Hendaian bizi zara, Espainiako Estatutik ihes eginda, eta Bidasoako mugarik ez duzu pasatzen. Hala ere, agerian bizi zara.
Bai. Ahalik eta bizitza normalena egiten dugu. Ipar Euskal Herrian ari naiz ni lanean, LABen, eta seguritate sozialean alta emanda nago. Ditugun zailtasunak zailtasun, saiatzen gara aske bizitzen.
Eguneroko bizitza zaila al da zuentzat?
Egoera oso ezberdinak bizi ditugu gure artean. Faktore askok eragiten dute. Lana baduzun edo ez, dokumentazioaren kontua hor dago... Bestelakoan, saiatzen gara senideekin, lagunekin egoten, mendira joaten, bakoitzak ahal duen neurrian, bizirauten.
Iparraldean bizitza oso ezberdina al da?
Bidasoako mugak min asko egin du, herri hau zatitzeko erabili izan duten neurrian. Aldaketa nabarmena da, baita kultura aldetik ere. Bakarka bizitza asko egiten da, eta kalean gutxi. Egokitzeko fase bat behar da, eta batzuk egiten dute errazago, edo gehiago kostata. Iparraldean ere badago euskal komunitate bat. Hangoarekiko berdina ez dena, baina hau ere Euskal Herria denez, antzekotasun haundiak badituena zentzu berean. Alde batetik dago kostaldea, pixka bat masifikatua eta kolonizatua, eta bestetik barrukaldea. Ezberdinak dira Sara, Garazi edo Baiona. Barnekaldean lasai eskatu okindegian euskeraz.
Zer da Iheslarien Kolektiboa?
Iheslarien Kolektiboak biltzen ditu gu bezala dauden kideak, baina oso ezberdin daudenak ere bai: deportatuak, sasitarrak, paperik gabeak... eta eskatu nahi dugu, Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea dugula, bertan lan egin eta era duinean bizitzekoa, alegia. Agerian jarri nahi dugu hor gaudela, eta errepresioaren irudi bizia garela, gure idatzietan dion bezala: «askatasun gose den herri baten errepresioaren irudi bizia».
Zenbat euskal herritar dago horrela?
Ehundaka. Ehundaka daude gure egoera berdinean. Oso zaila da jakiten.
Eta hernaniarrak?
Bostetik gora izango dira seguru, baina zehatz ez dakit.
Noiz erabaki zenuen ageriko bizitza egitea, eta zergatik?
Duela urte eta erdi inguru erabaki nuen, hainbat arrazoirengatik. Batetik, umea Euskal Herrian hazi eta hezi zedin, eta gure herrian bizi dugun garai berri hauetara egokitu beharra dagoelako. Gainera, zauden tokian zaudela, beti duzu arriskua etsaiak harrapatu eta eramateko; baina hori bakoitzak oso ezberdin bizi du, batzuk hobeto eta besteek okerrago. Zaila da gauza orokor bat esatea, izan ere, hain da pertsonala!
Eta batzuk erabaki duzue bizitza publikoa egitea...
Errespontsabilitatea ere geuk hartzen dugu. Pentsa, Iñaki Imazek 4 urte pasa zituen klandestinitatean eta juxtu, bizitza publikoa egiten hasi eta hilabete pasa zenean atxilotu egin zuten. Hori beti presente eduki behar duzu.
Aurore Martin extraditatu zutenean ere mugimendu haundia sortu zen hemen. Batasuna legala da hemen baina hala ere extraditatu egin zuen Frantziak. Nola bizitu zenuten hura?
Horrelako sarekada bat jotzen dutenean, berriz hankak lurrean jartzen dituzu. Konturatzen zara errepresioak segi egiten duela, berriz haserrea sentitzen da... inpotentzia; gatazkak bere horretan jarraitzen duela adierazten digu horrek.
Gertatu izan da zuen moduan bizitza publikoa egiten duen pertsona batek erabakitzea, muga pasa eta hegoaldean saiatuko dela bizitzen. Plazorik-edo ba al daukazue jarrita?
