Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] MAITANE IRURETAGOYENA

Kronika - Erredakzioa 2012ko mar. 25a, 01:00

ANDER EGAÑA

2012a oso ondo hasi duzula
esan daiteke.  

Bai, oso pozik nago eduki dudan urte hasierarekin. Pro­mesa mailan, Espainiako txapelduna izan naiz 200 metroko proban eta hirugarren 60 me­troko proban. Gainera, Es­painiako Txapelketako ab­so­lutu mailan,  laugarren izan nin­tzen; Sabadellen jokatu zen, orain 3 as­te.

Pena emango zizun Sabadellen, Espainiako txapelketan, dominarik ez lortzeak ezta?
Bai. Dominaren bat lortzeko in­tentzioarekin joan nintzen,   Espainiako ran­kingean hirugarren postuan bainengoen. Oso maila altua zegoen ordea, eta ezin izan nuen nire helburua lortu. Behintzat nire marka per­tsonala hobetu nuen, eta alde horretatik oso pozik itzuli nintzen.

Euskadiko Txapelketan ordea, emaitza dotorea lortu zenuen.
Bai, hala da. Urrezko domina lortu nuen 60 metroko proban. Hala ere, zapore gazi-gozoarekin geratu nintzen ezin izan bainuen nire marka pertsonala hobetu bi ehunengatik. Helburu horrekin hartu nuen parte, hala ere, oso pozik nago lortutako urrezko dominarekin.

Nahiz eta oraindik gaztea izan, dagoeneko irabazi dituzu
hainbat txapelketa

Ezin naiz kexatu. Pasa ditudan maila guztietan izan naiz Espainiako txapelduna, pista estalian zein irekian. Gainera, dominak lortu ditut  parte hartu ditudan ia lasterketa guztietan, eta Euskal Herriko txapelduna ere askotan izan naiz. Beraz, nahiz eta gaztea izan, ezin naiz kexatu orainarteko ibilbideaz.

Zehazki zein da zure
espezialitatea, pista irekia
ala estalia?

Ezingo nuke bat aukeratu. Pista estaliko probak normalean neguan izaten dira, eta bertara ez gara formaz oso ondo iristen. Pista irekian berriz, formaz hobeto iristen gara eta aukera gehiago izaten dira. Hala ere, oso erlatiboa izan daiteke; lesioek edota muskulu-arazoek denboraldia zapuztu dezakete. 200 metroko proban ordea, badut preferentzia; nahiago izaten dut pista estalian jokatu.

Denboraldi hasieran zaude.
Nola ikusten duzu zure burua?

Nahiko ondo ikusten dut. Promesa mailan ez dago na­zioarteko frogarik. Europako Txapelketa lehengo urtean jokatu zenez, hurrengo urtera arte ez da izango. Hala ere, absolutu mailan, hor daude Europako txapelketa eta Londreseko Olinpiadak.

Olinpiadetarako txartela
eskuratuko duzula uste duzu?

Ez dakit. Londresera joateko ametsa badaukat. Hala ere, oso maila altua dago eta marka ezinhobeak lortu beharko ditut bertan egoteko. Espainiatik, lehenengo bost marka onenak dituztenak joango dira, eta ni, orain, laugarren nago rankingean. Hala ere, Espainiako maila nazioartekoa baino kaxkarragoa da. Esperantza badut, 4X100 metroko proban, Olinpiade­tarako txartela lortu dezakedala uste dut. Baikorra naiz proba horrekin.

Zein dira 2012rako dituzun
helburuak?

Printzipioz, promesa mailako Espainiako Txapelketan do­minak lortzea, urrezkoak ahal baldin bada. Gero nire marka pertsonala hobetzea gustatuko litzaidake eta azkenik, ab­solutu mailan Europako Txa­pelketarako edota Olin­piade­tarako txartela eskuratzea.

Atleta izanda, pentsatzen duzu atletismoari ematen zaiona
baino garrantzia gehiago eman behar zaiola?

Bai, dudarik gabe, garrantzia gehiago eman behar zaio. Espainia mailan atletismoak ez dauka Europako beste herrialdeetan duen oihartzuna. Hemen futbola dago beste kirol guztien gainetik. Hau horrela da, gehienbat pren­tsak horrela egin duelako. Futbolak dirua ematen duenez, futbolaz hitz egiten dute eta atletismoa bigarren toki batean geratzen da. Baino hori ez da atletismoarekin bakarrik gertatzen. Igeriketa eta beste hainbat kiroli ere, ez diete duten garrantzia ematen. Onuragarria izango litzake zalantzarik gabe, atletismoak eta beste kirol horiek garran­tzia haundiagoa izatea.

