Olatz Altuna (Hernani, 1984) eta Mañel Aizpurua (Hernani, 1988) askotan azaldu dira Kronikan. Baina aurten egiten ari diren denboraldiak aipamena baino gehiago merezi du. Gipuzkoako eta Euskadiko errekorrak lortzeaz gain, udako Espainiako txapelketetan ere aurrean ibiltzeko aukerak dituzte. Guk beraien kirol bizitzaz
gehixeago jakin nahi
izan dugu.
Ekhi Zubiria Etxeberria
Hernaniko igeriketa taldean hasi eta Euskadi eta Espainia mailan lehiatzen ari zarete orain. Zein izan da egindako ibilbidea?
Olatz: Ni 12 urterekin hasi nintzen. Kirol ezberdin pila batean aritzen nintzen eta horietako bat igeriketa zen. Egun batean, pistinako monitore batek proposatu zidan Hernaniko igeriketa taldean sartzea eta hala hasi nintzen. Hernanin urte batzuk egin eta gero, duela lauzpabost denboraldi, Donostiako Fortuna taldera pasa nintzen.
Mañel: Ni lehenago hasi nintzen. Sei urterekin egin nuen lehenengo igeriketa ikastaroa eta zortzirekin Hernaniko taldean sartu nintzen. Hemen 18 urterarte aritu eta Fortunara salto egin nuen.
Fortuna klubarekin zabiltzate baina Bardulia taldearekin lehiatzen
duzue Euskadi eta Espainia mailan. Zergatik?
Dena duela urte batzuk izandako lizentzia kontu batengatik da. Bardulia Gipuzkoa mailako ekipo antzeko bat da. Adibidez, Espainiako txapelketetara orain arte Gipuzkoako igerilariak bakoitza bere aldetik joan dira; Ordiziatik bat, Fortunatik bi, Azpeitiatik beste bat eta abar. Orduan, Bardulia sortu zen igerilari horiek denak talde moduan parte hartzeko. Honen bitartez, lortzen da igerilaria bakarka ez joatea edo taldekako erreleboetan parte hartzea, eta guretzako motibazio berezi bat da.
Zergatik da hain zaila edade batetik aurrera Hernanin igeriketan jarraitzea?
O: Maila altuan lehiatu nahi baduzu, adin batetik aurrera, horretarako prestatutako klub batera joatea da onena. Fortunan gure adineko jendea aritzen da, gure maila antzekoan igeri dabilena, gure prestaketa berdina egiten duena, helburuak konpartitzen dituguna. Espezifikoki zuretzat prestatutako entrenamenduak dituzu. Entrenatzailea, prestatzailea, dietista eta abar dauzkazu eskura egunero eta horrek asko laguntzen dizu emaitza hobeak lortzen.
Ez dut esan nahi Hernani klub txarra dela eta ez genuela entrenatzen. Baina bai, agian, filosofia ezberdina duela.
M: Hernanin ordutegi aldetik oso zaila zen moldatzea. Pistina arratsaldeko 20:00etatik 22:00etara geneukan. Orain egun osoan daukagu, beraz, flexibilitate haundia eskaintzen dizu.
Hernaniko klubean dabiltzanetatik zein azpimarratuko zenukete?
Maila altuko gazteak daude. Bat komentatzekotan Maitane Danborenea esango genuke, Espainiako txapelketetan aritzen delako, baina gehiago ere badaude.
Zuen entrenatzailea Jon Murua da. Nola definituko zenukete?
O: Gogorra. Igeriketarako bizi da, beti pistinan egoten da. Ordu pila bat pasatzen ditu entrenatzen eta beti saiatzen da gauza berriak probatzen.
M: Entrenatzaile bezala onena da. Txikitatik Hernanin berarekin ibili gara. Duela urte batzuk Fortunako igerilariak entrenatzen hasi zen, eta geroxeago gu ere hara joan ginen. Oso ondo ezagutzen dugu elkar.
Igeriketa kirol gogorra omen da. Deskribatu zuen entrenamendu aste normal bat.
O: Astean sei egunetan entrenatzen dugu, igandea jai hartuz. Ni egunean hiru orduz aritzen naiz. Eta eskerrak ´belozista` naizela, hau da, gehienbat 50 metroko probetan eta batzuetan 100 metrokoetan parte hartzen dudala. Mañelekin konparatuz denbora gutxiago entrenatzen dut, distantzia motzagoetan parte hartzen dudalako. Entrenamendu esplosiboagoak egiten ditut; gimnasio asko eta ariketa motzak.
