Zer da txalaparta zuentzat? Nola definituko zenukete?
Txalaparta, beste edozein instrumentu bezala da zerbait adierazteko modua edo bidea, baina badu berezitasun bat. Berezia da beste batekin jotzen duzulako, eta ateratzen dena biek sortua delako. Bat jotzen hasten denean, besteak adi egon behar du, eta berea jo; ttakuna eta herrenaren konbinazioa da txalapartaren klabea, hor sortzen da musika. Txalapartan, beste edozein instrumentutan bezala, badaude arauak. Hala ere, emanaldi bakoitza ezberdina da, nahiz eta ondokoa pertsona bera izan. Hau da txalapartaren beste berezitasun bat, ez daude bi joaldi berdin, bi emanaldi berdin.
Beraz, txalapartarien artean, batera ari direnean, konplizitatea ezinbesteko bihurtzen da. Hala ere, larunbatean badago txalaparta saio librea. Ondoan zurekin batera ari dena ezagutzen ez duzunean, nola lortzen da konplizitate hori? Erraza al da?
Printzipioz badaude aldez aurretik guztiok dakizkigun erritmo batzuk, jotzeko ohizko era batzuk, baina hala ere esan dezakegu txalapartan inprobisazioa dela nagusi. Ez du zerikusirik izaten ondoan duzuna ezagutzeak edo ez ezagutzeak. Lehen aipatu bezala, txalapartatik sortzen dena beti da ezberdina, batzuetan gehiago sortu daiteke, beste batzuetan gutxiago, baina behin sortzen dena ez da berriz sortuko. Ezagutzearen eta ez ezagutzearen alderik nabariena izan daiteke, ondoko jolea ezagutzea noizbehinka lagungarri izan daitekeela; noraino menderatzen duen jakin dezakezulako. Baina justu zer egingo duen ez dakizu inoiz. Erritmoak ondo jarraitzen badituzu bien arteko konbinazioa oso ona izan daiteke, baina galtzen bazara... momentuaren arabera izaten da. Hala ere, ondokoa ez ezagutzeak badu bere xarma.
Txalaparta entzutean eta jotzean berdin gozatzen al duzue?
Sentsazioa oso ezberdina da. Jotzen ari zarenean zurea sortzen ari zara, ttakunarena edo herrenarena egiten; kontzentratuta zaude. Kanpotik ikusten edo entzuten ari zarenean berriz konposizio edo konbinazio osoa entzuten duzu. Nahasketa bere osotasunean entzuten duzu.
Askotan txalaparta beste instrumentu askoren lagungarri bezala ezagutu izan da, eta Txalaparta egunean zuek emandako kontzertuetan ere hala egin izan duzue. Aurten berriz, txalaparta hutsean izango da. Zergatik?
Erabakia batez ere aldatzeko hartu dugu. Orain bi urte eta joan den urtean beste instrumentu batzuekin nahastuta eman genuen emanaldia. Aurten ordea protagonismo guztia txalaparta berari eman nahi diogu. Hala ere, gaurko emanaldian, erritmo tradizionalez gain beste erritmo batzuk ere joko ditugu.
Txalaparta oso gurea sentitzen dugun instrumentua da. Hala ere, Madrilen esaterako bada Txalaparta ikasteko aukera, eta gainera aurreneko irakaslea zu izan zien, Aitor. Pixkanaka Euskal Herritik kanpora ere zabaltzen ari den instrumentua da ezta?
Bai, eta gainera harro egoteko modukoa da, oso ondo dago. Ni Madriletik itzuli nintzenean, bertan nire ikasle izan zen bat utzi nuen taldeko arduradun, eta taldeak arrakasta haudnia izan du madrilgo jendearengan. Madrilez gain gainera, Katalunian, Balentzian eta abar jotzen ikasteko aukera badagoela badakit. Askotan perkusionistak izaten dira klaseetara apuntatzen direnak. Baina dudarik gabe, hemendik kanpo zabaltzea oso gauza ona da.
Larunbateko ekitaldiaz gain, udan edo hemendik aurrera ba al duzue beste emanaldirik? Euskal Herritik kanpo atera izan al zarete?
Normalean ez gara talde bezala jotzen aritzen, txalapartaren inguruan sortutako talde bat baita. Txalaparta Festa guk antolatzen dugunez, Hernanin jotzen dugu, baina ez dugu beste saiorik egiten, ez gara hortik zehar ibiltzen, ez talde moduan behintzat. Bakarka ordea bai, desberdina da.