Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Eugenio Goikoetxea

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 9a, 01:00

Eugenio Goikoetxea (Her­na­ni, 1969) orain dela 8 urte Leitzara joan zen bizitzera, baina ez du Hernanirekin ha­rremana galdu eta ahal duenetan etortzen da. Jaioz geroztik ibili da bizikleta munduan sartuta, aitarengatik. Herna­niko JOCC taldean sartu zen eta 16 urte zituenean hasi zen konpetitzen. 9 urtez aritu zen txirrindulari gisa. Afizionatu mailako Hernaniko Kaiku talde ezagunean ere aritu zen. Bizi­kletan ibiltzeari utzi eta zuzendari lanetan hasi zen bertan, 1999an taldea desagertu zen arte. Oso oroitzapen onak gordetzen ditu garai hartatik. Han­dik Oñatiko ULMA-Cega­sa taldera joan zen eta lau urteren buruan, Nafa­rroako Caja Rural taldera. Bederatzi urte daramazki han kirol zuzendari gisa eta bertan zen profesionaletara salto egin zutenean.

Caja Ruralek denboraldi ona egin du 2012an. 8 garaipen lortu dituzue eta horietako bat Espainiako Itzulian, Lagos de Covadongako etapan. Lehenengo aldiz gonbidatu zaituztete. Ze balorazio egiten duzu?
Balorazio oso ona. Espainia­ko itzuliko etapa gabe ere ona izango zen. Espero genuen garaipen bat edo beste lor­tzea, baina talde txikia gara, presupuesto txikia dugu eta Es­pai­niako Itzulian parte hartzea zen helburua; eta lortu ge­nu­en. Irabaztea, hori loteria toka­tzea bezala izan da guretzat.

2013ko helburuak zeintzuk izango dira? 2012ko emaitzak hobe­tzea…
Ez naiz batere konformista eta saiatuko gara hobetzen. Esan bezala, talde txikia gara eta urtean zehar gauza asko pasa litezke. Dena dela, aurrean egongo garela uste dut eta lan ona eginez gero, kontentu egongo gara. Helburu nagusia, berriro Espainiako Itzulian parte hartzea da. Ezinbestekoa da gu bezalako talde batentzat.

Nolako taldea izango du Caja Ruralek 2013an? Hiru fitxaketa nagusi egin dituzue: Amets Txurruka, Ivan Velasco eta David Arroyo.
Taldean denetik dugu. Baditugu sprinterrak, badugu sailkapen orokorretako jendea, fitxaketa berriak… Adibidez, David Arroyo batek Giroan bigarren egin zuen, Frantziako Tourrean 11garren egina da… Horrekin baditugu esperan­tzak Espainiako Itzulian sailkapen on bat lortzeko. Eta Velasco eta Txurrukarekin ze esanik ez! Aipatu beharrik ez dago ze maila duten txirrindulari horiek. Taldeari gorputz haundia emango dioten txirrindulariak izango dira.

Urtarrilean hasiko duzue denboraldia Argentinan, San Luiseko Tourrean. Fuerte hasteko asmotan?
Gauzak okertzen ez badira urtarrilaren 19an han izango gara. Aurreneko karrera izango da eta batez ere, erritmoa hartzeko izango da, besterik gabe. Sei txirrindularirekin joango gara eta besteek bitartean kon­tzentrazio txiki bat egingo dute hemen. Espainia mailan, berriz, otsailean hasiko gara, Ma­llorcan.

Hernani eta txirrindularitzari da­go­kionez, Kaiku, afizionatu mailan, estatuko talderik onena izan zen, bertan ibili ziren maila haundiko txirrindulariak: Olano, Do­min­guez, Flecha, Astarloza, Be­loki... Talde garrantzitsu bat desa­gertu zen Hernanin. Horrez gain, Hernaniko Klasika karrera garran­tzitsua ere egiten zen. Afizioa badago oraindik, baina zer falta da garai harekin konparatuta?
Kirol guztiak bezala, txirrindularitza krisian dagoela esango nuke. Dirua behar da eta krisi ekonomikoaren eraginez, laguntza publikoak murriztu egin dira, enpresa pribatuek ere diru gutxiago dute… Orokorrean momentu zaila da kirol guztientzat. Zaletasuna badago, zikloturista taldeak ere badira, baita alebin eta infantiletan ibiltzen direnak… baina talde erreferente bat falta da, lehen Kaiku zena. Horrek asko laguntzen du gaztetxoek jarraitu dezaten. Egia esan, kirol sakrifikatua da, konprometitua, garestia… Horrez gain, lehen oso kirol gutxi zeuden eta orain aukera haundia dago.