Denbora asko daramakizu
emaitza onak lortzen. Zein uste duzu dela arrakasta honen
arrazoi nagusia?

Entrenatzeko prestutasuna eta  konstantzia izatea, eta nola ez, gogoa edu­kitzea. Nik esaterako, astean sei egunetan entrenatzen dut, bi ordu eguneko. Konstantziarik ez baduzu, kirol honetan jai daukazu. Horrez gain, egunero entrena­tzeko gogoa eduki behar da. Lasaita­suna ere oso faktore garrantzitsua da, hau da, baliteke lesioak edukitzea edo­ta ondo egon eta nahi di­tu­zun markak ez lortzea. Egoe­ra horien guztien aurrean lasaitasuna ezinbestekoa da.
Gogo eta konstantziarik ez duenak ez du kirol hau bere horretan maite.

Entrenatzeaz gain, dietaren bat jarraitzen duzu?
Ez. Batzuetan jaten dudana kontrolatzen saiatzen naiz, baina orokorrean pertsona normal batek bezala jaten dut. Hori bai, noizbait izaten dut kapritxoren bat. Horiek ezin dira alde batera utzi.

Arkitektura ikasten duzu.  Entrenatzea eta klaseetara joatea bateragarriak direla erakutsi duzu.
Bai. Atletismoak denbora asko kentzen dizu astean zehar, hala ere, ondo bateratu ditzaket bi gauzak. Goizetan klasera joaten naiz eta arra­tsaldeetan entrenatzera. Ikas­turte honen hasieran, klaseak arratsaldez izan ditut  eta ba­tzuetan ondo moldatu naiz entrenamenduetara iristeko, zazpietan entrenatzen bainuen. Beste batzuetan ordea, goizez entrenatu behar izan dut, bakarrik, entrenatzailerik eta taldekiderik gabe. Kasu horietan aspergarriagoa da korri egitea.

Hain kirol zorrotza izanda, ba al duzu etxean edo lagunekin lasai egoteko aukerarik?
Asteburuak besterik ez ditut beraiekin egoteko. Txapelke­taren bat ez daukadanean elkartzen gara. Bestela, sare sozialetatik mantentzen dugu kontakua, izan ere, astean zehar ezinezkoa izaten zait beraiekin egotea.

Etorkizun hurbilera begira,
zer nahigo duzu,
atleta ala arkitekto teknikoa izan?

Orain krisi garaietan ez daude erakitzeko gauza asko... Lehenik eta behin karrera bukatzea gustatuko litzaidake, eta gero atletismoan  zentratu. Lan bat bilatzea ere gustatuko litzaidake, betiere atletismoari lehentasuna emanez. Gorputzak gelditzeko eska­tzen didan arte segiko dut korrika, eta gero gerokoak.

Eta konparatzen hasita,
zer da zailagoa, ebaluazio
bukaerako azterketak edo
lasterketa bat
irabaztea?

Zailagoa da lasterketa bat irabaztea. Azterketa norberaren esku dago; ikasiz gero, aprobatuko duzu. Lasterketan berriz, faktore askoren menpe zaude. Jende gehiago dago zurekin lehiatzen eta beraien maila zurea baino altuagoa bada, ez dago zereginik. Ikasten baduzu ordea, gauzak ondo joango zaizkizu

Ordu asko sartzen dituzu Arkitektura Teknikoa ikasten?
Dezente. Hala ere, nahiko eguneratuta daramakit dena. Egunero lan egiten baduzu eta gauzak azken egunerako ez badituzu uzten, erraza da aurrera ateratzea.

2010ean Canadan egon zinen (Moncton hirian) Munduko Txapelketan. Zer nolako
esperientzia izan zen?

Oso esperientzia polita izan zen. Kirol honek etxetik urrun dauden lurraldeak ezagutzeko aukera ezinhobea eskain­tzen dizu. Emaitzak ez ziren esperotakoak izan, ezin izan bainuen finalerdietarako txartela eskuratu. Hala ere, oso maila altua zegoen eta ia ezinezkoa zen domina lortzea. Nahiz eta oso marka ona egin (24,70) eguraldiak ez zuen asko lagundu. Hala eta guztiz ere, inoiz ahaztuko ez dudan esperientzietako bat izan zen.

