Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Joxe Luis Urdangarin

Kronika - Erredakzioa 2011ko eka. 19a, 02:00

ZORTZIKO HAUNDIA

Gaur Sagastialde Elkartean juntatu gaituk. Orain ez asko, Peña Otañon izango hukek eta bertsotarako. Onerako edo txarrerako aldatu gaituk?.
Onerako, onerako. Nere kasuan behintzat onerako.

Ez dik penarik ematen asteazkenetako zita hori galtzeak?.
Orain egin dezakedana da. Galdu ez diagu egin, aparkatu egin diagu. Kontua dek, garai bakoitzean zein diran lehentasunak eta hoiei erantzun behar zaie. Pena ematen zidak bitarte horretan huts egiteak, baina itzultzeko asmoarekin.

Zer egin zinaten, aspertu hurrengo belaunaldiaren zain?.
Kar, kar, kar… ez, ez, aspertu ez. Nik uste gehiago izan zala egoera familarraren aldaketa eta beste leku batzuetan atentzioa eman beharra. Egia da hor koska txiki bat sumatu dala, adinari begiratu besterik ez ziok, zein gabiltzan gu eta hurrengoak zein datozen. Baina bueno, hori beti gertatu izandu dek eta hau ere beste ziklo bat dek.

Hor badago zulo generazional bat hala ere.
Bai, bueno, orain ari naiz. Bai bai, ez nauk atrebitzen adinak esatera, ze ya pista galdua zeukat gazteenak zein datozen eta zenbat, baina lehen ere izan hituan horrelako zuloak, eta haundiagoak ere bai. Harremana ere, lehen errezago mantentzen genian bertso eskolan irakasle genbiltzalako, baina uzten hoan heinean galdu egiten dek ezagupidea. `Ai Martin´ eta bertso antzerkiak eta… Hoiek beste garai batzuk ziran bertso eskolarentzat berarentzat ere. Nik oso rekuerdo ona zaukat. Bertso eskolan zeozer ona bagenuen zan, edozein barrabaskeri egiten genuela gehiegi pentsatu gabe eta horregatik ateratzen ziran gauzak ondo. Pentsatzen gelditu bagina, segurasko, gauza asko egin gabe geldituko ziran. Hor kontua dek, bentaja bat bagenuela, eta zan, tropel­txo bat zegola. Orduan, batek ezin zuela, besteak ezin zuela? Beti zegoen jendea. Orain, igual ez dek hain errexa. Ondo pasatzen zuen tropeltxo hori zan Iraulio. Hor ikusten zan Iraulioren lana. Bai, bai. Guk garai hartan ikusten genian bertso eskola lehenengo fase bat bezela. Eta gero, bigarren fase bat bezela, ez ikasle eta ez irakasle, denak elkarrekin. Guk Iraulio izena jarri genion beste edozein jarri litekeen bezela. Baina hori ya guk ikusten degu bertso talde bezela, hori ya da, bertso taldea. Guk bertso eskola ikusten degu, bertso talderako kantera bezela.

Eta orain krisi haundiagoa bizi du Irauliok, bertso kanterak baino, ez?
Seguru baietz. Azkenean, bakoitza bere aitatasun, amatasunera sartzen geranean, hor ikusten da pixka bat zera, ez? Baina bueno, horrek bere buelta ekarriko du. Ni konbentzituta nago. Jendea desiatzen ikusten det berriz ere saltsan hasteko, nere burutik hasita.