Esan duzun bezala, txirrindulari­tzak aurrera egiteko beharrezkoak dira babesleak. Krisi garai honetan, beraz, ze etorkizun du txirrindularitzak?
UCI World Tour mailan babesle gehienak multinazionalak dira eta iruditzen zait orain arte bezala, mantenduko direla. Egoera txarra dagoena, beheko mailetan da: afizionatuetan, jubeniletan… Maila horietan enpresa txikien eta diru publikoaren babesa izaten da nagusi eta hor eragin haundia izaten ari da eta izango du krisiak. Baina taldeak egongo dira eta egin behar duguna da, mentalitatea aldatu. Jendeak ez dauka lehen izaten zen konpromisoa. Dirua tarteko ez bada, inork ez du ezer egiten. Eta jende konprometitua behar da gazteak entrenatzeko, urte guztian arituko dena.

Eta asko aldatu al da txirrindularitza? Hobera, okerrera…
Gehienbat preparazio aldetik aldatu da eta egiten den guztia hoberako dela uste dut. Gaur egun, medikuak, prestatzaileak… daude eta aurrerapen guztiak aprobetxatzen dira. Aurrerapen guztiak onerako dira, nere ustez.

Txirrindularitza askotan albiste da doping kontuak direla eta. Azken kasua, Armstrongena, zer daukazu esateko?
Ez diot kasu askorik egin. Ez dauka ez buru eta ez hankarik kasu honek. Ia 15 urte eta gero kontu honekin etortzeak ez du zentzurik. Ziklismoa­ren barruan dagoen gerra edo botere nahi hori dago atzean. Nik adibide bat jartzen dut beti: Maradonaren La mano de Dios gola. Orain badakigu eskuz sartua izan zela gola, baina momentuan ez eta inor ez da hasi planteatzen Argen­tinari mundiala kentzea. Orain, gainera, gauzak asko hobetzen ari dira. Kontrol pila bat egiten dira Txirrindularitzan. Txirrin­dula­ritza da kirolik kontrolatuena, diferentzia haundiarekin. Orain dela lauzpabost urtetatik Adams metodoa erabiltzen da profesionaletan eta txirrindulariak 24 ordutan daude kontrolatuta. Eta ehuneko positibo gutxien ematen duen kirola da. Azkenean morboa sortzea da horrelako kasuen helburua, eta komunikabideek ez darabilkite beste ezer, horrek saltzen baitu zoritxarrez.

Kaiku bezalako talde txiki bat zuzentzetik, Espainiako Itzulia korritu duen talde koxkor bat zuzentzera pasa zara. Nolako aldea dago?
Txirrindularitza nere mundua izan da beti eta alde horretatik ez da aldaketarik izan. Hori bai, lehen hobby zena, orain lana da. Lehen 4 bat ordu izaten ziren eta orain egun guztia pasatzen dut horretan. Afizioa, ofizio bihurtu zait.

Zuk lau kasuetan biziko zenituen karrerak: telebistatik, errepide bazterretik, pelotoiaren barrutik eta taldeko kotxetik. Zeinekin geratzen zara?
Denekin, bakoitzak bere puntua dauka. Errepide bazterretik askotan ikusi izan ditut karrerak eta oraindik ere se­gitzen dut. Kotxetik ere polita da. Barrutik, berriz, orain oso gutxitan. Azkene­koz koadrilarekin egiten du­gun Ara­noko igoeran atera nin­tzen eta ederki sufritu nuen. Eta telebistan, gutxitan ikusi izan dut, baina hori ere ondo etortzen zait siestarako!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!