Denboraldia hasi berria du Horbel Tabernak. Lehengo urtean Euskal
Ligara igotzea lortu zuten, baina, Gipuzkoakoan jarraitzen dute
aurten. Lehen 2 partiduak galdu egin dituzte, eta azkeneko biak
irabazi. Julen Girarldo entrenatzaileak argi du: «denborladia
lehiakorra eta zaila izango den arren, dena emango dugu».
Denboraldi berria hasi duzue, baina, Euskal Ligan beharrean, Gipuzkoakoan. Zer gertatu da?
Bi
arrazoi nagusi direla eta, ez gara igo Euskal Ligara. Batetik, alderdi
ekonomikoa dela medio. Izan ere, izen-emaetak, fiantzak, delegatuek,
partiduak han eta hemen jokatu beharrak... asko balio du.
Bestalde,
eta hau da arrazoi nagusia, taldea ez zegoen prest desplazamendu horiek
guztiak egiteko, jakinik kategoria honetako talde gehienak bizkaitarrak
eta arabarrak direla.
Ez al dago aukerarik egoerari buelta emateko? Laguntzailerik lortu al duzue?
Patrozinatzailea lehengo urteko bera da, Horbel Taberna, alegia. Eta Keler berriz, kolaboratzailea da.
Zaleek nola hartu dute Gipuzkoako Ligan jarraitu izana? Babestu zaituztete?
Jarraitzaile
gehienak jokalarien familiak edota koadrilak dira, eta denek ulertzen
dute hau afizioa dela guretzat, eta ez profesioa.
Era berean, badakite partidu bat jokatzen dugun bakoitzean dena ematen dugula, kategoria edozein dela ere.
Nola eragin dizue egoera honek? Animikoki eraginik izan al du?
Egoerak
ez du gugan eraginik izan. Igotzeko aukera sortu zen unetik bertatik
argi genuen denok. Ez zen pentsatuta genuen zerbait izan, ez zela
gertatuko uste baikenuen, baina aukera sortu zenean ere, argi izan
genuen.
Denboraldi hasiera gogorra izan duzue, bai
aurre-denboraldian eta baita lehen bi partiduetan ere. Azken biak
berriz, kostata baina irabazi dituzue, Aretxabaleta eta Gamoen
kontra. Hasi zarete egoerari buelta ematen?
Aurre-denboraldia
eta lehen bi partiduak gogorrak izan dira. Jokalari beterano batzuk
lesionatuta genituen, eta kategoria honetan handicap bat da hori,
jokalari berriei ahalegin bera egin dezatela eskatzen baitiezu, eta hori
ezinezkoa da.
Esperientzia oso garrantzitsua da areto futbolean, kirol hau ez baita horren fisikoa.
Lehengo
asteburuan, Aretxabaletaren kontrako partiduan, jendea
errekuperatzen hasi ginen, fisikoki hobetzen ari gara, eta hori
nabaritu egiten da.
Denboraldia hasi berritan izan dituzue lehen lesionatuak. Errekuperatu al dira?
Lesionatu
askorekin hasi ginen bai. Bigarren partiduan adibidez, ekipoa osatzeko
jokalari gisa jokatu behar izan zuen atezainetako batek. Baina
pixkanaka, jendea errekuperatzen ari gara, eta beste batzuk lesionatzen
dira...
Aldaketarik izan al da taldean?
Batetik,
atezain batek eta jokalari batek taldea utzi dute. Baina jokalari berri
bat ere badugu, Markel Erdozia, Hernaniko futbol taldetik datorrena.
Blokea, gutxi gora-behera, lehengo urteko bera da.
Bestalde,
jokalari beterano batek arazo bat izan zuen bizkarrean, lehengo urtean,
eta oraindik bajan dago horregatik. Baina, errekuperatu eta behingoan
itzuli dadin zain gaude.
Zein helburu duzue aurtengo denboraldiari begira? Estrategia berezirik jarraituko duzue?
Helburua argia da. Partiduz partidu jokatzea, alegia. Horrek markatuko du non egongo garen denboraldiaren amaieran.
Denboraldian nola moldatuko zaretela uste duzu? Gipzukoako Ligan jarraitzen duzuenez, errazagoa egingo zaizue?
Egia
esan, urtero uztaila iristen denan, ez dugu jakiten zer gertatuko den,
ekipoa osatuko den ala ez. Azkenean osatzen da, baina, aurten kosta
egin zaigu hastea, eta hori nabaritu egin dugu aurre-denboraldian eta
Liga hasieran.
Liga aurten lehiakorragoa da, ez talde hobeak
daudelako, baizik eta, lehengo urteko taldeak ez daudelako. Eta talde
horietako batzuen aurka irabazteko aukerak genituela bagenekien.
Gutxi
gora-behera, Euskal Ligatik Gipuzkoakora jaitsi diren taldeekin, eta
alderantziz, igo direnekin, kategoria orekatu egin da. Talde
guztiek dute irabazteko aukera, eta horrek zailagoa eta lehiakorragoa
bihurtzen du.
Azken bi partiduak irabazi egin dituzue. Badirudi hasi zaretela puntua hartzen.
Partiduz
partidu joan behar dugu. Atzoko aurkaria, Gamon, talde gogorra da,
beteranoa, eta aldaketak izan ditu. Ezagutzen dugu elkar. Baina ez zen
partidu erraza izan. Lehen zatia berdinketarekin amaitu genuen, eta
azkenean, markagailua 3-2 jartzea lortu genuen, gure alde. Kosta egin
zitzaigun garaipena lortzea. Hemendik aurrera, ikusiko dugu.