Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] RUTH MARTIN, Preludioko zuzendari artistikoa

Kronika - Erredakzioa 2009ko eka. 13a, 02:00

Ruth Martin hernaniarra Preludioaren zuzendari artistikoa da. Hitz potoloa da inondik inora, baina inork gutxik daki zer esan nahi duen. Berari galdetu dio Kronikak. Zuzendari artistikoa zara. Zein da zehazki zure lana? Nik ulertzen dudan bezala, zuzendari artstikoak ahal duen neurrian, abestiak jan­tzi egin behar ditu eta Prelu­dioari lotura edo hari bat eman behar dio. Abesti bakoi­tza jantzi egin behar du alderdi artistikotik, alegia, argiak, irudia eta abar jarri. Aurkez­learen gidoia ere egin behar du.

Nola iristen da pertsona bat horrelako ardura hartzera?
Ni lehen txistularia nintzen eta jo izan dut Preludioan, beraz, barrutik ezagutzen nuen. Bestetik, antzerki tailerra ematen nuen eta ematen dut, eta hartan ari nintzela, lan hori proposatu zidaten. Lan haundia al da Preludioa antolatzea? Preludioa antolatzea lan haundia da, ez garelako profesionalak. Musikariek, dan­tzariek, nik neronek... gehienok, beste lan bat dugu, eta lan horrez gain, Preludioa prestatzen dugu. Aurtengo Preludioak ba al du berezitasunik? Baten bat aipatzekotan, esango nuke aurten pieza asko dantza doinuak direla; den-denak ez dira dantzatuko baina dantzari asko izango da.

Zein da Preludioa antolatzeko prozesua?
Bilerak urrian hasten dira; Eguberri ondorenerako piezak erabakiak izaten dira; ordutik aurrera martxan dago prozesua. Gero dena lotu behar da, dantzariekin eta. Abestiak aukeratzeko be­rriz, normalean talde bakoi­­­­- t­zak abesti batzuk proposa-tzen ditu, hiruzpalau, bakarka edo taldean jotzeko, edo dantzariekin egiteko... Gero aztertzen dugu gehiegi edo gutxiegi den, orden logikoa ematen saiatzen gara...

Urte asko daramazkizu?
Bospasei urte gutxi gorabehera. Nik antolatu nuen lehenengo urtean, bertan behera geratu zen eguraldiarengatik. Hura disgustoa!

Eguraldiaren arabera plazan edo Atsegindegin egin erabaki behar da.
Bai, halaxe da. Eta bi egun lehenago erabaki behar izaten dugu, parte metereologikoa begiratuta; dena antolatzea ez baita lan makala. Plaza bezalako lekurik ez dago Prelu­dioa egiteko, baina euria egiten badu, akabo dena.

Eguna ere aipatzekoa da. Bada Preludioa astebete barru egingo lukeenik.
Bai, kuestioa da, datorren astean egingo bagenu, azpiegitura guztia kendu eta herri osoan festetakoa jartzeko bi egun besterik ez liratekeela izango eta langileak oso juxtu ibiliko lirateke.

Zer sentitzen duzu Preludio egunean?
Alde batetik atsedena, hain­beste denbora eskainitako lana bukatuta ikusita. Beste­tik, kristoren emozioa, hor gerta­tzen delako dena, hilabetako lana hor dago, ez dago atzera bueltarik, ezin da errepikatu. Hori da momentua.

Jendearen sentsazioak ere jasoko dituzu.
Denetarik dago; badaude konparazioak egiten ibiltzen direnak, aurreko urtekoa hobea izan zela eta abar esanez; beste batzuk oso gustora geratzen dira; etxekoek berriz, deskantsua eta poza hartzen dute...

Egun gogorra izango da Prelu­dioaren bueltan zabiltzatenentzat..
Ez dakit, niri iruditzen zaidan edo, baina esango nuke Preludio egunean goiz goizetik nabaritzen dela giroan, goizean Preludio Txikia dago... Gauean ere jendea oso goiz hurbiltzen da lekua har­tzera... Preludio eguna da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!