Nik beti ezagutu izan haut bertso eskolako irakasle bezela, baino pentsatzen diat ikasle izatea ere tokatuko zitzaikela noizbait. Asko kanbiatzen zan orduko bertso eskola eta oraingoa?
Seguruena bai. Ni hasi nintzanean behintzat, gogoratzen naiz egiten zutela, nolabait ere, etxetik zaletasuna ekar­tzen genunak, euskera aldetik eta solbentzia zeukan jendea… animatu. Eta gu horrela hasi ginan, baina hasi ginan oso talde txikia. Gu ikastolan hasi ginanean, lau, joaten baginan! Eta guretzako jartzen zuten irakaslea Urumea ikastolan. Eta guretzat izan zan irakaslea, Aristorena, zana gu baino lauzpabost urte zaharragoa. Eta holaxe planteatu zitzaigun. Orain uste det errexagoa dala. Errexago sartzen dira koadrilak eta ikusten det, orain, hasiera batean, zabalagoa dala sarrera. . Baina irteera ere bai, ez? Esan nahi diat, aurreko elkarrizketan, Arnaitz Lasartek esaten zidaken bertso eskolara datorrela, bertsoa gustatzen zaion haurra, baina batere ajolarik ez diona ere bai. Bai, lehen igual filtro hori egiten zan eta orain filtro hori naturala da. Filtro natural horretan, arriskua ziok koadrilen inertzia horretan, segituko luketen ba­tzuk uztea. Bertsolaritza dek oso gauza polita umeentzako, baina interes minimo bat baldin badute. Segun eta beraiek ze girotan bizi diran eta ze interes propio daukaten, igual astuna egiten zaiek.

Irakasle papera hartu huanean, zeri emate hioken garrantzia?
Nik bizitu berria nuen horri. Nik ikusten nuen batetikan, zer nuen gustokoena eta orduan, neretzat klabea zan taldea sortzea. Egun batean bertso bakar bat bota gabe egon behar bagenuen gela, hala egongo ginan. E

ta horrekin batera, bertsoei zegokionez?
Ba, neretzat oso inportantea zan bertsoak kantatzea. Zaharrak edo berriak, baina bertsoa kantatu. Azkenean, nik uste bertsoa dala buruko eskema bat eta zenbat eta gehiago kantatzen deken, buruko eskema hori bakarrik egiten dek.

Eskema hori hor daukak hik. Ez dik inbiriarik ematen oraingo txapelketa hotsek?
Seguru. Azkenean gustatzen zaidan gauza bat dek, baina hori, lehen esan bezela, faseak dituk. Tokatuko da berriz, nik ez diat deskartatzen berriz aritzea. Ez zekiat txapelketa horretan, Hernanin edo non, baina bai. Zentzua bilatu egin beharko niokek, azkenean, txapelketa batek badik zentzua urte osoko lan baten osagarri bezela, ez? Gure kasuan, urtean zehar oso oso bertsogintza anekdotikoa daukagunak txapelketa batean, nahiz eta jakin modu duin batean arituko gerala, pixka bat artifiziala dek. Gauzak diran bezela. Nik gero eta buelta gehiago ematen zizkioat. Aldiz, bere tranpa zeukak: txapelketara apuntatu ezkero ni ere aritu egingo nauk eta lagunengana inguratu egingo nauk berriz eta Hernanin igual saio bat antolatuko diagu eta… Bere horretan txapelketari nik ez zioat zen­tzurik hartzen, baina txapelketa ekartzen duenari bai.

ZORTZIKO TXIKIA

Esaten dute, Xabi Prietok penal­tya botatzeko paradiña hire ber­tsokeran inspiratua dagoela.
Zenbat eta errextasun gehiago daukan jendeak dominatzen dik gorputz espresioa eta gure kasuan, paraditak egiten dizkiagu.

Hirugarren haurra jaiota, bertso eskolaren etorkizuna seguru utzi nahi dek, ezta?
Hori dek, hori dek. Orain inork entzuten ez gaituela aprobetxatuaz, bai, hori huan.

San Juanak ere bazetoztik. Ze ordutan gelditu gera Tilosetako kioskoan?
Goizeko 04:30etan, baina azken hiru urtetan ez dek inor azaldu eta bakarka aritu nauk! Kar, kar, kar…

HAMARREKO TXIKIA

Ekonomia edo bertsolaritza, zer da bietan errexago entenditzen?
Biak, interes pixka bat jarri ezkero. Ekonomiaz hitz egitea ez da hala ere, Jon Maiaren 97ko Habanerak baino aspergarriagoa? Gustatzen baldin bazaik ez eta gaur egun, seguruenera, tabernetan gehiena honetaz hitz egingo dik jendeak. Gertatzen dena dek, ekonomiak dauzkala ikuspegi desberdinak. Ez dek aspergarria. Ekonomista onenak karrerarik egin gabekoak dituk. Bakoitzak bere ekonomia gestionatzen dik dauzkan bitartekoekin, baina ekonomistak denak gaituk. Batzuk, norberarenaz gain, saiatzen dituk interpretatzen mundukoa.

