ERIKA ELIZARI
Autogestioak jarraitzale asko al ditu Euskal Herrian?
Orokorrean, jendea pixkanaka kontzientzia hartzen ari dela uste dut. Batzuek, lehen baserrietan egiten zen moduan, hainbat produktu etxean ekoizten dituzte. Baina azken aldian, sistema kapitalistaren ondorioz edo, balore horiek galtzen joan gara. Orain dena erosten dugu eta dena eginda aurkitzen dugu. Erosteko, dirua edukitzea nahikoa da. Niretzat, ordea, garrantzitsua da ofizio eta balore zahar horiek berreskuratzea. Baina gaur egungo merkatuan preziorik onenak irabazten du eta ez dago horretarako lekurik. Gehiago ordaindu arren, ezagun bati erosteko kontzientziarik ez badago, akabo. Batzuek badute kontzientzia pixka bat, baina jende gehiagok eduki beharko luke.
Beraz, zurea, zaletasunaz gain, bizitza filosofia bat da...
Bai. Niretzako zaletasun bat da. Baina Lakaben egon nintzenean, autogestioaz asko ikasi nuen eta handik etorri nintzenetik, filosofia hori ere badut. Ez naiz autogestioa muturrera eramaten duten horietakoa, baina garbi daukat gauza asko norberak egitea posible dela. Denok ez daukagu ez denborarik, ez gogo nahikorik, ez erraztasunik hori egiteko. Baina jendeak hori posible dela jakitea oso garrantzitsua da eta, behintzat, etxean egindako produktuak erostera animatzen ditut: norbaitek ogia etxean egiten duela jakinez gero, joan eta erosi! Hori egingarria da eta sistema horretan sinisten dut. Izan ere, gauza bat autogestioa egitea da eta bestea bultzatzea.
Zein produktu sortzen dira gehien hemen inguruan?
Batez ere, jendeak ogia, gazta, marmelada eta sagardoa egiten ditu.
Eta zuk zergatik aukeratu zenuen garagardoa?
Lakaben nengoenean gauza asko zeuden egiteko. Nik txerriak eta txahalak gobernatzen nituen bitartean, beste batzuk baratzan, ardiekin... ibiltzen ziren. Herrian gaztandegia eta okindegia zeuden, baina nik zerbait berria behar zela ikusi nuen: garagardotegia. Hala, lagun batzuekin batera lapikoetan egiten hasi ginen. Gustukoa nuela ikusi nuen, aurrera jarraitu nuen, eta gaur arte!
Zaila al da garagardoa egitea?
Garagardoa egitea erraza da. Zaila dena da garagardo ona egitea.
Nola ikasi zenuen zuk?
Katalunian garagardoa egiteko kultura handia dago eta Bartzelonara joan ginen ikasten hasteko. Baina batez ere, nire kontura ikasi dut: liburuak irakurri eta probak eginda eta eginda. Beste edozerrekin bezala, hoberena esperimentatzea da: gaizki ateratzea, jakitea zergatik atera zaizun gaizki...
Eta ikastetik, ikastaroak ematera...
Egia esan, errebote moduko bat izan da. Oraindik asko daukat ikasteko eta, aldi berean, ikastaroak ematen ari naiz. Esperientzia badut, baina oraindik ez dut guztiz ondo egiten. Jendeak goxoa dagoela esaten dit, baina badakit asko hobetu dezakedala. Dena den, jendeari nik dakidana erakusten diot eta gero norberak etxean saiatu behar du. Baina jakin dezala, nik oraindik asko daukadala ikasteko. Gertatzen dena da, hemen inguruan, garagardogile bezala, erreferente bat bihurtu naizela eta jendeak niregana jotzen duela. Besterik ez.
Salmentan hasteko asmorik ba al duzu?
Buruan daukadan gauza bat da; izan ere, garagardoa egitea asko gustatzen zait. Gainera, Lakaben nire buruarentzat lan egin ondoren, ez dut nagusi batentzat lan egiteko gogorik. Ez dut rutina horretara itzuli nahi. Beraz, garagardoa ekoiztea lanbide bilakatzea ondo legoke. Gainera, niretzako balio bikoitza du horrek: bizitzan aurrera egiteko diru nahikoa ateratzea eta autogestioaren filosofian bizi ahal izatea. Baina oraingoz, niretzat eta lagunentzat egiten jarraituko dut. Eta hobetzen dudanean, beste pausu bat ematen saiatuko naiz. Izan ere, gauza bat garagardoa egitea da eta beste bat, alkoholarekin negozio bat aurrera ateratzea. Badirudi legearen aldetik oso zaila dela...
Dastaketa itsu bat eginez gero, jendeak etxean egindakoa zein den jakingo luke?
Latako garagardo txar bat, San Miguel bat, Cronenbourg bat eta etxean egindako bat jarriz gero, jendeak nirea garagardo ona deitzen diogun horietako bat dela esango luke. Hau da, Franciskaner, Paulaner edo Leffe moduko bat. Alderatzekotan, halako batekin lotuko nuke nik. Baina hala ere, niretzat Leffe bat industriala da, eta kolorez eta gorputzez antzekoa izan arren, ez dauka zerikusirik naturalarekin.
Garagardo industriala eta etxekoa, zertan desberdintzen dira?
Etxean egindako garagardoan erabil-tzen ditugun lehengaiak naturalak dira: bai garagarra, bai lupulua, eta bai legamia. Bizirik dauden osagaiak dira. Garagardo industrialek berriz, hasteko, garagarra badute, baina ez da dena garagarra. Esaterako, arroza edo artoa erabiltzen dute, gerora azukrea eta almidoia sortzeko balio dutelako eta batez ere, merkeagoak direlako. Eta gainera, gero pasteurizatu egiten dute. Pasteurizazioa bakteria txarrak hiltzeko egiten dute, baina prozesu horretan, legamia ere hiltzen dute. Eta berez, legamia, alkohola egiteko, botilatzerakoan gasa eta aparra sortzeko... erabiltzen da. Baina legamia hiltzen badute nola egiten dute alkohola? Eta gasa? Artifizialki! Hori da desberdintasun nagusia.
Eta kontserbanteak?
Nereak ez du kontserbanterik, ez egonkortzailerik. Lupulua da kontserbagai moduan jokatzen duen elementu natural bakarra. Nire garagardoa, beste ezer gehitu gabe denbora luzean goxo mantentzen da. Are gehiago, lehenengo 6 hilabeteetan gero eta goxoago jartzen da. Eta urte bat pasatzen denetik aurrera, orduan bai, kaxkartzen hasten da. Baina hala ere ez da txartzen.
Zer da garestiagoa norberak egitea ala erostea?
Eskulana kenduta, merkeagoa da norberak egitea. Azkenean, garagardo on bat erostea garestiagoa baita. Noski, supermerkatuan 30 xentimoko lata bat erostea ere posible da, baina hori ez da benetako garagardoa.
Tabernetakoa hartzen al duzu gero?
Taberna batera joaten naizenean zurito bat eskatu eta edan, edaten dut, baina etxekoa probatu eta gero, kosta egiten da. Gustuko dudan garagardo berezi bat har dezakedala badakit, hori eskatzen dut. Berdin zait gehiago ordaindu behar izatea. Nahiago dut on bat edan, hiru txar baino. Eta baldin badakit nobaitek etxean egindako garagardoa dagoela, dudarik gabe hori hartzen dut.