Nola baloratzen dituzu hauteskundeetako emaitzak?
Euskal Herrian ireki den aro berria blokeatu nahi zutenek jaso dute ezezko erantzun bat; Euskal herritarrek esan dute aro berri honi bultzada eman behar zaiola.
Hernaniri dagokionean, Euskal Herrian izan den olatu hori ez da intentsitate horrekin iritsi. Dena dela, garrantzitsuena da aro berri horrek eta gauzak elkarrekin egite horrek… hau da Bilduk suposatzen duen horrek, gehiengo absolutua lortu duela.
Ekainaren 11tik aurrera utziko diozu Alkate izateari. Orokorrean zein sentsaziorekin zoazte? Nola baloratuko zenuke Gobernu Taldearen lana?
Esperientziaren motxila kargatu dugu. Ikaragarri ikasi dugu. Erakutsi digu kanpoko bakardadean idealizatzen duzun hori, praktikan ez dela hain ideala. Ze zaila den denen gustoa egitea.
Talde bezala, talde lanean asko ikasi dugu eta ni, pertsonalki, taldearekin oso gustora nago. Kalean kontrakoa pentsatzen bada ere, Alkatea ez da besteak baino gehiago izan; taldea egon da erabakien atzean.
Egindakoarekin damurik ez daukagu. Badakigu gauza batzuk gaizki egin ditugula, eta konsziente gara ez dela Hernanirentzako beste herrientzako izan den legegintzaldi berdina izan. Horrez gain, jazarpen ikaragarria izan dugu; momentu askotan ez dugu jakin agintaldia bukatuko genuen ala ez, nire epaiketak tarteko… horrek asko baldintzatu du. Momentu batzuetan presa eta antsietatearekin jokatu dugu. Akaso gauza batzuk ez ditugu behar adina kontrastatuta egin eta behar adinako parte hartzearekin. Ikasi egin behar dugu hortik.
Esan duzu hobetu zitekeela zenbait gauza. Zer?
Inoiz ez dira egoerak baldintza berberetan ematen. Hala ere, ez bagenu izan lehen aipatutako estutasun hori, gauza batzuk patxada gehiagorekin egingo genituen eta herritarrekin hitz egiteko tarte gehiago hartuko genuen; bereziki, azken hilabete hauetan. Zerbaitek failatu badigu, askotan komunikazioa izan da. Hor hutsune batzuk egin ditugu eta hutsune horietatik ikasi egin behar da. Gehiago begiratu dugu egin beharrekoan, eta ez egiten ari ginen horren trasladoan; nahiz eta gehiago ahalegindu garen momentu batzuetan. Adibide garbiena: Atez Atekoa.
Eta zerekin geratzen zara?
Gure eraldatzeko grinarekin. Guk garbi geneukan Udalera sartzen ginenean ez gentozela besterik gabe Udal makineria haundi honek daukan eguneroko hori bizirik mantentzera soilik. Gauza gehiago eta gauza berriak egin nahi genituen. Gizartean nagusitzen ari diren baloreetatik aldenduta, beste balore batzuetan oinarritutako Hernani izateko, hazi bat jarri nahi genuen. Nik uste dut Atez Atekoarekin eta beste gauza batzuekin hori lortu dela eta akatsak akats, hazi hori jarri dela. Saiatu gara gauzak aldatzen, hori lantzen eta horretan ausartak izan gara. Akaso ez da beti behar adina ulertu, baina horren atzean daude nahi dugun gizartearen baloreak; nire ustez jarraitu beharrekoak. Esaterako: parte hartzea, atez atekoa, Galarretako proiektua, trafiko aldaketa (oinezkoek erdigunean lehentasuna izan dezaten egin dena)…
Luis Intxausperi, zure ondorengoari, zer gomendio emango zenioke?
Nik esango nioke saiatzeko aipatu ditudan akats horietatik ikasten eta pazientziaz eta lasai hartzeko. Oso inportantea da, baita ere, norberak gauzak garbi ikustea, bere buruarekin zintzoa izatea eta besteei entzutea. Eta oreka bilatu behar da denei gusto ezin egin horretan. Populismoa oso arriskutsua da eta noski, norbere zilborrari begira lan egitea ere bai.
Horrez gain, esango nioke, konfiantza jartzeko etxe barruan dauden teknikari eta langileengan. Langile fin asko dago lanerako gogoz. Gu pasokoak gara hemen, baina beraiek dira bai gaietan adituak, bai Udal jarduerari segida ematen diotenak. Asko lagunduko diote.
Etorkizunean politikagintzan ikusiko al zaitugu? Edo non ikusiko zaitugu?
Ez dakit argi. Ni kazetaria naiz eta printzipioz irratira itzuliko naiz, baina kazetaritza eta politikagintza uztartzea oso zaila izaten da. Espero dut herri honek nahikoa pauso ematea, edozeinek bere ideiak edozein tokitan, askatasun osoz eta berdintasunez eman ahal izateko. Eta ezker abertzaleko izateak ez dezala izan marka berezi hori.
Eta politikan ere, seguruena, neurri batean edo bestean ibiliko naiz. Egia esan, oraindik ez dut guztiz pentsatu. Hilaren 11ra arte Alkate naiz, eta ez dut burua beste zerbaitetan jarri nahi ordura arte.
Besterik azpimarratu nahi?
Eskertu nahi diot herriari lau urte hauetan eskaini didan guztia. Asko ikasi dut jende askorengandik. Ikusi dut lehen kaletik neukan irudi hori erreala dela, herri bizia dela eta konprometitua. Herri honetan bizitzea ohore bat bazen lehen, orain ere berdin pentsatzen jarraitzen dut.