Ane Lujanbio
HERNANI ordezkatuz ibili zen Daniel Karrera Luistarren Pelota Torneoan, eta gehien parte hartu zuen
pelotaria izan zen, baita titulu gehien
irabazi zituena ere.
Luistarren Torneoetan asko
ibilia zara zu, Daniel.
Bai, gehienetan. Bat ez beste, denak jokatu nituen. 1946an hasi ginen, Joxe Lujanbio Exkerra-rekin. Aurreneko partidua jokatu genuen, eta irabaztea tokatu zitzaigun. Orduan eliminatoria zen. Ni soldaduskan nengoen, orduantxe joan berria soldaduskara, eta permisoa apaizak lortu zidan, Jose Maria Maidaganek; astebeteko permisoa. Hurrengo partidua ere jokatu behar genuen, eta astebeteko permisoa berriz ere lortu zidan. Eta partidu honetan galtzea tokatu zitzaigun. Aurreneko Torneoa hala joan zen. Bigarrengoan ere ez ginen aurrera atera. Orduan ez nuen Lujanbiorekin jokatu, beste batekin jokatu nuen. Orduan ere kanpoan gelditu ginen. Hirugarrengoan, 1948an, orduan bai, txapeldun atera ginen, Goizuetako Salaberriarekin. 1949an ere, txapeldun atera ginen, bi urtez segidan. Gero, gaixoaldi bat izandu nuen, eta gelditu behar izan nintzen. Urte eta erdi edo bi urte egondu nintzen jokatu gabe. Gero berriz hasi nintzen, eta 1953an bigarrenak atera ginen. 1954an berriz ere txapeldun gelditu ginen. Eta beste txapelketa bat atera genuen, urte bete beranduago, 1955. urtean. Denera, lau titulu, eta bestean bigarrenak gelditu ginen.
Nongo pelotariek
jokatzen zenuten?
Herri guztietako jendea izaten zen. Hasi hemen Irunetik eta dena, Gipuzkoa guztikoak. Kosta aldekoak eta toki guztietakoak. Hau zen orduko Torneo famatuena. Gainontzean, ez zen torneorik izaten, Hernanin hasi zen kategoria haundiko torneotako bat. Hemen pelotari haundiak izan dira, gero profesionaletara joan zirenak: Atano X.a, Retegi I.goa, eta abar. Horiek hona etorri eta gero profesionaletara pasatu ziren.
Tilosetako frontoian ordu
asko pasa dituzu.
Orduan frontoia bakarra zegoen. Eta neguan beti bustia, eta ez zegoen jokatzerik, eta ez genuen jokatu ere egiten. Gero, beste frontoi polit bat bazegoen, beste horren ondoan, Txirri esaten zitzaiona. Oso polita zen. Han asko ibiltzen nintzen ni. Ez zen komeni han ibiltzea, gero beste frontoierako kalte izaten baitzen, zeren pelotak txikiagoak eta arinagoak izaten baitziren Txirrian. Eta gero pisuzko beste pelotekin gaizki ibiltzen baitzinen. Behin Txirri hartan final bat jokatu genuen. Partidua errez irabazteko partidua genuen, eta zer pasako eta galdu. Hurrengoan nire buruari esan nion ez nintzela gehiago han sartuko. Bi frontoietan egiten zen Txapelketa eta bietan ateratzen nintzen, baina ordutik, Ezkerparetan bakarrik atera nintzen. Eta gero Txirria desagertu egin zen. Frontoia luzatu egin behar zutenez, Txirri kendu zuten. Puska kendu zien hari eta kito, hura desagertu egin zen. Oraindik han dago, oraindik ere ederki ikusten da. Txirri hori oso polita zen. Makina bat aztarrika egina nago ni han.
Zer zen soltero izan beharraren kontu hori?
Orduan, Luistarretan solteroa izan behar zen, ezkondurik ez zuen behar.
Hau zen inguruko txapelketa
bakarretakoa.
Pixkanaka pixkanaka beste torneoak hasi ziren beste tokitan eta pixka bat ireki egin zen. Gure garaian hau bakarra zen. ´Campeonato de Gipuzkoa` bezalako bat izaten zen gero. Donostian egiten zuten hori. Hartan, aurreneko partidua jokatu eta etxera bidaltzen zizuten, eta gero urte guztia zuriz jantzi gabe pasatzen zenuen. Eta horregatik, frontoira ateratzean dardarka egoten ginen, urduri. Gero pixkanaka irekitzen hasi ginen: Donostiara,… Donostian ere urte batean txapeldun atera ginen, Grosen, Parte Zaharrean ere bai, Antiguon ere bi bider atera nintzen eta Tolosan, berriz, hiru bider; eta baita Nafarroako Olaztin, eta Loiolan ere.
Garai politak bizitu zenituen.
Horrelaxe ibiltzen ginen. Gure entretenimendua huraxe zen. Orduan ez zen dirurik irabazten. Gu afizionatuetan ibiltzen ginen. Ez ziguten sosik pagatzen. Bidaia pagatzen baziguten, nahikoa. Gustura ibiltzen ginen. Udara etortzen zenean, beti herrietako festetarako deitzen ziguten… orduan gainera ,sos batzuk ematen zituzten. Gustura ibili bai; gure denbora pasa hori izaten zen.
Txapelketa hartan eskuzko modalitatea bakarrik zegoen?
Bai, eskuzkoa, besterik ez zegoen hemen. Eta parejetakoa izaten zen.
Nolakoak ziren orduko sariak?
Kopatxo batzuk izaten ziren. Besterik ez.
Luistarren Pelota Torneoko finala nolakoa izaten zen?
San Luis egunean, ekainaren 21ean izaten zen. Orduan festa haundia antolatzen zen. Egun osokoa zen festa, goizetik hasita. Aurrena Jaunartzea izaten zen, Luistarren eguna zelako. Goizeko zazpietan konfesatu eta Jauna hartzen zen. Frontoian beti pelota partiduak izaten ziren eta soinujoleak ere han ibiltzen ziren. Festa haundia zen. San Joanetan bezain festa ona egiten zen Luistarretan.