Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Víctor Suárez

Kronika - Erredakzioa 2012ko uzt. 30a, 02:00

Inistor bati begira zabiltzate momentu honetan. Van­den­boschia speciosa edo Tricho­ma­nes speciosum. Ze landare mota da hori?
Inistor bat da, oso interesgarria, oso aspaldikoa (Ter­tzia­riokoa). Oso leku itxietan irauten du, hantxe babes hartuta, baldintza klimatiko jakin batzuk bilatu dituelako. Urik gabe ez litzateke biziko, eta erreka bazterrak maite ditu, leku ospel edo hezeak. Argi faltagatik ederki bizi liteke, eta ostatu hartu dezake ia argi izpirik sartzen ez den zuloetan.
Inistor guztien gisan, bi bizitza fase ditu: esperofitoa eta gametofitoa; alegia, landare itxura edo goroldio itxu­ra. Hostaje berezia du, zelula kapa bakarra baitauka, eta argi izpiak pasa egiten dira batetik bestera. Inistor klase honek badu bereizgarri bat, besteek ez dutena: inistorrak iraun egiten du bi faseetan; bai landaren moduan eta bai goroldio moduan. Beste inistor espezietan goroldio fasea oso motza da, eta landare fasea bakarrik hartzen da kontuan.

Europan babestuta dago. Zenbateko arriskua dauka galtzeko?
Arriskuan dago, baina zen­bateko arriskua daukan jakiteko, ikusi egin behar da zenbat dagoen benetan, eta ze egoeratan.

Zuek genetikoki ikertzen ari zarete landare hori, Europan. Kontatuiguzu proiektua, labur...
Bi proiektu ditugu. Bat nire lagun batek zuzentzen du eta genetikoki ikertuta, jakin nahi dute, zerk bultza­tzen duen landare hau era ezberdinetan ugaltzera: orain goroldio edo orain landare.
Bigarren proiektua nik zuzentzen dut, eta  ikusi nahi dugu leku jakin bakoitzean ze egoera genetikotan dagoen landarea.
Ikerketa hauekin jakin liteke adibidez, inistor hau goroldio itxuran bakarrik zer­gatik bizi den Europako ipar eta erdialdeko leku askotan.
Zuen ikerketak egiteko Europan barrena zabiltzate (Anda­luzia, Canarias, Irlanda, Breta­ña…). Eta tartean Hernani. Zergatik Hernani?
Euskal Herria berezia da, landare honentzat, junta-lekua delako, Europako iparra eta iberiar penintsularen artean. Eta Euskal Herriaren barruan, Hernanik sekulako pisua hartzen du, landare kopuru haundia bilatu dugulako.

Zergatik erabaki duzue Hernanira etortzea?
Iñakik eta Ibaik Hernaniko Udalarentzat egin zuten la­nean 41 puntutan azaltzen zen inistor hori, eta hori da EAEko kopuruaren %39, se­kulakoa. Orain, gehiago aurkitu ditugu, gainera.

Pentsa liteke, Hernaniko errekazulotan ez zaretela bakarrik ibili.
Ez noski. Behar beharrezkoa izan dugu Iñaki Sanz-Azkue eta Ibai Olariagaren lagun­tza. Eurek ezagutzen zuten lekua lehendik, eta haiek ibili gaituzte batetik bestera. Gu, taldean etorri gara: Marta Nieto Lu­gilde, eta Samira Ben-Me­nni Schuler-en laguntza izan dut.

Hernaniko ze bazter ikusi dituzue?
Bi zonalde bereizi daitezke, inistor hau dezente dagoelako. Batetik, Usokoerreka eta bestetik Azketaerreka.

Vandenboschia speciosa edo Trichomanes speciosum ze egoeratan dago Hernanin?
Egoera onean dago nire us­tez. Landare haundiak aur­kitu ditugu, eta dezente; ga­metofito asko (goroldioa) eta ingurunea egoera onean dago erreka horietan. Arris­kua ikusten da, kaltea egin dezaketen zuhaitz espezieak ugaltzen ari direlako: Pinus radiata eta Lawson Altziprea.

Zonalde hau gehiago babestu beharko litzatekeela uste al duzue?
Inongo dudarik gabe. Espezie honek prioritatea beharko luke, eta behar beharrezkoa da bera bizi den lekua babestea.

Zerk piztu dizu arreta gehien Hernanin?
Haltzak, hariztiak eta pagadiak sekulako aberastasuna sortzen dute ekologikoki. Asko gustatu zait hori, eta baita guk ikertzen dugun landare hontaz gain, galtzeko arriskuan dauden beste landare batzuk ezagutzea: Soldanella villosa eta Hyme­no­phyllum tunbrigense.

Gutxien gustatu zaizuna?
Pinus radiata asko dago sartuta, eta Lawson Alzipre asko ikusten da. Uste dut landaretza naturala berreskuratzeko neurriak hartu beharko liratekeela, eta noski, babestutako zonaldea haunditu egin beharko litzatekeela. Oinezko bideak markatzea ondo legoke, baita ere, eta horrela, Hernaniko bizilagunek disfrutatu egingo zenukete zuen natura ondarearekin.

Hernani txikia da… esan digute Kaxkoan paseatzen ikusi zaituztetela, Ereñotzun bokadilloa jaten, Peña Otañon afaltzen… ez duzue denborarik galdu…
Jeje, ahal dugun neurrian aprobetxatu dugu. Gure asmoa zen muestreo haundia egitea Hernanin. Hala ere Iñakik eta Ibaik erakutsi digute herria, hartu dugu pote bat edo beste, eta ezagutu ditugu zuen soziedade horiek. A, eta izugarri gustatu zaizkigu. Asko gustatu zaigu herria eta daukazuen herri-giroa.

Gustora al zoazte Hernanitik?
Bai. Nahi genituen datuak lortu ditugu.

Berriz etortzeko asmorik bai? Eta Aranzadirekin harremanetan segiko al duzue?
Gustora bueltatuko ginateke, baina lasaiago, Hernaniko herriarekin gozatzera. Lanari dagokionez, nahi duguna lortu dugu; hala ere, ez dugu deskartatzen etorkizun batean Aranzadirekin harremanetan segitzea, eta elkarlana egitea, jakiteko ea nola dauden Gipuzkoa eta Euskal Herriko V.speciosa populazioak.  

Beste ezer esan nahi baduzu…
Eskerrak eman nahi dizkiet Iñaki Sanz-Azkueri, Ibai Olariagari, Joseba Garmen­diari eta Aranzadi Zientzia Elkarteari, hartu gaituzten bezala hartu gaituztelako, eta egiten duten lanagatik V.speciosa babesteko eta Herna­niko ondare naturala babesteko. Orain bizi dugun egoera ekonomikoarekin, zenbait jendek demonizatu egiten ditu natura babesteko ematen diren dirulaguntzak. Horregatik, eskertu egiten da ondare hori maite duen jendea, eta ondare baloratzeko iniziatiba daukana eta sentsibilizazioa egiten duen jendea. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!