Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Beatriz Fernandino - Ezker Batua-Berdeak:

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 8a, 02:00

-Zein da EB-Berdeak alderdiaren helburua, datozen hauteskundeetan?
Errepresentazioa bilatzea, eta horrela, lanean segitzea Her­naniko bizilagun guztien alde; batez ere gehien behar dutenen alde.

-EB-Berdeak alderdiak zein punturi emango die garrantzia datozen lau urteetan?

Auzoei garrantzia eman nahi diegu, eta horren alde lan egingo dugu: eraikinak behar dituzte, liburutegi eta bilera gelekin, kirol instalazioak...
Osasunaren aldeko apustua egingo dugu, ingurumenaren aldekoa, hondakinak gaika biltzearen aldekoa, birziklatzea eta berrerabiltzea indartu behar dira. Kutsa­du­ra sortzen duten industriak kontrolatu behar dira, eta gutxitu egin behar dira, bai hondakinak eta bai isuri ku­tsakorrak.
Garraio publikoa hobetu nahi dugu, eta mugikortasun iraunkorrari gehiago begiratu, industria poligonoetara iristeko erraztasunak bilatu asmotan. Intermodalitatea, hain zuzen.
Alokairu sozialeko etxebizitzekin parke publikoa sortu behar da, herritar guztiek erraztasunak izan ditzaten etxebizitza lortzeko.
Udal kanpaina bat bultzatuko dugu, jarrera gizalegezko eta txukunak indartzeko, batez ere, txotx denboraldian.  
Botoa emateko eskubidea defendatuko dugu, eta parte hartzeko eskubidea ere bai, zentsatuta dauden herritar guztientzat, nongoak diren begiratu gabe.
Hizkuntza normalizazioaren alde egingo dugu.

-Aurten 8 zerrenda eta aukera izango dituzte hernaniarrek bozkatzeko; aurrekoan baino bi gehiago… Bildu alderdia hor dago; Denok Hiritar ere bai…
Sentsibilitate politiko eta sozial guztiek aurkezteko eskubidea dutenean hitz egin ahal izango dugu, soilik, DEMOKRAZIA eta ASKATASUNARI buruz.

-EB-Berdeak eta Aralar koalizioan joan ziren 2007an. Zein koalizio edo akordio posible ikusten ditu EBk hauteskunde ondoren?

Aurten bakarrik aurkeztea erabaki dugu, eta ez diogu aterik itxiko inongo akordiori, hauteskunde ondorenean.

-Arau Subsidiarioak onartu egin dira azkenean, urte de­zente eta gero. Gauza asko aldatu dira.

Orokorrean balorazio ona egiten dugu Arau Subsi­dia­rioei buruz. Ingurumena errespetatzen dute, etxebizi­tza kopuru ikaragarri hura gutxitu egin da, etxebizitza babestu gehiago eskainiko dira, eta lurzoruaren lege berriari egokitutakoak dira.

-Etxebizitza. Arau Sub­sidia­rioetan aurreikusten den etxe kopurua dezentekoa da. Ze eredu defendatzen du EB-Berdeak alderdiak?
Arau Subsidiarioetan aurreikusi diren etxebizitza asko babestutakoak dira; bataz bes­teko nahiko haundia. Ezker Batuak babestutako etxebizitza defendatzen du, eta alkilerrekoa. Horretara­ko, aurreikusi diren promozioez aparte, Udal parke publiko bat egitea aurreikusten dugu, alokairuzko etxebizitzena; gainera, etxebizitza hutsak erabiltzeko bidea indartu nahi dugu, eta per­tsona bakarrarentzako etxebizitza bultzatu.

-Mugikortasun Planak, trafiko aldaketek eta abar, zer esan haundia eman dute. Zein iritzi du zuen alderdiak?
Beharrezkoa zen Hernanin Mugikortasun Plan bat egitea. Guk pazientzia pixka bat eskatuko genuke, gauzak bere tokira etorri arte. Konben­tzituta gaude, etorkizunerako onuragarria izango dela Hernani­ren­tzat.

-Krisia eta langabezia dira Hernaniko gaur eguneko arazo haundienetakoak. Zer egingo du EB-Berdeak hori erremediatzeko?
Lana sortzeko egiten diren inbertsio guztiak defendatuko ditu Ezker Batua alderdiak.

-Natur ondarea aztertzen hasi da Hernani aurreko legegin­tzaldian. Ingurumenak zer leku behar du Hernanin?

Gure lehentasunen artean dago, edozein proiektu, ingurumenaren alde egiten dena, parke naturalak babestu edo sustatzeko, edo gure inguru naturalaren defentsan. Apro­betxatu nahi nuke, aipatzeko, gure ibaiaren babesak daukan garrantzia: Urumea ibaia­ren defentsak, alegia.

-Zaharren Egoitza berria eginda, zein dira Ongintza Patro­natuaren hurrengo apustuak zure ustez?  