M: Nik egunean lau edo bost ordu entrenatzen dut 100, 200 eta batzuetan 400 metroko probetan aritzen naizelako. Horretaz aparte, klasera edo lanera joan behar bada, ez da erraza denerako denbora edukitzea.
Sakrifizio haundia eskatzen dizue, baina urtetik urtera hor segitzen duzue…
Oso garbi eduki behar duzu zer nahi duzun eta asko gustatu behar zaizu, zeren azken batean, beste mila gauza uzten dituzu alde batera igeriketagatik. Momentu txarrak egoten dira eta askotan pasatzen zaizu burutik dena uztea, baina badago zer edo zer jarraitzera bultzatzen gaituena.
Azkenaldian, komunikabideetan ikusi ahal izan dugu igeriketako proba ezberdinetan errekor berri pila bat ezartzen ari direla. Zuek ere markak dezente hobetu dituzue azken txapelketetan, errekor ezberdinak lortuz. Zeren eraginez gertatzen ari da hau guztia?
Egia da, orain arte markak hobetzen joan garela pixkanaka-pixkanaka eta orain, bat-batean, asko hobetu dugula. 50 metrotako proba batean segundo erdi bat hobetzea kristona da. Asko eta ondo entrenatzearen eragina da alde batetik, eta bestetik, izan daiteke traje berriagatik ere. Traje berria dagoenetik markak asko hobetu dira. Trajeak ez du milagrorik egiten, baina igerilari batzuei asko laguntzen diela argi dago. (Ikusi koadroa).
Bukatzeko, udara badator eta txapelketak hasi dira. Zein dira zuen helburuak?
O: Laster, San Joanetan, Gipuzkoako txapelketa daukagu. Gero, Euskadikoa eta uztailaren bukaera aldean Kanariar Uharteetan daukagu Espainiako txapelketa. Helburu nagusia marka hobetzea izango da, eta lehen esan bezela, horren bidez postu on bat lortzea.
M: Aurten oso denboraldi ona daramagu eta aurrean egoteko aukerak ikusten ditugu, aurreko urteetan baino gehiago seguruena. Nire markak, adibidez, ez daude aurreneko hiruetatik oso urruti, eta nahikoa da nik oso karrera ona egitea eta aurreko batek zorte txarra edukitzea postu on bat eskuratzeko. Horretan saiatuko gara.
Jacket modelo italiarra
Gaur egun polemika handi samarra dago igeriketako bainujantzien inguruan. 2008. urtean 109 munduko marka hautsi ziren. Historia guztian zehar urte betean egindako errekor kopururik handiena izan zen, eta horietako asko Jacket bainujantzi italiar berriekin egin ziren.
Dirudienez, etxe italiar honek ordurarte triatloietarako eta itsasoko igeriketa probetarako bainujantziak egiten zituen (hauek neoprenozkoak izaten dira eta material hau pistinetan debekatuta dago). Eta duela gutxi igerilekurako bainujantziak merkaturatzen hasi zen.
Kontua da, orain arteko errekorrak egiteko erabili ziren bainujantzi etxeek (Speedo edo Arena, pare bat aipatzearren) ez dutela oso ondo ikusi gertaera hau. Batez ere, beraien trajeen errekorrak hautsi dituelako, eta beraz, igerilarien artean zuten monopolioa galtzeko beldurra dutelako. Hauek Jacket-ek bainujantziek bete beharreko baldintzak ez dituela betetzen salatzen dute.
Baldintza hauetariko batzuk dira: flotabilitate efektua 100g-tik beherakoa izatea, trajeak milimetro bat baino lodiera txikiagoa izatea, gehienez txorkatila eta sorbaldetarainokoa izatea eta abar.
Aste honetan bertan jakin da Nazioarteko Igeriketa Federazioak Jacket 01 modeloa eta Arenaren X-Glide-a, besteak beste, ez dituela homologatu gehiegizko flotabilitateagatik (modelo hauekin bi errekor berri markatu ziren). Hala ere, beste Jacket modelo batzuk baldintzak betetzen dituztela dirudi, homologatu egin baitituzte. Gaur egun igerilari askok (baita Euskadi mailan ere) Jacket modeloekin lehiatzen dute.
Beste salaketa bat egiten zaio Jacket etxeari: bere trajeak ez direla denentzat eskuragarriak, hau da, garestiegiak direla. Eta bere prezioek hala diote. Traje bakoitzak 400 euroko kostua du gutxi gora behera. Eta hori gutxi balitz, 9-10 aldiz erabili eta gero, puskatu egiten da normalean, oso material berezia baita.
Errekor berrien eragileetako bat Jacket-a al da? Izan ala ez, igerilari guztiak traje berarekin lehiatzean ikusiko da zein den azkarrena.