-Zer helburu duzue datozen hauteskundeetan?
Helburu garbiak ditu PPk Hernanin: Alderdi Popularrak duen babesa haunditzea: aurreko legegintzaldian genuen bigarren zinegotzia errekuperatu, eta bizilagunek hala nahi badute, ordezkari kopuru hori ere gainditu.
-Alderdi Popularraren programan, zein dira punturik garrantzitsuenak?
Gure Alderdiak garbi dauka Udal bateko gestioak nolakoa behar duen, eta esango nuke, gure eredua justu kontrakoa dela, Hernanin azken lau urteetan jasan behar izan dugunarena. Guk egin nahi dugun politika, guk bultzako duguna, bestelakoa da: aurrekontu orekatu batzuk izango ditu oinarrian, gastua estutik begiratuko dugu, eta gestio zorrotza egingo dugu.
Gainera, Alderdi Popularrean gaudenok uste dugu, pertsonek daukatela garrantzia, eta euren eguneroko arazoek, proiektuek eta ilusioek. Pertsonak oinarri hartuta egingo dugu politika; bizilagunekin harreman zuzenagoa izateko bideak egingo ditugu, entzun, eta planteatzen dizkiguten arazoak konpontzen saiatzeko.
-Ze akordio posible ikusten dituzue Hernanin? Zeinekin gobernatuko zenukete?
Koalizioei buruz eta akordioei buruz hitz egitea ez zait gustatzen, hauteskundeetako emaitzak zein diren jakin arte. Ezertarako ez duela balio iruditzen zait eta hemen ez gaude hipotesiak egiteko. Hala ere, Alderdi Popularrak ez du arazorik edozein alderdirekin hitz egiteko, benetan demokratikoak badira, eta aldi berean, inongo alderdirekin ez dauka loturarik edo konpromisorik. Elkarrizketa modu hori kontuan hartuta, akordioetara iritsi gaitezke.
-Arau Subsidiarioak onartu egin dira, hainbeste urte eta gero. Gauza batzuk aldatu dira aurreko proposamenetik. Zer egingo du PPk gobernatzera iristen bada?
Arau Subsidiarioen Testu Bateratuak ez die kasurik ere egin Hernaniko bizilagunek egin dituzten alegazioei. Egia esan beharko banu, uste dut, zentzuzkoena litzatekeela berriz errebisatzea, baina oraingo honetan bizilagunen alegazioei begiratuta, eta proposamen onak eta beharrezkoak direnak sartuta.
-Etxebizitza dezente egitea aurreikusten da arau subsidiarioetan. Esan da, urte batzutarako etxebizitza arazoa konponduko duela horrek... Ze etxebizitza eredu defendatzen du PPk?
Etxebizitzari buruz, Alderdi Popularrak uste du berebiziko garrantzia duela alokairuzko etxebizitza babestuak. Etxebizitza babestu horiek bultza beharko lirateke, gazteentzako hori baita benetako erremedioa, eta beraiek dira, hain zuzen, arazo edo premia hau gehien nozitzen dutenak, baita justuen dabiltzanak ere.
-Mugikortasun Planak zer esan haundia eman du. Nola ikusten du PPk egindako aldaketa multzo hau, eta plana orokorrean?
Aldaketa nagusia, edo bai gutxienez hauts gehien harrotu dituena izan da, Hernaniko zentroan TAO-OTA gisakoa jartzea. Gutxi pentsatutako erabakia izan da, eta inorengan pentsatu gabe hartu dute, beste askotan bezala: ez herritarrei eragingo dizkien arazoetan, eta dendari txikiei eragingo dizkienetan, eta ez bertan lan egin edo bizi direnei eragingo dizkien arazoetan. Ez da ezer erremediatu, eta ez da beste aukerarik zabaldu. Besterik gabe, zona markatu, eta martxan jarri dute. Nire ustez ez zaio erremediorik eman aparkalekuen arazoari, eta hasieratik sortuko ditu arazoak.
-Krisia eta langabezia dira Hernaniko gaur eguneko arazo haundienetakoak. Zer egingo luke PPk hori erremediatzeko? Hernanin 1.205 langabetu daude; eta gora dijoa…
Langabeziaren arazoa herri guztietan daukate, krisiaren eraginez, eta neurri egokirik hartzeko gaitasunak azaldu ez delako. Hernanin 701 langabetu zeuden 2007an, eta aurtengo martxoan 1205 langabetu ditugu. PPk erakutsi du, agintzen ari den lekuetan, badakiela erremedioak bilatzen. Guk neurriak jarriko ditugu, herriko ekonomia indartu eta lanpostuak sortzeko.
