Independentzia ametsa baino gehiago aukera erreala dela esana duzu, eta gainera,
aukerarik onena dela Euskal Herriarentzat. Zergatik?
Aukerak sortzen dira, bideak irekitzen diren heinean. Azken aldian gehiago sinesten dugu independentzian, arrazoi ugari medio: krisiaren ondorioengatik, independentzia bideragarri eta eredugarri azaltzen zaigulako... Garai berri batean gaude, eta argi dago herriak izan behar duela hitza.
Independentzia aukera onena da, erabakia gure herriak izango lukeelako eta gaur egun pairatzen ditugun menpekotasunak gainditzeko bidea delako. Espainiar eta frantziar estatuek hondoratu egiten gaituzte ekonomikoki, kulturalki, hizkuntza mailan eta politikoki.
Nola eragingo luke arlo ezberdinetan? Nolako Euskal Herria izango litzateke?
Euskal Herri independientea herritarron borondatearen araberakoa izan beharko litzateke. Independentziak tresnak eskaintzen ditu, gaur egun ez ditugunak, eta Euskal Herritik bertatik erantzungo direnak. Euskal Herria gai da bere etorkizunari aurre egiteko eta independentziak eragin zuzena izango luke arlo askotan, gaur egun itxirik dauden ateak irekiko lirateke.
Beraz, Globalizazioaren garai honetan independentzia behar bat bezala azaltzen duzu. Besteak beste, krisitik ateratzen lagunduko liguke?
Asko hitz egiten da globalizazioaz eta honen inguruan gauza asko aurreratu zizkiguten: estatuak desagertzeko bidean zeudela, lekuz kanpo zegoela independentzia eskatzea... Ideia horiek kolokan daude gaur egun. Azter ditzagun, esaterako, Alemania edo Estatu Batuen kasuak. Benetan pentsa daiteke mundu edo Europa mailako egituren menpe daudela? Ez. Estatu batzuk beste estatu batzuen eta nazioarteko botereen menpe daude; baina argi dagoena da, egoerarik txarrenean, estaturik gabeko herriak gaudela, ezin dugulako geure erabakirik hartu. Estaturik gabe, gaur egun, ez dago aukerarik krisiari edo mundu mailako erronkei aurre egiteko.
Zuk esana da espainiar nazionalismoa zentralista izaki, autonomistak independentziaren eredura mugitzen joan direla 30 urte hauetan.
Independentismoa indartzen ari da beraz.
Azken hamarkadetan ikasi dugu, espainiar estatuan, autonomia ez dela herrien nortasun eta eskubideei era demokratikoan erantzuteko formula, estatuaren batasuna bermatzeko tresna. Ezin ditugu bereizi autonomiak eta espainiar konstituzioak aldarrikatzen dituen nazio eredua eta armadaren betebeharra. Autonomia nola ulertzen duten badakigu eta aintzat hartu behar dugu. Orain gainera, krisia dute aitzaki autonomia ereduaren berrirakurketa atzerakoia egiteko: konpetentziak oso garestiak direla, estatuaren aparatua gehiegi hazi dela... Egoera honetan ulergarria da independentismoa indartzea.
Horrek esan nahi du
Euskal Herria independentea
izango dela etorkizun
hurbilean?
Honek, nire ustetan, esan nahi du urrats haundiak eman ditugula independentziarako baldintzak sortzerakoan. Etorkizuna ezin da mekanikoki aurreikusi. Aukerak sortu egiten dira, eta baldintzak aldatu egiten dira. Gure eskuetan dago galdera honi epe motzeko erantzuna ematea. Asmatzen dugun heinean, hurbilago izango dugu independentzia, baina ez dugu ahaztu behar oztopo haundiei egin beharko diegula aurre.
Zailak diren helburuak aukeratuta lortzen dira aldaketa haundiak. Beraz, ilusioa oso inportantea da, borondatea aldaketetarako motor haundia delako. Independentzia lortuko dugu posible dela sinetsita, bideak irekitzen, urratsak ematen...
Bukatzeko, hiru data esanguratsu: Martxoak 29 (Greba Orokorra), Apirilak 8 (Aberri Eguna) eta 1512-2012. Labur, ze esango zenuke bakoitzari buruz?
Hiru erronka haundi. Krisiak egoera larria ekarri du, menpekotasunak areagotu duena. Independentistak Sareak ez du Grebari buruzko jarrerarik hartu, gure mugimendua adostaun batzuetan eta ez-posizionatzean oinarritzen delako. Nik, maila pertsonalean, oso beharrezkotzat jotzen dut Greba.
Aurtengo Aberri Eguna eta Nafarroako konkistaren urteurrena elkar-lotuta daude, gure ustetan. Urteurrenak herri gisako hausnarketa sakona egiteko aukera eskaintzen eta eskatzen digu. Oroitzapen historikoak hau guztia interpretatzeko tresnak eskaintzen dizkigu. Estatua izateko zilegitasuna ez da oinarritzen aurretik estatu bat izatean, erabaki demokratikoan baizik.
Hori horrela, aurtengo Aberri Eguna hitzordu haundia dugu, historikoa esango nuke. 2012ko Aberri Eguna mugarri bilakatu behar dugu independentziarako bidean. 1512ko konkista eta Gernikako bonbardaketa gogora ekarrita, baina batez ere, independentziari begira jarrita.