Kantu Txapelketa irabazi zenuenean, Kronikari aitortu zenion zure nahia disko propio bat ateratzea zela. Lortu duzu. ‘Zeru horiek’ maketa argitaratu duzu 6 abestiz osatua.
Bai eta oso pozik nago. Kantu Txapelketako finalistok atera genuen diskoan Irlaren aurrean kantua grabatu nuen. Baina gehiago banituen eta Joxan Goikoetxeari esan nion gustora grabatuko nituela nere kantuak eta hementxe dago emaitza. Dena berari esker izan da.
Goikoetxeak teknikari lanak egiteaz gain, akordeoiarekin ere parte hartu du diskoan. Eta beste musikari ezagun batzuek ere bai.
Lagunen parte hartzea izan dut eta beste musikari batzuena ere bai: Eneritz Bengoetxea donostiarrarena trikitixarekin, Ai ene! taldean aritzen gara elkarrekin; Susana Elosegi Susirena gitarrarekin, Musika Eskolako irakaslea dena; Aitor Huizi hernaniarrarena biolinarekin... Ion Mari Beasain Esne Beltzako taldekideak ere parte hartu du! Diskoaren azaleko argazkia, berriz, nere lagun batek ateratakoa da. Erabat hernaniarra da beraz diskoa.
Nolako abesti eta letrak bildu dituzu?
Denetarik dago. Abesti bat bada, Zeru horiek, diskoaren izena ere badena, Bernardo Atxagaren nobelan oinarritua; bere hitzak bildu ditut. Beste abestietan, berriz, benetako esperientziak bildu ditut edo okurritu zaizkidanak. Egia esan, letrak asmatzea asko kostatzen zait. Lehen beti musika sortu ondoren asmatzen nuen letra; orain alderantziz egiten saiatzen naiz. Pixkanaka ikasten noa. Azken bi abestiak, berriz, gitarra klasikoko abestiak dira, letrarik gabeak.
Ari al zara emanaldiak eskaintzen?
Emanaldiren bat edo beste eskaini dut. Esaterako, Zarautzen izan nintzen gitarra festibalean. Mikel Markez eta Eduardo Baranzanorekin aritu nintzen eta pasada bat izan zen: Mikel Markezen abestiak berarekin jotzea, berak nireak jotzea... Maketa argitaratu berri, Euskadi Irratiko Arratsean saioan ere elkarrizketa bat egin zidaten. Horrez gain, Ai ene! taldeko kideek lagunduta, Astigarragan ere aurkeztu nuen lana.
Maketa erosteko aukera ere bada. Nolako erantzuna izaten ari da?
Egia esan, gustora nago. Hasieran 300 kopia atera nituen eta bukatu egin ziren. Eta bitxikeria bezala, Bizkaiatik ere eskatu didate ale bat; Gaizka Peñafiel musikariak, hain zuzen. Hernanin, Kutixi kafetegian eta Taloa okindegian daude salgai 5 euroan eta emailez ere lortu litezke: iosune-93@hotmail.com.
Aipatu bezala, Ai ene! erromeria taldean ere aritzen zara.
Orain dela bi urte hasi nintzen Eneritzekin. Gaur egun, bost gara. Uda guztian erromeriaz erromeria ibili gara eta oso ondo pasa dugu. Kasu honetan, gitarra elektrikoa jotzen dut. Denetik egin beharra dago!
Eta musika afizio izateaz gain, ofizio ere izatea nahi duzu, Kontserbatorioan ari zara ikasteketak egiten.
Gitarra klasikoko ikasketak egiten ari naiz. Titulua atera eta irakasle izan nahiko nuke. Musika da gustatzen zaidana eta bide honetatik segi nahi dut. 4 urte daramazkit erdi mailako ikasketak egiten. Hemendik 2-3 urtetara asmoa dut goi mailako ikasketak egiteko, hau da, Musikenerako proba egiteko. Beste mundu bat da hori; errespetua ematen dit.
Lan berririk ba al duzu eskuartean?
Abesti gehiago baditut eta gehiago sortzeko asmoa dut.