Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Ernesto Merino - Aralar:

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 8a, 02:00

-Zer helburu duzue datozen hauteskundeetan?
Gure helburua da Aralar Herna­niko Udalean sartzea, beste erakunde askotan gauden bezala. Azken batean, Aralar Hernanin ere eragile politikoa izatea. Orain arte, beste hauteskunde batzuetan izan ditugun emaitzek argi adierazten dute helburu hori lortuko dugula. Zenbateko indarrarekin sartuko garen... hori hernaniarrek erabakiko dute maiatzaren 22an.

-Aurkezpenean adierazi zenutenez, Aralarrek eskaini nahi du, ezker abertzalea ulertzeko beste modu bat. Zertan oinarritzen da zuen eskaintza?
Hamar urte daramazkigu XXIgarren mendeko Ezker Abertzalea marrazten. Giza es­kubide guztiekin konprometitutako Ezker Abertzale integratzailea, herritarren egu­neroko arazoei irtenbideak bilatuko dizkiena eta politika ezkertiar eta ausartak bultzatuko dituena, hitzaren eta konbentzimenduaren bi­tar­tez. Ez­berdin pentsatzea naturaltasunez onartzen duen Ezker Abertzalea. Iz­pi­ritu libertarioa bultzatu behar delakoan nago, autoritarismoa eta abanguardiak alde batera utzita.

-Aurten 8 zerrenda eta aukera izango dituzte hernaniarrek bozkatzeko; aurrekoan baino bi gehiago… Bildu alderdia hor dago; Denok Hiritar ere bai… Hamai­ka­bat ere berria da...
Hernani, Euskal Herria bezala, guztiz plurala da eta aukera aniztasun hori, horren adierazle. Hala ere, aipamen berezia egin nahiko nuke Denok Hiritar zerrendari bu­ruz. Mundu honetan denok gara etorkin. Hasteko, gizakia bera Afrikatik dator... pen­tsa. Ne­re­tzat edozein gizakik izan behar du eskubidea aukeratzen duen lekuan bizitzeko, legezko es­kubide guztiekin; baita bozkatzeko eskubidea ere. Gizakia delako. Eta kitto.

-Aralar koalizioan joan zen aurreko hauteskundeetan EBrekin; bakarrik presenta­tzen den aurreneko aldia du Hernanin...
Aralarrek ekarpen haundia egin dio Euskal Herriko politikagintzari eta Hernanin ere egin dezakeelakoan gaude. Gainera, bada garaia aralarzale guztiak, eta Hernanin asko daude, armairutik ateratzeko. Aralarrekoa naiz eta harro nago!!!

-Ze akordio posible ikusten dituzue Hernanin? Zeinekin gobernatuko zenukete?

Gu ezkerrekoak eta abertzaleak gara, beraz, programari dagokionez logikoa da pen­tsa­­tzea, bi elementu horiek uztar­tzen dituztenekin izango genukeela adostasun mailarik altuena. Baina egoera ikusita ez dakigu zer gertatuko den. Kasu guztietan ere, oraintxe bertan gure lehentasunetan ez da sartzen gobernatzea.

-Etxebizitza dezente egitea aurreikusten da arau subsidiarioetan. Esan da, urte ba­tzutarako etxebizitza arazoa konponduko duela horrek...

Gauza bat da aurreikustea,  etxebizitzak non egingo liratekeen edota zenbat egingo liratekeen, eta beste gauza bat da benetan egitea. Paperak dena aguanta­tzen du, baina gero aurreikuspen horiek betetzeko konpromiso zeha­tzak beharko dira. Etxebizitza hutsen inguruan ere, adibidez, gauza asko esan izan da urte hauetan: fiskalki zigorrak jarri behar direla, eta abar... baina arazoak hor jarraitzen du.

-Mugikortasun Planak zer esan haundia eman du. Nola ikusten du Aralarrek egindako aldaketa ­multzo hau, eta plana orokorrean?
Trafiko aldaketari dagokionez, trantsizio fasean gaude eta oraindik ezin dira aldaketak behar bezala baloratu. Egoe­ra normaltzen denean iku­siko da mugikortasuna be­netan hobetu den ala ez.
Horrez gain, oraindik ari gara garraio publikorako txartel ba­karra eskatzen. Aralarrek Ba­tzar Nagusietan proposa­tu­tako deskuentoei es­ker asko hobetu da Lurral­de­bu­seko zerbitzua, baina Renfe­rekin lotura egitea falta da, hau da, Lurraldebuseko txartela trenean ere erabili ahal izatea.
Gai honetan, salatu behar dugu baita ere, AHTren proiek­tua nahitaez inposatu behar digutela, mugikortasun beharrei inolaz ere eran­tzuten ez diena.

