Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Xabier Salillas

Kronika - Erredakzioa 2013ko ots. 6a, 01:00

Salillasek dio berriz ez lukeela hainbesteko arrakastarik izango. Bestela, gustora egingo omen lukeela berriz ere proba bera. Ez da nolanahikoa izan Salillasek egindakoa, urtarrilaren 20­tik 27rako astean. Egunean 100 km egin zituen, astebetean 700 km, eta Hernani ia osoak korrika egin du berarekin. 47 talde eta 1.500 korrilaritik gora Wukroren alde, bisitariak noiznahi eta 9.237 euro, Hernani Wukrorekin ONG-GKEarentzako.

Osorik zaude oraindik! Nola dijoa errekuperazioa?
Txorkatileko minez, baina osorik nago, bai. Lehenda­bi­zi­ko hiru egunetan laino ba­tean ibili naiz, baina hankak lurrean ditut. Fisikoki ari zait  errekuperatzea kostatzen.

Sekulakoa egin duzu.
Herri osoa zurekin ibili da Sagastialden. Espero al zenuen horrelakorik?

Ezta inola ere! Ondo asmatu dugula ematen du. Neretzat haundia izan da. Momentue­ro norbait eduki dut ondoan korrika. Bi ordutan soilik egon naiz bakarrik, lehenengo bi egunetan. Angel Ola­ra­nek ere askotan idatzi dit, eta denen artean indar haundia eman didate.

Ze momentu da gehien gogoratuko duzuna?
Bukaera. Bukaerako bueltak izugarriak izan ziren. Jende pila hura... euria goian behean eta jende pila hura ni animatzen... malkotan egin nituen azkeneko kilometroak, emozionatuta... hori ez zait sekulako ahaztuko.

Momentu oso gogorrak ere pasa dituzu...
Asteazkenean ez nuen jaitsi nahi. Leher egina nengoen, eta kazkabarra ari zuen. Larunbatean ere izan nuen momentu psikologiko txar bat, eta mesedez eskatu nien han zeuden denei, kanpora ateratzeko eta bakarrik korrika egin nahi nuela... Mo­men­tu txarrak asko pasa ditut, baina horretarako prestatuta gaude, hori da Ultrafondoa.

Horretarako prestatu al liteke bat? Nekea, hotza, mina, ahuldadea...
Gure gorputza muturretara eramaten dugu, eta halaxe entrenatzen gara. Nik pajara batek jotzea bilatzen dut entrenamenduetan. Edo hoztea, edo de­shi­­dratatzea... Gero proba egunetan momentu hori iristean buruak hankei agintzen die segi egin behar dutela, ezin direla gelditu. Entrenamenduetan sufritu, proba egunetan gozatzeko.

Zenbat kilo galdu dituzu?
Oso arraroa da gurea. Kiloak galdu ez, irabazi egin ditut. Hori nahita egiten da, pajarak ez jotzeko. Guk 17.000 kaloria erretzen ditugu ho­rre­lako egun batean. Horre­ga­tik jan ditut: babarrunak, lentejak, saltxitxak... Lehen­dik ere 5 kilo potolduta nengoen nahita, eta proban 2 gehiago irabazi ditut. Orain bai, orain galduko ditut kilo pila bat: 77rekin bukatu nuen, eta 70 arte jaitsiko naiz.

Berriz ere egingo al zenuke?
Bai pozik! Baina berriz ez luke halako arrakastarik izan­go. Orain proba aldatu egin be­harko genuke.

Famoso egin zara...
Hori ez zen helburua. Helbu­rua zen Wukroren aldeko diru bilketa egitea, eta horregatik jaitsi da jendea neri laguntzera. Eta ultrafondoa ere ezagutu du jendeak, eta hori ere nahi genuen. Noski, nere­tzat ere ederra izan da. Her­na­niarrak ikaragarri ondo portatu dira, eta den denei eskerrak eman nahi dizkiet bihotzez. 

Saribanaketa, gaur

Ultrafondo solidarioan hainbat sari zozketatu zituzten, eta errifak erosi zituztenen artean zozketa egin ondoren, gaur egingo da saribanaketa, 18:00etan, Biterin. Xabier Salillasek berak banatuko ditu sariak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!