Plazorik ez daukagu, oraindik baldintzarik ez dagoelako. Espainiak eta Frantziak lehengo politika berarekin segitzen dute. Iñaki Imaz eta Aurore Martinena oso esanguratsua izan da, bi adibide emateagatik. Frantzia inplikatuta dago gatazka honetan. Jarrera ez du aldatu eta Espainiarekin eskutik helduta dijoa.
Ez al dago aldaketarik?
Ez da ikusten. Blokeoan iraun nahi dute. Blokeoari eustera joan izan dira beti eta jarraituko dute. Lehengo kontu bera. Eta alde horretatik ikusten da gainera, minik haundiena egiten duten sektoreak ari direla jipoitzen edo estutzen.
Egoera politikoa, dena den, asko aldatu da...
Bai, egia da alde batetik egoera asko aldatu dela: ETAren behin betiko armen uztea, ezker abertzalearen legalizazioa... Baina bestaldetik ez da hainbeste aldatu: errepresioa, preso politikoen egoera... Hala ere, Aieteko bigarren puntuan garbi jartzen du bi estatuek ere mahaian eseri behar dutela.
Batzuk diote, Euskal Herriak bakarrik egin behar duela bidea, Frantzia eta Espainia kontuan hartu gabe.
Bai. Baina gatazkaren zati haundi bat konpondu gabe geratuko litzateke horrela. Frantziak eta Espainiak eseri beharko dute presoei buruz hitz egitera, iheslari eta deportatuei buruz hitz egitera. Bestela gatazka ez da erabat bukatuko.
Eta erremediorik ikusten al duzue?
Herriak dauka irtenbidea eta gakoa. Garbi daukat hori. Katalunian ikusi da, herriak nahi zuen eta trena martxan jarri zen, eta politikariak igo dira, presaka, eta azken bagoian. Euskal Herrian berdin pasako da. Nahi behar da aurrena, gauzak aurrera atera ahal izateko. Gatazka internazionaletan ibiliek ere hala diote: herriak desbloketatuko duela azkenean, egoera.
Alde bateko zein besteko minak eta sufrimenduak sendatuko al dira?
Iritsiko da garaia, horretarako ere. Baina Euskal Herria bere osotasunean da gatazka honen biktima. Kaltetuak badira han-hemenka. Gatazkaren gordintasuna eta berau konpondu beharra uzten du agerian horrek. Gatazka konpontzea da lehentasuna.
Eta bitarte horretan, zuen egunerokoan segiko duzue. Zer botatzen du faltan gehien Axelek?
Kaleko saltsa, paisajeak... txikitako paisajeak; ez dira hobeak, baina zureak dira! Txilin kafetxo bat, Riojan bazkaltzea, Akerren pote bat... Igandeetan adibidez, banuen nik ohitura Goiz Argin txupito bat hartzeko, belarrarena, eta purito bat. Eta igual ez zegoen inor tabernan! Falta direnean apreziatzen dira horiek. Eta nola ez, lagunak, sendia, aske sentitzea, eguneko azken zigarroa erretzean bihar Hilargi oheratzeko hemen egongo ote naizen kezka ez izatea.
«Iheslarien eguna egingo dugu martxoan»
Iheslarien Kolektibo bat bada, iheslari, deportatu, paperik gabeko eta abar biltzen dituena, eta egun berezi bat egingo da martxoaren 2an, Lapurdin, haiek ere hor daudela aitortzeko. Iheslarien Eguna deituko diote, eta lema hau izango du: Askatasun haizea dabil... iheslariak Hernanira! Egun hori aprobetxatu nahi da beraien egoera argitara emateko eta euren garrantzia zein den azpimarratzeko. «Iheslarien eguna egingo da datorren martxoan. Orain arte ez da asko hitz egin izan egoera horri buruz, eta prozesu politikoa egoera honetan egonda, errealitate hori ere plazara atera behar da».