Hernanin ere bere ahalmenaz gorago bizi izan dek jendea?
Hernanin ere gorabehera haundia egon dek azken 10-15 urtetan etxebizitzen gaiarekin. Ez zegok etxebizitzen prezioak ikusi besterikan. Zurrunbilo horretan Hernani ere sartu da beste guztia bezela. Eta Hernani igual, nabarmenago, Donostitik gertu dagoelako.

Hernanik badu ezer berezirik beste herriekin alderatuta?
Hernanik daukan bentaja haundienetako bat dek gazte jendearentzat erreferentzia dala. Hori balore haundia dek, ez bakarrikan inguruko taberna eta komertzioentzat suposatzen duenagatik, baizik, herriak bizitza daukalako. Bizitzeko leku atsegin bezela identifikatzen da eta hori inportantea dek.

Orain, trafiko noran­tza aldaketa honekin, izango du komertzioarentzat eraginik?
Helburua izango da komertzioei mesede egitea alde batetikan. Nik ulertzen detena da, trafikoa herrigunetikan atera egin nahi izan dala. Ez zekiat lortuko dan, baina helburua hori bada, nik uste, proba egitea zilegi dala. Eta seguru, kaxkoan eta lasaitasuna dagoen neurrian, komertzioentzat ere mesede izango dala. Guri, lanagatik, tokatu izan zaiguk ikustea toki batean baino gehiagotan, benetan mugimendua eta bizitza dagoen kaleak peatonalizatzean, komer­tzioari mesede haun­­­dia suposatzen diola. Beti ez dek errexa ikusten eta beti ez dek betetzen, baina orokorrean bai.

PUNTU ERANTZUNA

Arnaitz Lasartek
Joxe Luis Urdangarini:


Mukizuek ikasi
al dute bertsotan
kanturako sena ez
daukate lotan,
segida izango da
familiko sokan.
Puntuka aritzen gera
etxian askotan
errimen errotan
ikasi asmotan
ur sakonagotan
hastean borrokan,
bertsoeskolak lagundu
dezala hortan.

Joxe Luis Urdangarinek
Iker Osari:
Hernaniar peto bat
Astigarragara...

BAKARKA HIRU BERTSO
Gaia: San Joanak.
Neurria: Hamarreko txikia

Lan gabeek tristura,
dutenek ikara,
ilusiorik ezin
sartu patrikara.
Panorama iluna
degu baina, hara!
San Joanak nola dauden
bertatik bertara
ospakizunerako
aitzaki ona da.

Gautxorik tabernan ta
txosnan zingi-zanga,
egunez ume eta
helduentzat txanda
Axeri dantza jota
fuego dinbi-danba.
Nahi duen harentzako
orain aukeran da:
bost egunetarako
festa ta parranda.

Nahiz ez diren izango
nahi luketen danak,
egin ditzagun gure
lagunekin planak
eta utzi ditzagun
gerorako lanak;
festa topa dezala
festara doanak.
Gora hernaniarrak!!
ta gora San Joanak!!

PUNTUKA
Hauteskundeen emaitzak
Olatu bat eta apustu baten konfirmazioa.

Zaborren kudeaketa:
Atez atekoa da ingurunea errespetatu arazteko modu ona eta gainera, biztanleentzako erosoa.


SAGASTIALDE ELKARTEA

Kafe bat
ekonomiaz hizketan aritu ondoren, Joxek gonbidatua.

GUZTIRA: 0 €
Norantza aldaketak:
Berrikuntzek hobetzen laguntzen dute beti.

San Juanak:
Laurentzat negozioa eta denentzat izurritea.
Txotx tenporada
Aurten visto y no visto izan da neretzako.

Bertso eskola
Euskeraz bizitzen laguntzeko eskola bat.

Ikastolen bat egitea:
Herri ikuspegitik abantaila gehiago ikusten dizkiot desabantailak baino.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!