Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Unai Agirre, Arantxa Eguzkitza eta Ana Larred

Kronika - Erredakzioa 2010ko urt. 17a, 01:00

Aspaldikoa da sagardogileen elkartea, nahiz eta 1977an sortu zen ofizialki. Badakigu bilerak aspalditik egiten zituztela. Momentu honetan Gi­puz­koa­ko 57 sagardotegik osatzen dute elkartea, horietatik 10 Hernanikoak, eta guztien artean 9 milioi litro inguru sagardo pro­duzi­tzen dituzte. Sagar­doa­ren promozioan lan egiten du elkar­teak, eta elkartekideen eguneroko beharrei eta interesei erantzutea du helburu.
Sargardoaren loraldi berria izan litekeen garai honetan, elkartearen erronka nagusiak zein diren jakin nahi izan du Her­naniko Kronikak. Hiru hernaniarrek erantzun diote: Aran­txa Eguzkitza lehendakariak, eta Unai Agirre eta Ana Larred elkarteko langileek.

Elkartearen helburu orokorrak bi dira: sagardoa promoziona­tzea eta elkartekideen interesak defenda­tzea. 2008an zuzendaritza berritu zen arte, zein izan dira historian zehar eman diren pauso nagusiak?
Aurrekoek esaten dutenez, elkarteak bizi izan du sagardoa oso behean egon zen ga­rai­tik, gora altxa den garaia. Elkarteak lan pila bat egin du orain arte. Hemen momentu batean ia sagardorik ez zen egiten, eta berriz egiten hasi zenean, sagarraren arazoa etorri zen, asko egiten hasi zirelako eta nahiko sagar ez zegoelako. Orduan elkartetik bideratu zen, kanpora joan eta sagarrik bazegoen ikustea. Gaur egun, berriz bertan sagar gehiago jartzeak behar du helburua.
Garai hartan, baita ere, sa­gardoa oso baju ze­goen ga­raian, promozio mo­duan herriz herriko sagardo egunak antolatzen aritu zen elkartea. Gaur egun, horiek guztiak koordinatzen, erronka haundia du elkarteak.
Horrez gain, Diputazioak  Zubietan sagasti bat lanean dauka, eta urte horietan lan asko egin da sagar motak-eta pixka bat gordetzen, eta bariedade horien ezaugarriak definitzen. Diputazioa, Elkartea eta Domingo Arina enologoaren eskutik egin zen lan hori, eta 14 sagar klase daude bereiziak. Hori ere elkarteak bideratu zuen bere garaian.
Sagardo botila ere, guk ezagutzen dugun hau, elkarteak bideratuta definitu zen.
Historian zehar, gauza asko egin ditu elkarteak.

Sagardoaren etorkizuna, kalitatetik ikusten du elkarteak.
Bai. Sagarraren kalitatea, prozesuaren kalitatea eta produktuaren kalitatea. Horiek dira hiru ardatzak.

Sagarraren kalitatea hobe­tzeko, ze pauso planteatzen dira?
Hemen sagar klase asko egon da, eta 14 bariedade definituta, pixka bat, bariedadeen kalitatea definitua dago. 80ko hamarkadan egin zen lan hori. Baina, segi beharra dago lan horretan. Berriz ere, sagar mota horiek katalogatu, inbestigatu... Eten­gabeko lan bat behar du ho­rrek. Inoiz ez da bukatzen lan hori. Ez dakigu, etorkizunean zein behar izango dituen sagardoak.
Momentu hone­tan baztertuta dagoen sagar mota batek izan ditzake ezaugarri batzuk gero beharko direnak; eta sagardogile bakoitzak ere, bere bidea definitu behar du. Horregatik, hor etengabeko lan bat dago.
Guk nahi duguna da, ea sagar mota guztiak gorde­tzeko bidea egin litekeen. Gaur egun guk ez daukagu baliabiderik, baina administrazioekin hizketan ari gara, nolabait, sagar klase guztiak gordetzeko leku bat izateko. Hori da sagardogileen helburua, eta sagargileen helburua.
Aldi berean, hemen urtero ez dago nahiko sagar. Eta arazo haundi bat dago, urte biz behin ematen duela sagarrak. Hori konpontzeko bideak jarri behar dira. Teknikak bilatu behar dira urtero produzitu dezaten sagastiek.

