Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Pablo Arruarte

Kronika - Erredakzioa 2012ko abu. 15a, 02:00

Iosu Uribetxeberria arrasatearrak zazpi egun daramazki gose greban, gaixotasun larria daukalako kalean behar lukeela eskatzeko. Euskal preso politikoarekin bat eginez, hamar lagun gose greban ari dira Donostiako Ospitale aurrean. Tartean daude, Mario Artola, Hernanin bizi den donostiarra, Pablo Arruarte hernaniarra, eta beste zortzi lagun. Kronikak elkarrizketa egin dio Arruarteri.

Bi egun gose greban pasa eta gero, nola zaudete animoz?
Gu ondo gaude eta gainera Iosuk etengabe indarra eta animoa ematen digu.

Iosu Uribetxeberriaren berri baduzue. Nola daramaki zazpigarren eguna gose greban? Familiak esandakoaren arabera gogor eta animoso dabil, argi dauka aurrera jarraituko duela Arrasatera, etxera, joan arte. Berak argi eta garbi adierazi du, aurrera egingo duela bere erabakiarekin, eta behar izanez gero duintasun osoz eta ahoan irribarre batez hilko dela hemen.

Iosu Uribetxeberria euskal preso politikoak gaixotasun larri bat dauka, minbizi terminala diagnostikatu diote. Berez, legediak dioenez, kartzelatik kanpora beharko luke, ezta? Zein arrazoi izan ditzake Espainiako Gobernuak Uribe­txe­­be­rria ez askatzeko?
Mendekua. Euskal preso politikoei jartzen diete espetxe politika bat, krudelkerian eta mendekuan oinarritutakoa. Iosuren kasua da politika horren adierazpenik muturreko eta gordinena. Iosu au­rre­tik ere bazegoen 14 preso gaixoen zerrendan, kalean beharko lukete aspalditik, baina bahitu politiko gisa erabiltzen dituzte, pertsona eta militante bezala sun­tsitu egin nahi dituzte, eta beraiekin batera, herri bat osoa.

Jende askok eskatu du Uribetxeberria aske uzteko. Mobilizazioak egun guztian izaten ari dira Donostia Ospitale aurrean, euskal preso politiko gehienak gose greban daude: 503 aipatzen zituen atzo Etxeratek… Uste duzue Espainiako Gobernuak jarrera aldatuko duela?
Aldarazi egin behar diegu, ezin da beste modu batean izan. Luza­tzen ari dira, auskalo zein kalkulo politiko okerrekin, eta krudelkerian oinarritzen diren interesei eran­tzunez… baina beranduegi da guretzat dagoeneko; askatasuna ematen ez dioten bitartean, iragandako minutu eta egun bakoitzak Iosuri bizitza lapurtzen dio... lapurtutako egun horietako bakoitza eu­ren ardura da. Ezinbestekoa da zentzu honetan, beraz, kalean egin dezakegun guztia; Iosuk dagoeneko dena eman du eta ematen ari da baldintzarik zailenetan… ka­le­kooi tokatzen zaigu Es­pai­niako Gobernua preso gai­xoe­kiko jarrera eta beraz Io­su­rena ere aldatzera behartzea.

Gaixo larrien gaiak gero eta indar haundiagoa dauka komunikabideetan. Oraintxe gutxi dokumental bat aurkeztu zuen Etxeratek: Gaitz Isilduak. Gaixo larrien zerrendan dauden 14 euskal presoei buruzko dokumentala da; tartean dago Gari Arruarte, zuen semea… Uribetxeberriaren kasuak balio al dezake gai honi buelta emateko?
Hasteko esan behar dugu oraindik orain ez dakigula Iosurekin zer gertatuko den baina argi duguna da Iosuk eta gaixotasun larria duten beste 13 presoek, Gari tartean dela, kalean egon beharko luketela iada. Bestalde, estatuen aldetik ikusten den itxikeriaren aurrean herritarrei esan nahi diegu estatuen politika aldatzeko herritarren presioa ezinbestekoa dela; herriak aterako ditu kalera.

Herrira mugimenduak esan du protesta ekintzak gero eta haundiagoak izango direla. Aurreratu dezakezue egunotan zein deialdi izango diren?
Printzipioz fokoa Donostiako Ospitalean mantenduko du­gu eta Bilbo, Gasteiz eta Iruñeako gobernu delegari­tzen aurrean kontzentrak egiten hasi dira gaurtik aurrera. Bestalde, egoera luzatzen bada mobilizazio jendetsu bat aurreikusten ari gara eta dei egiten diegu hernaniar guztiei bertan parte hartzeko, esan bezala herria izango delako Iosu eta beste guztiak etxera ekarriko dituena.

Deialdia, gaur, 09:30etan Plaza Berrin, Donostia Ospitalera oinez igotzeko

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!