-Krisia eta langabezia dira Hernaniko gaur eguneko arazo haundienetakoak. Zer egingo luke Aralarrek hori erremediatzeko? Hernanin 1.205 langabetu daude; eta gora dijoa…

Egoera zaila da, zalantzarik ga­be, baina gauzak egin daitezke Udaletxe batetik.
Lehenik eta behin, Udalak kalitatezko enplegu publikoa ziurtatu behar du; azpikontratazioa baztertu behar du, neoliberalismoaren aurkako borroka Udalean bertan hasten baita. Gero, lanpostuak sortzeko neurri asko aztertu litezke. Adibidez, enpresa txikiei indarra emateko, instituzioen artean abal publikorako mekanismoak sortu litezke; Hernaniko langabetuak kontratatzeko klasulak jarri, Udalak kontratatzen duenean; Udalak kontrata­tzen duenean, baita ere, bertako enpresei lehentasuna ematea; Udalak enpresa-haztegia sortu dezake en­presa txikiak sustatzeko; zenbait enpresa mota sortzeko bul­tzada ematea: kooperatibak edo izaera soziala duten enpresak, alegia...; enpresa txikiak sor­tzeko aholkulari­tza eta lagun­tza eskaintzea…
Herriko merkataritza in­dar­tzeak ere sekulako ga­rrantzia du, eta turismoa ere Udalak sustatu beharreko sektorea da. Herna­ni Donos­tiatik oso gertu dago eta baditu elementuak Donos­tiak erakartzen dituen turistek Her­na­nitik ere buelta bat eman dezaten; baina hori hobeto landu behar da...
-Natur ondarea aztertzen hasi da Hernani aurreko legegin­tzaldian. Inguru­me­nak, Aia­ko Harria parkeak, Urumea ibaiak... zer leku behar du Hernanin?
Hernanik badu Urumea ibaia eta hori babes berezia behar duen elementua da. Hausnar­keta egin beharko genuke Urumeak Hernaniko hirigin­tzan duen garrantzia eskaxaz. Gaur egun ibaia herriaren konfiguraziotik kanpo dago, neurri haundi batean industri poligonoek janda. Egoera horri buelta eman behar zaio. Ingurumenari dagokionez, airearen kalitatea aipatuko nuke. Hernanin izugarrizko kiratsa sufritzen dugu etengabe eta aspalditik. XXIgarren  mendean onartezina da.

-Ongintza Patronatuaren apus­tua izan da azken urteetan Zaharren Egoitza berria egitea. Zein dira hurrengo urteetarako erronkak?
Adineko herritarren kopurua etengabe gora dijoa eta, beraz, etorkizunari begira egoera horri erantzuteko baliabide asko jarri beharko dira mahai gainean. Hori da arlo horretan dagoen erronkarik haundiena. Horri gehitu behar zaio krisia egiten ari den lana; gero eta sektore haundiagoa ari da geratzen  sistematik kanpo, bereziki etorkin, gazte eta emakumeak. Hor ere erronka garran­tzitsua dugu.

-Ereñotzuk Auzo Udala izango du aurrerantzean. Nola ikusten duzu aukera hori? Zer emango die ereño­tzuarrei eta zer hernaniarrei?

Ereñotzu Hernani den arren, kilometro batzuetara dagoen auzoa da eta, beraz, guztiz positibotzat jotzen dugu izaera propioa izatea, baita Udal antolaketari dagokionean ere. Pentsatzen dugu hori Uda­letik modu berezian babestu behar dela.
Ereñotzuarrek inortxok baino hobeto dute bertako beharren berri.

-Hernaniko gainerako auzoekin zer harreman behar luke Udalak. Garrantzia haundiagoa behar dutela iruditzen al zaizu?

