Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] TXOTX DENBORALDIA GEHIGARRI BEREZIA-AIZPEA GOENAGA

Kronika - Erredakzioa 2010ko urt. 17a, 01:00

Aurtengo lehen sagardo tragoa edateko gogoz al zaude?
Bai, gogo eta ilusio handiz, plan ikaragarria da igande eguerdian Hernanira joan eta lagun artean aurtengo sagardoari lehen tragoa ematea. Gainera ez dut gezurretan ibili behar sagardoa goratzerakoan.

Hernaniko txotx irekieran parte hartzeak ilusioa egiten dizu, beraz.
Nola ez! Hilabete asko iraungo duen festa bateko txupinazoa piztea bezalaxe da. Sagardotegien festaren metxa piztea, eta hortxe lehenengo tragoa hartzea sekulako ohorea da. Egia esan urduri samar ere banago.

Argiñano, Olaizola anaiak, Barricada, Javier Vizcaino,… eta zu. Sagardoa aitzaki paregabea da itxura batean behintzat ezberdina den jendea elkartzeko.
Hala da, bai. Jende ezberdina bildu da sagardoaren denboraldiaren hasiera emateko. Azken finean, sagardotegietan ere halako giro nahasia aurkitzen da normalean. Hain bereziak diren leku hauetan, giroa ere berezia izaten da. Kanpotar koadrila bat aurki dezakezu, edo aspaldi ikusi gabeko lagunak, edo bertsotan hasiko diren batzuk, edo dantzan… Bertan aspertzea ezinezkoa da. Eta hori handia da gero!

Urtean zehar sagardotegira joateko ohiturarik ba al duzu?
Bai, beti izaten da afariren bat, edo lanekoekin elkartu eta eskapadaren bat,... Joan den denboraldian, azken aldiz joan nintzenean, ikastola garaiko lagun batzurekin elkartu nintzen haietako baten sagardotegian, eta ondo baino hobeto pasa genuen.

Euskaldunak jan edanarekin lo­tzea ez zaigu gustatzen askotan, baina ez al daude oso presente gure bizitza eta ohituretan?
Bai, baliteke. Hala ere, ez dut uste ondo jan eta edatearekin lotzea gustatzen ez zaigunik. Baizik eta, batzuetan hainbeste hitz egiten da horretaz, badirudiela euskaldunok hori kenduta ez garela ez ezer eta ez inor. Eta hori ere ez da!

Sagardotegi irekieran parte hartuko duzu. ‘Sukalde Kontuak’ filma zuzendu berri duzu. Zu ere an­tzerkigintzarekin eta zinegintzarekin baino gastronomiarekin lotu beharko zaitugu laster.
Bueno, ni sukalde artean jaio nintzen. Eta sukaldean aritzea ere gustatzen zait, baina tamainan. Dena dela, irakasle batek, beti esaten zigun artea sukaldatzea bezala zela. Artean, sukaldean moduan, jenero ona eduki (ideiak), lana gogoko izan, mimo handiz jardun eta jendearen gozamenerako izan behar da emaitza. Ez dut aholku hura sekula ahaztu.

Zuk zuzendu duzun ‘Sukalde kontuak’ aipatu dut . Euskal zinea egitea posible dela erakusten duen beste adibide bat da.
Ez da erraza, baina zorionez bai. Filma bat egin ahal izateko arazoa dirua lortzea izaten da, eta Sukalde kontuak egiteko zoronekoak gu! Lortu genuen eta baita egin ere. Oso pozik gaude, baina gehiago egin behar lirateke.

Aktorea zara, baina horrez gain zure lehen zuzendari lana egin zenuen iaz. Guztiz lan ezberdinak dira ezta?
Bai. Egia esan, oso ezberdina da zuzentzea eta aktore izatea. Baina bi alderdiak ezagutzea oso aberasgarria da, eta batak besteari laguntzen dio.

Horrez gain, aurretik telebistan eta antzerkigintzan ere lan asko egina zara. Zerk betetzen zaitu gehien? Edo zer eskaintzen dizu alor bakoitzak?
Alor guztietan antzeztea dut gustuko: antzerkigintzan, telebistan, zinean. Idazteak eta zuzentzeak ere betetzen nau. Ez nioke bat berari ere egiteari uko egingo. Guzti­tiota­riko proiektuak izaten ditut esku artean aldika. Eta lehen esan bezala, alor bat lantzeak besteari mesede egiten dio, aberastu egiten zaitu eta beti ikasten duzu zerbait probetxugarria.

Honezkero beste proiekturen bat izango duzu buruan. Zerbait aurreratzerik ba al duzu?
Bai, Kubatik etorri berria naiz. Dragoi ehiztaria filman parte hartu dut bertan aktore moduan. Eta orain gidoi bat idazten ari naiz. Hor nabil ordenagailuaren aurrean istorioa, kontakizuna eta irudiekin borrokan.

Barbara Goenaga, zure iloba, aipatzera ere behartuta nago. ‘Goenkale’ko Ainhoa txikia ibilbide bikaina ari da osatzen. Zuk izango duzu zerikusirik arrakasta horretan?
Lan izugarria ari da egiten Barbara. Oso ona eta asko pozten nau. Baina, ez nau batere harritzen, txiki txikitatik zuen berezko grina, zeozer berezia. Oso langilea da gainera. Horregatik, aipatu duzun arrakasta, berea da goitik beheraino, nik ez dut zerikusirik. Meritua lan egiten duenarena da.

Barbara ez da zuen familiako artistarik gazteena, hala ere?
Ez. Nire alaba ere Goenkalen agertu zen. Eta orain gutxi, Zorion perfektua-n. Anne Igartibururen gaztetako per­tsonaia berak antzeztu du.

Zerbait erantsi nahi baduzu…
Ez zaitez txotxolo izan, eta zoaz txuleta jan eta txotx egitera, gero txispa eta puntxa duen sagardoa edanda, txisteak ere kontatuko dituzu-ta, edota bertxoren bat bota, edo txalaparta jo. Baina txoriburutzen hastean, txapla txapla, txintxo-txintxo etxera! 2010 honen sagardo txupinari eman eta... Txotx

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!