Eta asko aurreratzen ari al da horretan?
Hor Fruitel izan liteke klabeetako bat. Pausuak ematen ez da elkartea bera ari, baina sektorea ari da pausoak ematen; kanpoan dauden teknikak ikusi, hemen bertan dauden sagastiak profesionaliza­tzeko bideak jarri... hori da bidea.
Profesionalizatzeko bidea jartzea da garrantzitsua, izan ere, gaur egunean medioak badaude, ez izateko urte batean hainbeste, eta beste urte batean hain gutxi.

Sagardoa egiteko prozesua hobetzeko berriz, zein dira pausoak? Makinaria aurreratua dago: biltze mekanikoa, tolareak... zenbateraino ari dira sartzen sagardogileak?
Orokorrean asko aurreratu da prozesuan bertan. Sagardo­tegiak egokitu dira gaur egunera. Gaur egun sagardotegi gehienetan ikusten diren sistemak nahiko aurreratuak dira. kupel berriak jarri dira, garbitasun sistema onak dau­de, tolare aurreratuak daude...
Hori guztia nahiko garatua dago eta hor inbertsio haundiak egin dira. Orain dela 10-15 urtetik inbertsio fuerteak egin dituzte sagardogileek.

Enologoak garrantzia hartu dute sagardo produkzioan...

Bai, eta elkarteak antolatzen ditu ikastaroak enologoekin. Orain dela hiru-lau urte formazioan sartzea erabaki zuen elkarteak.

Orduan ikastaroak dexente antolatzen dira.
Bai. Enologoekin katak; sukaldaritza ikastaroak; analitikako bat egin nahi dugu; txotxean lan egin behar dutenentzako ikastaroa...
Eta etorkizunean ikastaro eskaintza beharretara egoki­tzen joango gara.
Eta ikastaro horien ba­rruan, hasi gara jardunaldi monografiko batzuk egiten. Egun bateko jardunaldiak edo goiz batekoak. Etiketatuei buruzkoa egin dugu; markari buruz egingo dugu; trazabilitateari buruz beste bat.
Ikastaroak bazkideei eta sagardogile profesional guztiei zuzenduak daude.

Produktuaren kalitatean, aurretik aitatutako guztiak izango du eragina. Markak ere izango du garrantzia produktuaren kalitatean.
Sagardo mundua ari da markaren kontua lantzen. Elkarte bat sortua dago, Sagardo Ma­haia izenekoa, eta hor 25 sagardogile daude sartuta. Denak Gi­puzkoakoak dira, eta 22 elkartekideak. Mu­­gimen­duan dago hori guztia, ikusten delako kalitatezko marka bat behar duela sagardoak.   

Eta promoziora sartuta. Feria batean eta bestean ikusi dugu Sagardogileen Elkartea. Zein da helburu nagusia?
Sagardoa ezagutaraztea. 4-5 urte dira elkartea ferietara joaten hasi zela. Urtero joaten da elkartea 6 bat ferietara: Gur­met Madrid, Alimentaria Bar­celona, San Sebastian Gas­tro­nomika, Fo­ccus Bilbao, Algu­sto Bilbao, Lurrama Baiona...
Eta turismo feria batzuetara joaten ere hasi da elkartea.
Sagardoari merkatua za­baltzea da helburua. Momen­tu honetan merkatu bat badu sagardoak, hemen inguruan, merkatu dexente bat, baina haunditu litekeena. Gero eta kanporago joan eta merkatu hori txikiagoa da. Baina merkatu potentzial haundiak dauz­ka sagardoak.

Merkatua badu, beraz,
sagardoak.

Esku artean dugun produktuak etorkizun haundia izan dezake, baina lan haundia egin behar da. Sagardoa da edari bat: alkohol graduazio bajua daukana, freskagarria dena, naturala dena, osasungarria dena bere tamainan edanez gero, gustatzen den edaria da adin tarte guztietan... hori konprobatua daukagu. Eta horren aldeko oihu bat egin beharra dago, ez delako egin urteetan.
Momentu honetan, merkatu batzuetan ari da hemengo sagardoa sartzen: Madrid, Bartzelona, Levante aldea. Eta kanporago ere hasita dago jendea, Rusiara, Japonera, Estatu Batuetara, Canariasera, Ma­llor­ca, Frantzia... Horiek merkatu haundiak dira eta lan egin beharra dago.

Besterik azpimarratu nahi?

Bai, bihotzez go­go­ratu nahi genuke Jokin Ota­ño zena, per­tsona klabea izan delako, bai elkarteko zuzendaritzan, bai elkartean bertan, eta sagardo munduan, orokorrean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!