Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Joxe Antonio Legarreta eta Martin Legarreta

Kronika - Erredakzioa 2012ko uzt. 25a, 02:00

Aranora iritsi eta Suro auzoan dagoen Xauxar (Sarobezar) baserrira hurbildu gara. Añarbeko presaren parean, paraje zoragarrian, Lega­rreta anaiak aurkitu ditugu, Joxe Antonio eta Martin. Biak betidanik aritu dira artzai lanetan. Familian ohitura izan duten jardueraren azken urra­tsak ematen dabiltza biak. Bi anaietatik helduena den Joxe Antoniok argi du eurak lana amaitzean bukatuko dela arkumeen garaia euren familian.

Zein motatako ardiak dituzue?
Hemen ardi latxak ditugu. Dio­tenez, jateko arrazarik onena di­ra hauek. Besteek haragi mo­ttelagoa omen dute. Goi­zue­tan eta Aranon antzeko ardiak ditugu, baina Gipuzkoa aldera jota, beste era bateko ardiak aurkitu daitezke; horiek hanka motzagoak dituzte eta lodiagoak izaten dira normalean.

Artzaientzako sekretua den arren, zenbat ardi dituzue eta non izaten dituzue?
Niri ez zait batere axola dugun ardi kopurua esatea. 60 inguru ditugu, urtero kopuru bera izaten dugu gutxi gora-behera. Artzaiei kopurua esatea kosta egiten zaie normalean, hori ar­tzaien sekretua dela esaten dute zenbaitek, baina neri egia esan kopurua esatea ez dit batere axola, ezta zenbatera saltzen ditudan esatea ere! Normalean kanpoan izaten ditugu ardi guztiak. Neguan, eguraldi txarra egiten duenean barrura sartuagatik, normalean kanpoan ibiltzen saiatzen gara.

Zer ematen diezue jateko?
Artoa, pentsua eta beste nahasketa bat ematen diegu, besterik ez. Guk ez diegu ezer berezirik ematen, beste batzuk emango diote zerbait desberdina, baina guk ez. Gure arkumeek beste zenbaitenek baino hamar bat egun gehiago behar izaten dituzte egiteko, arrazoia zein den ez dakigu.

Zein produktu saltzen duzue?
Gerora guk ardia saltzen dugu produktu moduan. Aranon bertan bada gazta egiten duenik ere, eta nahiko ona gainera, baina guk ez dugu egiten. Zenbat denbora daramakizu honetan? Bizitza osoa daramakit ardi artean, asko gustatzen zaidan lana da eta urteak aurrera doazen heinean minak sortzen ari zaizkit belaunean, eta gehiago kostatzen zait. Egunen batean utzi egin beharko dudala badakit, baina gustatuko ez balitzait aspaldi utziko nuen lana. Orain arte oso erraz eta gustura egiten nuen lana zen, baina geroz eta gehiago kostatzen zait.

Zuen familian ardiak betidanik izan al dituzue? Eta segidarik ba al daukazue?
Bai, gure baserrian ohikoak izan dira beti ardiak. Eta beraz, betidanik aritu gara horretan. Ni jaio nintzenetik nabil. Baina hemen bukatuko da gure familian ardien garaia. Anaia eta biok aritzen gara gaur egun, baina guk uztean ez du inork segiko. Pena pittin bat ematen dit hemen bukatzeak, baina ulergarria da, dirurik ez du ematen eta gaur egun jendeak beste lan batzuetan aritzea nahiago izaten du.

Nola ikusten duzu gaur egun artzaien egoera?
Geroz eta jende gutxiago dabil honetan, asko jaitsi da hemen artzai kopurua. Arano inguruan badaude hiru anai gazte artzai lanetan aritzen direnak, baina beste guztiak 46 urtetik gorakoak dira, eta asko ni baino zaharragoak. Baserriak hustu egin dira azken urteetan eta horrek ere eragin du artzaiak gutxitzea. Lehen etxe guztietan zeuden ardiak eta beraz haiek zain­tzen jende asko ari­tzen zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!