Noiz egin zen Akelarrea
lehenengo aldiz?
Ailetz: Orain dela 23 urte. Aurten 24garren aldia izango da. Ni hasieratik nago eta Tito eta Mila ere bai. Hasi zenean, 200 pertsona inguruk hartzen zuten parte.
Kepa: Ni beranduago sartu nintzen Ailetzek bultzatuta. Jendea behar zen. Dagoeneko 10 urte daramatzat.
Nola sortu zen?
Ailetz: Tito eta Pelloren burutazio batetik sortu zen. Herriko gazteak elkartzeko eta parte hartzea bultzatzeko zerbait egin behar zela pentsatu zuten eta parranda batean Akelarrea egitea bururatu zitzaien. Carmonak sorgin dantza erakutsi zien eta ideia landu zuten. Jaien barnean, zerbait alternatiboa zen. Herritarren artean harrera ona izan zuen eta ordutik, herriko zerbait bezala hartu izan da.
Aurten iaz baino jende
gehiagok hartuko du parte.
Ailetz: Bai, aurten 150 pertsona inguru izango gara. Pixkanaka ari gara indarra berreskuratzen. Ez dut gogoratzen zehazki ze urtetan izan zen, baina urte batean izugarrizko arrakasta izan genuen. Ordura arte izan genuen handiena. Eta hurrengo urtean berriz, bajoia. Sabotajea egin ziguten, kanpoan jarri genituen kartelak kendu zizkiguten...
Garai zailak?
Ailetz: Aurreko alkatearen aldetik ere oztopoak izan genituen. Akelarrea aldarrikapen politiko jakin batekin lotzen dugunez, subentziorik ez ematea erabaki zuten. Ondorioz, kanpora begira hasi ginen lanean. Urte batean, Jai Batzordeak bultzatutako programa alternatiboaren barnean atera ginen. Bertan subentziorik gabe geratu ginen taldeek hartu genuen parte.
Kanpora begira nola?
Ailetz: Ekitaldi kulturalen eskaintzak egiteko katalogo moduko batean apuntatu
ginen eta herri ezberdinetatik deitzen hasi zitzaizkigun. Ikaro enpresarekin ere lanean hasi ginen eta jantziak-eta egiten lagundu zigun. Euskal Herri osoan aritu izan gara. Bartzelonara joateko ere eskatu ziguten, baina San Joanetan zen eta ez ginen joan. Dena dela, beste katalan batzuek ere erakutsi izan dute interesa. Eurek ere Akelarrea prestatzeko ideiak hartu izan dituzte gugandik.
Gaur egun, nola ikusten duzue Akelarrea?
Kepa: Nik oso ondo ikusten dut. Gero eta jende gehiagok hartzen du parte eta jendeari gustatzen zaio. Horrek jarraitzeko gogoa ematen du. Gainera, erreleboa badago, baina landu egin behar da. Eta azpimarratu nahiko nuke Gazte Asanbladaren lana. Tailerrak antolatu dituzte jantziak, sorgin-txanoak, adarrak egiteko... Mugitzen ari dira.
Ailetz: Jendea apuntatzea belaunaldiaren araberakoa da. Izan ere, hemen koadrilaka funtzionatzen dugu. Koadrilako baten bat animatzen bada, ia denak animatzen dira.
Kepa: Orain, gutxienez, badago jendea paperak banatzeko. Urte batean adarra, apaiza eta akerrarena egitea tokatu zitzaidan.
Aurtengo Akelarrean berritasunik izango al da?
Kepa: Urtero saiatzen gara zerbait berria sartzen eta aurten euskal dantzan oinarritutako koreografia berri bat sartuko dugu antzerkiaren barruan. Iaz, esaterako, herensugea egin genuen.
Kuriosidadez, zer sentitzen da Akerren barnean?
Ailetz: Beroa. Hor barruan arnasa hartzea kosta egiten da eta izugarri izerditzen da. Kolpera 8 kilo jaitsiko bazenitu bezala bukatzen duzu. Izan ere, jantzia zero azpitik 30 gradutan ibiltzeko prestatua dago eta militar parakaidista baten buzoarekin dago egina. Gainera, gomaespumaz eta artilez estalita dago.
Laster Akelarreak 25 urte
beteko ditu.
Kepa: 25garren urteurrena ospatzeko asmoa dugu eta ari gara zerbait berezia prestatzen. Sorpresa emango dugu.