Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Julian Urkiola

Kronika - Erredakzioa 2012ko api. 28a, 02:00

Udaberriarekin, loreak ateratzearekin orain hasi dira edo hasiko dira erleak lanean. Eta haiek kanpora ateratzearekin batera, liztor asiatikoa erasoan hasiko da, ezta?
Egia esan, atzeratzen ari dira, eguraldia ez da ari laguntzen. Egin zuen ona pixka bat lehengo hileko azken aldera, astebete inguru, baina geroztik ez. Eta egunero euri asko egiten ari da, eta hotza. Liztorrak ere hasi dira mugitzen, baina erlearentzako txarra dena beraientzat ere bai. Nik jaso ditut dagoeneko 4 kabi txiki. Orain horrelakoak dira. Oso txikiak dira pelota baten tamainakoak, eta zuloa dute azpian. Erreginak ari dira lehenengo arrautzak jartzen kabi horietan. Eta orain horrelako kabi horiek ikusiz gero hori da ona, horiek kentzea. Orain jarriko dituzte bertan dozena bat edo arrautza. Gero kabi hori haunditzen joango da 50- 100 inguruko multzo bat egin arte, orduan joango da zuhaitzera beste bat egitera. Beraz, orain da ona harrapa­tzeko. Eta horretan gabiltza.

Kabiak suntsitzeko orain dela garaia diozu, baina aukera izanez gero, edozein garai izanda ere, puskatzea izango da onena, ezta?
Kabiak harrapatzea orain zailagoa da hostoen eraginez. Neguan hostoak erortzen direnean errazagoa da, baina horiek botatzeak ez du zen­tzu askorik eraginkortasun aldetik. Erreginak barruan daudela jakinez gero, bai, baina bestela ez. Izan ere, erlauntza hori desagertuko da, baina handik hilabetera ere berez desagertuko litzateke. Famili hori hil egingo delako berez ere. Handik aterako dira 100-200 bat erregina, ernalduko dira, negua pasako dute eta udaberrian arrautzak jarriko dituzte, orain bezala. Beraz, ziklo hori ikusita, neguan akabatzea ez da hain eraginkorra. Dena dela, merezi du kabi horiek puskatzea jendeak ikusteko kaso egiten diegula eta alertan jarraitzeko. Horrez gain, batzuk ere ondo etortzen zaizkigu gero ikerketak egiteko. Beraz, kabiren bat ikusiz gero abisatzea da onena.

Urte hau aurrekoa baino txarragoa espero duzue?
Bai, askoz txarragoa. Kon­tuan izan, 600 bat erregina atera daitezkeela kabi haundi bakoitzetik 20.000 liztor dauden kabi horietatik. 600 erreginatik, erdiak ernaltzen badira ere, 300 dira. Eta horietatik 200 bat bizirik geratzen badira negua pasata, eta arrautzak jartzen hasten badira.... pentsa, 200 liztor kabi batetik, hurrengo urtean beste kabi batetik beste 200 dira. Kalkulatu zenbat biderkatzen ari garen. Urte gutxian hau izan liteke plaga bat zerbait egiten ez badugu.

Asko ari da zabaltzen, beraz.
Gero eta gehiago ari dira sor­tzen. Nik Larre-Gaingo bidean daukadan erlategian harrapatu ditut 19 erregina eta hori eguraldi txarra egin duela. Irun aldean 240 bat erregina harrapatu ditu batek raketarekin, 10 bat egunean. Inguru hartan gehiago dago, izan ere, iparraldetik datoz. Zabalduena, Bidasoa aldean, Oarsoaldean, Buruntzal­dean eta Donostialdean dago. Hala ere, Bizkaiaraino ere iritsi da. Katalunian ere oso zabaldua dago. Portugalen ere aurki­tu dituzte… Eta Na­fa­rroan gure antzera dabiltza. Hartu dute Baztan eta inguru guztia, Iruñearaino. Izan ere, bere habitata da menditsua eta hezea. Hotz haundirik gabe eta Kantauri ingurua egokia da. Eta Nafarroan, Baztan ingurua ere bai. Barrurago joango den ez dakigu. Frantzian behin­tzat oraingoz ez da barrurago sartu. Gerta daiteke erreka inguruetara ere zabaltzea. Agian egokituko da edo subespezieren bat garatuko da. Oraindik ikusteko dago.

