- Itsaso Zubiria Etxeberria -
Zer dute antzeko zure lanek?
Denak artista euskaldunak dira. Antzekotasunak geografia eta kronologia dira. XIX eta XX. mendeetako artista euskaldunak interesatzen zaizkit. Gerra ondorengo lanen bat ere egina daukat, baina orokorrean XIX. mende erdialdetik 1940 ingurura artekoa interesatzen zait.
Azkeneko esposizioa Anselmo Guinea (1855-1906) artistarena da, eta agian zure lanik garrantzitsuena.
Nire Doktoretza Tesia da. 1997-98an hasi nintzen Guinearen inguruko inbestigazioan. Beste artista batzuekin zituen hartu-emanak joan zitzaizkidan agertzen, eta bakoitza ezagutu beharra neukan. Hamalau urtez Anselmo Guinearen joan etorriak, harremanak, obrak eta bizitza ezagutzeko lanetan aritu naiz, beraz.
Guinearen hogei bat obra bakarrik ezagutzen ziren, eta erakusketa honekin publikoari aukera eman nahi nion artista hobeto ezagutzeko. Hirurehundik gora pieza nituen eskura, eta zorrotza izan nintzen aukeraketan; Guinearen onena erakutsi nahi nuen. Kritika onak jaso ditut eta lan batean hamar urtetik gora daramazkizunean satisfazio izugarria da hori.
Zer bilatu zenion Anselmo Guineari?
Aldaketarako joera. Ez da estilo berdinean mantentzen den artista bat.
Kostunbrismotik, historiako pasarteak pintatzetik, inpresionismora, sinbolismora, puntillismora egiten du salto.
Oso pintura desberdinak ditu, eta horrek egiten du diferente.
Ba al dago Hernani eta inguruetan Guinearen tankerako artistarik?
Ez. Baina Hernanik bazuen interes berezi bat garai hartako artistentzako.
Santiago Arcos pintore txiletarra adibidez, ia urtero etortzen zen. Pentsa, Hernanin lurperatu zuten hildakoan! Hemen inguruan egongo zen seguraski, Txantxillan baitzegoen Hernaniko kanposantu zaharra.
Etxegarai iparraldeko artistak edo Julian Cortes donostiarrak ere pintatu zuten Hernani. Regoyos artistak adibidez, Leoka labaderoaren bista bat egin zuen, baina orokorrean Hernanik erakusten zuen baserri giroa pintatzen zuten.
XIX. mendeaz ari garela, Hernaniar askori Gerra Karlistan lehertu zen Hernaniko Udaletxearen irudia datorkigu burura. Irudiren bat gehiago badago?
Nik behintzat ez dut askorik ezagutzen. Baina karlistadetako irudi gehienak ere, bistak dira; borrokaldiak zeuden puntuak markatzen zituztenak (Santiago Mendi, Santa Barbara…). Horietaz aparte oso ezaguna da zuk diozun Udaletxearen irudi hori. Otero argazkilari donostiarrak ateratakoa.
Baina kuriosoagoa iruditzen zait erori aurreko Udaletxearena. Argazki bakarra ezagutzen dut, eta 1860. hamarkadako Frantziako aldizkari batean aurkitutakoa da. Plazan ospatutako festa egun bat erakusten du. Badaude antzeko beste argazki batzuk, baina plazaren beste aldea erakusten dute; kale Nagusia eta Urumea aldera.
Etorkizunerako baduzu proiekturen bat buruan?
Oraintxe Rochelt XIX. mendeko familia bilbotar afizionatu baten inguruko lan bat egiten ari naiz. Guinea, Regoyos etab.-en lagunak ziren eta eurekin pintatzen zuten, baina denak enpresariak ziren. Afizionatuak baziren ere, batzuk benetan ondo pintatzen zuten; orduko zenbait profesionalek baino hobeto. Inbestigazio lana bukatzen ari naiz eta hemendik pare bat urtera esposizioa egitea da nire asmoa. yy