Alderdi Popularrak pertsonengan sinesten du; iniziatiba daukaten pertsonengan, eta gauzei aurre egiteko daukaten gaitasunarengan. Alde horretatik, sistema errebisatu eta erraztu egingo dugu lizentzia, tasa, eta administrazio erregulazioak lortzeko, eta tramiteak egitea arinduko diegu enpresei, bidea errazagoa eta trabarik gabea izan dezaten ekintzaileek, enprendedoreek.
Horrez gain, komunikazioa indartuko dugu Udalaren eta enpresen artean, negozioa egiteko aukera berriak zein izan litezkeen aztertzen joateko.
ATEZ ATEKOA
-Atez Ateko bilketa sistemaren oso kontra agertu da PP Hernanin. Zein dira, funtsezko arrazoiak?...
Atez Ate hondakinak biltzeko sistema hasieratik ikusi genuen astakeria bat balitz bezala. Sistema horrek arazoak eta deserosotasunak besterik ez dizkie ekarri bizilagunei; lehen nahikoa arazo ez, eta orain kezkatuta ibili behar, gaur zabor hau tokatzen dela eta bihar hura. Zikina dela iruditzen zaigu, zabor hori guztia kalean zintzilik dagoelako. Eta azkenik ekonomikoki Udalari eskatuko dion ahalegina hainbestekoa da, ez duela indarrik izango jasateko. Hori gutxi balitz, 6.000 herritarrek firma bilketa egin eta erreferenduma eskatu zuten gaiari buruz; horrek erakusten du zenbat hernaniar dagoen sistemaren kontra.
-Ze sistema defendatzen du Alderdi Popularrak?
Lehenengo eta behin, 6.000 firma horiei kasu egin, eta Hernanin kontsulta egitea proposatzen dugu. Eta horrez gain, gure iritziz kontenedoreen sistemara bueltatu behar genuke, askoz efikazagoa delako, herritarrei arazo gutxiago sortuko dizkiena, garbiagoa, eta merkeagoa.
-Atez Atekoarekin %80 bereizten ari omen da Hernani. Ez dago beste sistemarik, zifra horiek ematen dituenik.
Barkatuko didazue emaitza horiek dudan jartzen baditut, baina azken batean, alde interesatuak eman ditu datu horiek, zuzen zuzenean.
-Nola ikusten duzue erraustegia? Bi arrazoi ematen ari dira erraustegiaren kontra: ekonomikoki izango duen kostua, eta osasun aldetik izango duena. Greenpeace bezalako taldeak ere kontra azaldu dira...
Erraustegia egin egingo da, behar beharrezkoa dugulako, hondakinen hondakinak ezabatzeko beharrezkoa dugulako horrelako azpiegitura bat, Gipuzkoan. Baita %80 bereizten dela esaten den sistema horrentzat ere. Oraindik, izan ere, ez da sistema hoberik ezagutzen zaborrak ezabatzeko, eta gehiago Hernanik eta Gipuzkoak duten bizilagun kopurua kontuan hartuta (Hernani ez baitago bakarrik Gipuzkoan).
Osasunari buruz, zera esango nuke: Europako leku askotan, herrialde oso aurreratuetan eta ekologikoki sentsibilitate bat daukaten herrialdeetan, erraustegiak dauzkate urteetan funtzionatzen; askotan herri eta hiri oso jendetsuetan, eta erdi erdian. Ez da ezagutzen, oraindik, horrek eragindako atzera bueltarik gabeko osasun arazorik. yy
MOTXEAN
-Kiroldegia:
Ados nago, erabat ados, kiroldegia zaharkituta geratu zaigula esaten dutenekin. Iruditzen zait, eta hala komentatu dut Udalean gaiari buruz hitz egin dugun guztietan, egin diren aldaketak, adibidez igerilekuan egin direnak, partxe edo tapaki batzuk besterik ez direla, eta ez dutela benetako hutsunerik tapatzen. Kiroldegi berri bat egiteko lekua eta diru-iturria bilatzen lan egin behar dugu, hemendik aurrera.