Zenbaterainoko kaltea ari da eragiten?
Erlezain batzuk uztea pen­tsatzen hasita daude. Irun inguru horretan bi erlezain uztekotan dira eta beste bat Ulian. Izan ere, erlategi batean baldin badauzkazu 200 liztor bertako erleak jaten, eta baldin badauzkazu 7 erlaun­tza kaja, eragina haundia da. Baina baldin badauzkazu 40 kaja, proportzioan, eragina ez da hainbesterainokoa. Gutxi izateak hori du. Eta hemen gehienak, %90etik gora, erlezain txikiak gara. Liztor hau oso harrapakina da, baina horrek bakarrik ez du eragiten kaltea. Kontua da, erlea ez dela ateratzen jatera edo elikagaia, polena… ekartzera, badakielako zer gertatuko zaion, liztorra zain daukala. Orduan gosea dago erlauntzan eta horrek sortzen ditu gaixotasun guztiak. Iaz, 360 kabi inguru sun­tsitu genituen Gipuzkoan, baina horiek ez dira izango ezta 10etik 1 ere.

Zein pauso ari zarete ematen aurre egiteko?
Eusko Jaurlaritzan hiru eskaera eginak ditugu: 1.- Vespa velutina deklara­tzea espezie exotiko inbadi­tzaile gisa, eta hori estatu mailan jarrita dago jada. Horrek ate asko irekitzen ditu, I+D+I eskatzeko, esaterako. 2.- Ikerketa batzuk martxan jartzea zerbait aurkitzeko eta arazoa errotik konpontzeko. 3.- Sortzen dituen kalteak baloratu eta erlazainei kalte horiek ordaintzea. Aurrenekoa lortu dugu. Bigarrengoari dagokionean, I+D+I bat eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari eta eran­tzunaren zain gaude. Hiruga­rrengoari lotuta, berriz, balorazioak egitea oso zaila da eta dirurik ez dagoen garaiotan…

I+D+I zertarako?
Espezifiko bat, feromona bat lantzen hasteko. Gu orain ari garena da tranpak egiten, baina ez dira selektiboak. Erortzen dira euliak, moskitoak, liztor txikiak… denak erortzen dira. Guk nahi genuke liztor horrentzako bakarrik izango den tranpa sortu. Eta I+D+I horrekin lehenbailehen hasi behar da. Zenbat eta gehiago atzeratu, gehiagora joango da. Indar pixka bat egiteko ari gara sagardozale eta txakolinzaleekin elkarlanean. Sagar eta mahats heldua asko gustatzen zaizkio liztorrari. Kaltea ez da sagarra eta jaten dutela, baizik eta biltzen ari denari heltzen baldin badio arriskutsua izan daitekeela. Elkartu gara, I+D+I hori ematen ez badigute, presio gehiago egin ahal izateko. Dena dela, nik uste dut zerbait integrala egin beharko genukeela Europa mailan. Neiker laborategiarekin azterketak egiten hasi zineten iaz. Iaz eskatu genuen I+D+I bat baina ez ziguten eman. Orduan hasi ginen ikerketa batzuk egiten Neiker-ekin lanak aurreratzeagatik, baina utzi egin behar izan genituen ez genuelako diru laguntzarik lortu. Aurten berriz eskatu dugu eta berriz hasi gara lanean. Ez badigute ematen berriz utzi egin beharko dugu eta beste urtebete galdu. Gu erlezainok, gure kabuz ezin gara hasi, mediorik ere ez dugu ikerketa batzuk egiteko gutxienez. Eta benetan oso garrantzitsua da. Gero eta gehiago jakin beraien inguruan, errazago dominatuko ditugu. Ez baldin badakigu ezer, alferrik ari gara.

Asiatik baldin badator, hangoek ezin dute esan zer egin daitekeen horien kontra?
Han liztor mota asko dago eta beraien artean oreka bat dago, ez da bat nagusitzen. Natura oso oso jakintsua da, berak daki zer egin behar duen, baina denborarekin. Han betidanik izan dute liztor hau guk hemen beste bat izan dugun bezala. Erleek moldatzen jakingo dutela uste dut. Denborarekin ikasiko dute.

