Aurtengoa, denboraldi bikaina
izan da, ezta?
Dudarik gabe! Gainera, kontuan hartu behar da etxeko jendearekin jokatzen dugula guk. Beste ekipoek kanpoko jokalariak fitxatzen dituzte, profesionalak, eta guk harrobi sendoa izatea bultzatu izan dugu beti.
Hala ere, desilusio pixka bat ere izan dugu, azkenerako. Gehiago lor genezakeela pentsatzen hasiak ginen, jada. Hala ere, oso lan ona egin dute jokalariek, eta pozik gaude. Eta ez senior mailakoekin bakarrik! Jubenilek eta kadeteek Espainiako Txapelketako lehenengo fasea jokatu zuten. Bestalde, errugbi eskolak ere oso martxa ona darama.
Zer izan da denboraldi
honetan gogorrena?
Zailtasun dezente izan dugu. Alde batetik, betiko arazoak hor jarraitzen du: Urumea ibaia. Aurten, hirutan egin du gainezka eta horrek beti kalteak eragiten dizkigu, maila guztietan. Zelairik gabe geratzen gara, bai jokatzeko eta baita entrenatzeko ere. Entrenamendu fisikoa egiten jarraitzen dugu, baina teknikoa mugatuta geratzen zaigu. Gainera, Hernanin ez dago errugbirako beste zelai egokirik, eta beraz, kanpora joan behar izaten dugu entrenatzera. Bestalde, partiduetan ere eragina izaten du. Izan ere, egutegia moldatu behar izaten da horrelakoetan, eta ezin izaten dugu etxean jokatu.
Argindarrarena ere kontu garrantzitsua da, ez dugu argiztapen egokirik. Patronatuarekin negoziaketan ari gara eta ea laster konpontzen dugun. Izan ere, horrek ere asko mugatzen gaitu. Ezin izaten dugu beti behar bezala entrenatu, eta partidu batzuk ere ezin izaten dira jokatu, argiztapen kaskarra dela eta.
Gainontzean, denboraldi ona izan da. Ez dugu aparteko lesiorik eta horrelakorik izan. Jendeak ahal duen guztia jarri du, eta neurri bat edo muga bat badugu ere, maila ona erakutsi dugu.
Urteko onena berriz, zer izan da?
Batez ere, jendea, afizioa. Jarraitzaileak Landarera jaitsi eta partiduetan animatzea oso pozgarria da. Harmailak lepo betetzen dira sarri. Kanpoko zelaietan ez da horrenbeste jende egoten. Guri aurrera jarraitzeko gogoa eta kemena ematen digute.
Horrez gain, hernaniarrek oso detaile politak izan dituzte gurekin eta babes izugarria erakutsi digute. Errugbi taldea Puerto Santa Mariara joateko hernaniarrek eskainitako laguntza ezinbestekoa izan zen. Ekonomikoki 13.000 euroko aurrekontua behar genuen, eta jendearen erantzuna izugarria izan zen. Egun bakarrean zozketarako txartel piloa saldu genuen!
Guztien ahalegina handia
izan zen, hortaz. Baina Atletico Portuensek lortu zuen
garaipena. Hala ere,
San Joanetan omenaldia jasotzea ez da sari makala, ezta?
Inola ere ez! Azken batean, Jai Batzordea herritarrek osatzen dute, eta herriko jende xumeari ematen zaizkio sariak. Beraz, hernaniar guztien errekonozimendu bezala hartzen dugu. Egindako lanari herriak emandako saria da, azken finean, eta benetan eskertzekoa da.
Beraz, errugbia herrian txertatua dagoela esan ahal daiteke? Osasun ona al du?
Gero eta egoera hobean dago errugbia orokorrean. Hernanin bertan, osasun ezin hobea du. Lehen ez zegoen haurrentzako eskola eta orain bai. Gainera, maila guztiak osatuta dauzkagu, haur eta helduetan. Ez dago jende asko soberan, baina taldeak osatzeko adina bai. Gu gara, Bera-Bera eta Athletico SS-ekin batera, maila guztiak osatuta dituen talde bakarrenetakoa.
Bestalde, etorkizuna bermatua dugula uste dut. Harrobia sendoa da eta amateurrak bagara ere, maila ona erakutsi dugu. Jarraitzaileak ere ez dira gutxi, eta babes handia eskaintzen digute. Jende berria ere etortzen da, ikastera eta jokatzera. Aurten bi etorri dira. Udan zehar entrenatzen jarraitzen dugu, eta nahi duenak badu etorri eta ikasteko aukera!.