen, baina tourreko aldapa luze horietan… Gainera, garai horietan ez zeuden gaur bezala asfaltatuta. Karretera erdian mendietako urak jeisteko kanalak egoten ziren eta ur hori oso hotza etortzen zen. Horrekin bustitzen zinenean hankak moztu egiten zi­tuen. Italiako Girokoak ez ditut ezagutzen, ez nuen bertan sekula korritu.

LUIS OTAÑO ARCELUS - Ibilbide profesionaleko lorpen garrantzitsuenak

 

Frantziako Tourra: 10 edizio bukatu, Etapa 1 irabazi du (1966)

Espainiako Vuelta: 3 etapa irabazi ditu(1961, 1964 eta 1966), 5 egunez lidergoan (1964) eta 2. sailkapen orokorrean (1964

Mundiala: sailkapenik onena 13.

Espainiako Txapelketa: Txapelduna 1962an eta 1966an. Erlojupekoan ere txapelduna


Etapa Garaipenak:

-Dauphine Liberen 1960ean eta 1965ean

-Midi Libren 1963an

-Eibarko Bizikletan 1965ean beste askoren artean


«EZ NEKIEN PARIS ROUBAIX-EN HEMERETZIGARREN EGIN NUENIK»

GAUR korrituko den Paris- Roubaix da munduan ezagunenetakoa, egun bateko lasterketen artean. Harbideetan (adokina) txirrindulariak pasatzen ikusteak beste garai bateko txirrindularitza ekartzen dio gogora ikusleari. Ziklistak ere horrela sentitzen dira eta askoren­tzako Paris-Roubaix lasterketak duen epikak bakarrik konpentsatzen du egun horretan pilatzen du­ten su­­fri­mendua. Kirol baten praktikarako baino nekazaritzarako prestatuago dauden harbideetatik barrena edozer gauza aurkitu dezake txirrindulariak: lokatza, ur-putzuak, gurpila zulatzea edo eroriko txarren bat.

1963an, Luis Otaño 19garren
Gaur egunean, hala ere, asko mugatu dira harbidean egiten diren lasterketa tarteak. Luis Otañok ondo gogoratzen ditu Iparraldeko Infernu horretan pasatakoak, nahiz berarentzat gogorrenak Tourrean aurki­tzen zituen mendate amaigabeak izan. Otañok marka ere ezarri zuen euskal txirrindularien artean, lasterketa horretan 1963. urtean 19. postuan amaitzea lortuta. Hegoaldeko txirrindularien artean Pello Ruiz Cabes­ta­nyk bakarrik hobetu zuen. Gai­nera bere garaian lasterketa osoa egiten zen harbidean.
Luis Otañok ez zekien 19. amaitu zuenik urte hartan Iparraldeko Infernua-ren ibilbidea. «Gu taldeko liderraren­tzako lana egitera joaten ginen lasterketa horretara eta bera aurrera joaten zenean, gu lasterketaz ahaztu egiten ginen; tropeltxoaren barruan iristen ginen helmugara ahal genuen moduan. Horregatik ez nin­tzen konturatu 19. egin nuenik». Otañok 19. iritsi zen edizio honetan 200 txirrindulari inguruk hartu zuten parte, eta 78k bukatu, lasterketa.
Iparraldeko infernua ezizena, kazetari batek eman zion, bi mundu gerratan Paris eta Brusela arteko basoetan pasatako gertaera la­tzengatik. Urteak pasa ahala, izen hori mantendu egin du lasterketaren baldintza gogorrengatik. Urtero milaka per­tsona hurbiltzen dira Frantzia iparraldeko harbideetara txirrindularitzaren epika hori hurbiletik dastatu nahian. yy


Egilea: Dani Llopis Irazusta
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!