Udalgintza herritarrekin egin behar da eta internet izan daiteke tresna bat horretarako. Gero, hor ditugu auzo elkarteak ere; bertan herritarrak bildu eta antolatu egiten dira. Pentsatzen dugu bi elementu horiek uztartu behar direla. Parte hartze banakakoa, esan dezagun, eta auzo elkarteen bidez Hernaniko auzoek ere beren ikuspegia txertatzeko aukera izatea. Adibidez, au­rrekontuetan zer esan haundia dute auzo elkarteek.
Auzo elkarteekin elkarlanean jarri behar dira beharrak eta lehentasunak. Ahaztu gabe,  parte hartze banakakoa, eta sektore jakinetan lanean ari diren taldeak.

ATEZ ATEKOA


-Atez Ateko bilketa sistemaren alde azaldu da Aralar. Aldaketa batzuk proposatu dituzue hala ere.
Pentsatzen dugu atez ateko sistema hobetzeko fasean sartu behar garela. Eta hobekuntza horiek egiteko udalak egindako inkesta hartu behar da oinarrian. Bost gai hartu behar dira kontuan, inkestaren emaitzen arabera: herritarren herenak oraindik zailtasunak dituztela sailkatzeko, papera eta kartoia ateratzeko beste sistema baten beharra aipatzen da, altzariak jasotzea dohainik izatearen aukera aztertu behar da, organikoa jasotzeko beste egun bat jartzeko aukera ere aipatzen da eta Hernanin bertan garbigunea izateko beharra.

-Atez Atekoaren kontra alderdi asko daude Hernanin. Argudio nagusiak dira, ekonomikoki suposatuko duen kostua, eta herritarren erosotasuna. Zer diozue?
Zaborren gaiarekin egoera surrealistak sortu dira. Batzar Nagusietan, urteetan bostgarren kontenedorearen aurkako amorratuak orain horren aldeko su­tsuak dira atez atekoaren kontra aritzeko. Errealitatea da sistemak osagarriak izan daitezkeela, Hernanin bertan ikusten den bezala. Nekazal guneetan kontenedoreen sistema dago eta hiriguneetan atez atekoa eta kontenedorea kristalarentzat, eta ez da ezer gertatzen. Sistema bakoitzaren onena aprobetxatu behar da. Gu atez atekoaren alde gaude, besteak beste, organikoa biltzeko eraginkorrena delako, baina batak ez du bestea kentzen. Kasu guztietan ere, erosotasuna ez da irizpide zuzena erabakia hartzeko orduan. Pentsa irizpide hori arlo guztietara zabalduko balitz!!

-Erraustegiari buruz zein iritzi du Aralarrek? Ezinbes­tekoa dela diote batzuk, besteak beste, hondakin kopuru bat beti geratuko delako bereizi gabe.

Erraustegiaren aurka gaude, ku­tsagarriak izateaz gain, arazoa gaiztotu besterik ez duelako egiten, praktikan birziklatzearen aurka dijoalako. Hala ere, egia da beti geratzen dela zati bat erabili ezin daitekeena eta horrekin zerbait egin behar dela. Batzuek proposatzen dute erretzea, beste batzuek zabortegia. Guk uste dugu beste aukera batzuk badaudela, adibidez, gasifikazioa. Gasifikazioa oxigenorik gabe egiten denez ez dago konbustiorik eta, beraz, ez dago kutsadurarik. Gainera, planta txikiak bideragarriak dira eta hobeto egokitu liteke errefusaren kopurura. Birziklatzearen osagarriak lirateke eta ez kontrakoak.

MOTXEAN


Kiroldegia. Kirola orokorrean.
Kirol taldeen jarduera gehiago babestu behar du Udalak.

Kultur Gunea

Kultur azpiegitura berriaren aldekoak gara, baina zaila izango da abagune honetan kanpoko diru iturria lortzea. Denok egin beharko dugu bat instituzio guztietan proiektu hori aurrera atera­tzeko.

Gaztetxea-Kontrakantxa.
Augestionatutako proiektuaren aldekoak gara, beraz interesgarri­tzat jotzen dugu gazteek beren espazioak kudeatzea.

Udaletxeko Euskara Plana.
Pentsatzen dugu Udala politika egokia ari dela aurrera eramaten. Indarra erabileran jarri behar da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!