Atletismoan hastea zure erabakia izan zen ala norbaitek aholkatuta hasi zinen?
Txikitan eskola-kirola egiten nuen, eta asko gustatzen zi­tzaidan korri egitea. Kirol bakar bat aukeratzeko unea iritsi zenean, nire izebak, herrian  atletismoko talde bat zegoela esan zidan eta hara joan nintzen probatzera. Lau urtez egon nintzen Hernaniko taldean eta gero Donostiako Atletico San-Sebastian taldera joan nintzen. Niretzako erosoagoa zen Donostian entrena­tzea, lagunak eta entrenatzailea han bainituen.

Hain gaztea izanda, atletismoaz aspertuko al zaitezke?
Momentuz ez. Urtero gauza berriak dituzu, marka berriak gainditzeko eta horrek motibatu egiten nau. Beraz, oraingoz ez dut planteatzen nire bizitza atletismorik gabe.

Etorkizunera begira, nora iristea gustatuko litzaizuke?
Espainiako sailkapenean ahalik eta postu gorenean egotea. Lehen esan bezala, Olinpia­daren bat jokatzea asko gustatuko litzaidake; eta baita Es­painiako absolutuarekin internazionala izatea ere. Oro­korrean goi-mailan egotea. Hala ere, badakit zaila izango dela eta horretarako lan asko egin beharko dudala. Horiek dira printzipioz etorkizunerako dauzkadan helburuak.

Hernanin atletismo zaletasunik ikusten al duzu?

Bai, herrian badago nahikoa za­letasun. Hala ere, kross eta ka­rrera luzeekiko zaletasun haundiagoa ikusten dut atletismoarekiko baino. Jende helduetan  ikusten dut zaletasun haun­diena batez ere. Karrera popularrak tirada handia dute Hernanin. Orokorrean atletismoak sakrifizio handia eska­tzen du, eta agian jendeak ez du planteatzen hainbeste su­fritu behar duenik. Hala ere, ko­­rri egitea gustuko duenak atle­tismoa probatu beharko luke.

Zein da egun Hernaniko
atletismo taldearekin duzun
lotura?

Erlazio gutxi daukat. Hemen ez dudanez entrenatzen ez ditut ia ikusten. Lehiaketa ba­tzuetan ikusten ditudanean agurtu egiten ditut, hala ere, ez daukat erlazio haundirik.

Kirol honetan, zure teknika
hobetzeko  eredurik ba al duzu? Hau da, zein da zure idoloa?

Usain Bolt denon ahotan dago 100 metroko proba irabazi zuenetik, hala ere, nik bere taldekidea den Asafa Powell jamaikarra dut gustuko. Nesketan berriz, Alysson Heys 200 metroko korrikalari estatubatuarra gustatzen zait.

Aholkuren bat atletismoan hasi nahi duten pertsonentzat.

Lehenik eta behin kirol hau gus­tuko izatea. Lasaitasuna  edu­­kitzea ere oso garrantzi­tsua da, hau da, askok lehenengo urtean dena ondo egin nahi dute eta hori ezinezkoa da. Gogoa eta kirola praktika­tzeko nahi adina denbora edu­kitzea ere, ezinbestekoa da.

AZKEN EMAITZAK
2011   
-3garren Espainiako txapelketan; 60metroko proban, promesa mailan, pista estalian.
-2garren Espainiako txapelketan; 200 metroko proban,
promesa mailan, aire librean.
-1go Euskadiko txapelketan. 60 metroko proban, absoluto mailan, pista estalian.
-1go postua    Euskadiko txa­­­pelketan; 200 metroko proban, absoluto mailan, pista estalian.
-2garren Euskadiko txapelketan; 100 metroko proban, absoluto mailan, aire librean.
-2garren postua    Euskadiko txapelketan; 200 metroko proban, absoluto mailan, aire librean.
2012   
-1go Espainiako txapelketan; 200 metroko proban, promesa mailan, pista estalian.
-3garren Espainiako txapelketan; 60 metroko proban, promesa mailan, pista estalian.
-1go Euskadiko txapelketan; 60 metroko proban, absoluto mailan.

Hernanin, harrobia
Maitane Iruretagoyena hernaniarraz gain, herrian ba­ditugu atletismo mailan go­gor zapaltzen datozen gaz­teak. Pasa den asteburuan, Maitaneren taldekide den Jasone Sertutxak Valentzian ospatutako jubenilen espainiako txapelketan brontzezko domina lortu zuen 200 metrotako proban 25.93ko denbora eginez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!