Moldatzen ikasten duten bitartean, erlezainek laguntzea ona al da?
Nik uste, erlezainok zerbait egin behar dugula. Erregina bat harrapatzen baduzu edo liztor bat, hura gutxiago. Beste batzuk esaten dute zenbat eta gehiago harrapatu, beraien arteko territorializazio hori kentzen ari garela. Leku batean 10entzat baldin badago tokia eta tranpen bidez 5 uzten baldin baditugu, beraien arteko borroka edo terreno konkistatze hori izatea ez dugu uzten. Teoriak dira. Nik egia esan, erlauntza ondoan baldin badauzkat, ahal ditudan gehienak harrapatzen saiatuko naiz.

Erlauntzara bueltan direnean harrapatzen ditu erleak. Liztorrak nahi izaten ditu erleak erlauntzara datozenean, ez ateratzen direnean. Zergatik? Bere dietan sartzen dira bitaminak eta proteinak. Bitaminak lortzen dituzte, loreetan, sagarretan eta maha­tsetan. Proteinak lortu ditzakete burruntziak (libelulak), tximeletak, erleak… ha­rra­patuta. Orduan erlea kargatuta datorrenean harrapa­tzen badu, dena batean lortzen du. Erlea gainera iristen da nekatuta, kargatuta eta gainera abiadura mantsotu behar du erlauntzan sartzeko. Erlea etortzen denean lepotik eusten dio liztorrak. Sei hanketatik azkeneko biekin erlea eusten du eta pin­tzekin burua mozten dio. Ondoren buelta ematen dio eta pozoia daukan eztena mozten dio. Badaki nondik moztu. Oso pintza potenteak ditu. Plastikoa ere zulatzen du, eta agudo.

Orain arte zuek arduratu zarete kabi horiek kentzeaz, hala jarrai­tzen al duzue?
Diputazioarekin harremanetan gaude kabi horiek nola kendu erabakitzeko. Dirudie­nez, suhiltzaileak arduratuko dira horretaz. Suhiltzaileak Gipuzkoa mailan daude 9 eskualdetan bezala banatuta eta 8 dira Diputazioarenak eta bat Donostiako Udalare­na. Baina horiek kenduko lituzkete hiri edo herri barrukoak, herritik kanpo daudenak nola kenduko diren ikusi behar da. Hernaniko Udalak tiroz botatzea aurreikusten du, baina arazoak daude se­gurua­rekin-eta. Dirudienez, orain hasiko dira mendi guardak zeregin horretan.

Liztor horien ziztadak arrisku­tsuak izan daitezke gizakiontzat?
Txarrena da, jende asko ez dagoela kontzientziatuta, baina zabaltzen ari da eta egunen batean eskolen batean umeren bati ziztatuz gero, eta alergikoa baldin bada, orduan izango dira komeriak. Kontuz ibiltzeko puntuak dira eskolak eta baita tabernak ere. Izan ere, kanpoan kafea uzten da, freskagarriak… azukrera etortzen dira, glukosa behar dute. Kanpoan egoten diren kafe makinak-eta ere beste puntu batzuk izan daitezke. Pentsatu 6-7 milimetroko eztena dutela. Ez da broma! Suhiltzaileak-eta traje bereziekin dabiltza. Eskula­rruak eta aurpegian pantaila bat ere badaramate. Benenoa bota dezakete ziztatu gabe eta aurpegira etortzen badira, alergiak produzitu ditzakete. Tiro egin behar duten mendi guardek ere eraman beharko dute trajeren bat eta pantaila, gutxienez betaurrekoak. Begian oso arriskutsua izan behar du.

Erleak desagertuko balira zer gertatuko litzateke?
Beti goaz Einsteinen esanera: "Erleak desagertuko balira, gizakiak lau urte iraungo lituzke: erlerik gabe, ez dago polinizaziorik, ez belarrik, ez animaliarik, ez gizakirik". Egia da polinizazioa beste intsektu batzuk eta haizeak ere egiten dutela, baina intsektuek %82 egiten dute eta horietatik %80 egiten du erleak. Beraz, erlea desagertuko ba­litz… matematikek ez dute failatzen. Hori kontuan izan beharko genuke. Baina ez dakit, agian baita ere, erleak falta izanez gero, besteak egin­go lirateke biderkatu edo beste subespezie batzuk sortu… ez dakigu. Baina ez da ahaztu behar zenbat milioika urte daramazkien munduan eta gu beraiekin konparatuta ume batzuk garela. Esan bezala, nik uste egokitzen jakingo dutela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!