Gure gizartea gero eta zaharragoa da, eta rekorte sozialak gero eta gehiago; itxaron zerrendak hain luzeak izan ez daitezen lan egin behar dugu, eta horretarako behar beharrezkoa da Udala baino indar gehiago duen administrazioren batek esku hartzea. Adibidez, modifikazio fiskala beharrezkoa litzateke.
Inmigrazioak adibidez, berebiziko garrantzia du guretzat, eta erabat inplikatuko gara integrazio soziala lortzeko, etorkinek gainerako herritarren eskubide eta betebehar berdinak izan ditzaten.

-Ereñotzuk Auzo Udala izango du aurrerantzean. Nola baloratzen duzue prozesua?

Auzoaren ezaugarriak ezagututa, oso ontzat jotzen dugu Ereñotzuko Auzo Udala; horregatik, EBk, hasieratik babestu du.

ATEZ ATEKOA


-EB-Berdeak izan da Atez Ateko bilketa bultzatu duen alderdietako bat. Nola baloratzen duzue emaitza?

Atez Ate hondakinak biltzen ari garela urtea bete da, eta nahiz eta erraustegiaren alde dauden zenbait alderdik bonbardeo mediatikoa egin, hernaniarrek arduraz eran
tzun dute. EBko kideok eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei izan duten jarrera onarengatik.

-Hernanin firma bilketa haundia egin zen erreferenduma eskatzen, gaiari buruz. 

Joan den urtean egin zuten proposamena, eta orduan EB erreferendumaren aldekoa zen, probarako epe bat utzi ondoren. Horregatik, ondo irizten diogu orain ere, eta defendatu egingo dugu herri kontsulta bat. (Dena dela, harritzekoa da, alderdi politiko eta herritar horiek nolaz ez duten eskatzen erreferendumik erraustegiari buruz, eta erraustegiaren kostu ekonomiko haundiei buruz).

-Oposizioko alderdi gehienak erraustegiaren alde daude, eta Atez Atekoaren kontra. Aipatzen dituzten bi arrazoi nagusiak dira ekonomikoa eta deserosoa dela.

Gu eredu sosteniblearen al­dekoak gara: hasieratik hondakinak bereiztu, atez ate bildu, konposta egin, birziklatu ez diren hondakinak biometanizatu, materia inertea konpaktatu, eta bilguneetan pilatu beste edozein material inerte bezala. Inerte horrek esan nahi du, material horrek ez duela likidorik isurtzen, eta ezta gas toxikorik ere (usain txarra gas horrek sor­tzen du zabortegietan). Hon­da­kin horiek gaur egunean okupatzen du­tenaren %10 gutxiago okupatuko lukete. Errauste­gia­ren hondakinek zabortegia behar dute, hondakin toxiko eta arrisku­tsuentzako zabortegia, hain zuzen.

MOTXEAN

Nekazaritza: 

Gure nekazaritza eta abel­tzaintza indartu behar dira. Nekazaritza ekologikoa indartzearen alde gaude, eta merkatura bitartekaririk gabe iristeko bideak egiten lagundu behar da.

Industria: 
Industriaren barruan, arrisku haundiko enpresak dauzkagu, eta horien gainean egongo gara, eta horrela airearen kutsadura jaistea ea lortzen dugun.

Merkataritza:

Merkataritza eta ostalaritza indartzeko lan egingo dugu Hernanin. Hala ere, hernaniarren bizi kalitatea ez dugu ahaztuko (herrian lasai paseatzeko aukera izatea, lo egiteko aukera izatea, eta abar...) 
Oso merkataritza fina daukagu Hernanin. Dendariek bezeroekin duten harremana zuzenekoa da; gertukoa. Hori da daukagun merkataritza Hernanin, eta Udalak ondo zaindu behar du, mimatu.

Chillida Leku:

Chillida Leku enpresa pribatu baten eskuetan dago, eta enpresa horrek kultur ondare bat esplotatzen du. Ondare kulturala den aldetik, zabalik egon behar du herritar guztientzat, eta denek behar dute gozatzeko eskubidea. Orga­nismo publiko batek baino gehiagok diruz lagundu dute proiektua, tartean Hernanik, eta denek jarri dute zerbait iraun zezan. Museoko zuzendaritzak jakinarazi zuenez, zailtasunak zituzten museoa irekita mantentzeko, eta laguntza eskatu zien instituzioei.
EB alderdiak benetan sentitzen du museoa gai ez izatea ateak zabalik mantentzeko. Gure nahia litzateke berriz ere gozatzeko aukera izatea.

Kiroldegia eta kirola:
Kiroldegia gainezka dago. Kirol instalazioak auzoetan jartzearen aldekoak gara, Ezker Batuan. Pena da, baina Hernanik gero eta potentzial txikiagoa dauka kirol arloan.

Kultur Gunea:

Behar beharrezkoa da kultur zentro berri bat Hernani­ren­tzat. Baina, ea gai garen diru iturriak biltzeko, Kultur Gune hori egin ahal izateko.

Kontrakantxa Gaztetxea:
Gazteak autogestionatutako lokal bat egokia da.

Udaletxeko Euskara Plana:
Bide ona egiten ari da Uda­le­ko Euskara Plana. Euske­raren erabilera indartu behar dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!