Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] AIMAR IRIGOIEN - Harrijasotzailea

Kronika - Erredakzioa 2009ko uzt. 10a, 02:00

Lehenik eta behin, zorionak uztailaren 5eko garaipenagatik. Ez zuen nahi bezain beste emozio izan, baina laugarren aldiz espezialitate horretan txapela izatea pozgarria da ezta?
Bai, laugarren urtez irabaztea bakarrik ez. Txapel bakoi­tza irabaztea oso gauza polita da, nahiz eta aurrenekoa izan. Eta, esan bezala, ba horixe, emozio pixka bat faltatu zi­tzaion, bi bakarrik ginen eta lesionatu egin zen Joseba. Pena zen, hainbeste jende ikustera joan eta saltsa gehiago ez jarri ahal izatea.

Badirudi, bolada txarra ari dela pasatzen: Ostolaza tiroiarekin, Gorostidiren Harria hautsi zen...
Bai, horiek tokatu egiten dira. Gainera, bagenekien orain epoka txarra dela txapelketak jokatzeko, zeren exibizio asko dauzkagu orain eta gelditu ere egin gabe gabiltza, alde batetik bestera. Lehengo urtean Santo Tomas egunean jokatu zen, eta orduan exibizioak bukatuta hiru, lau bat hilabete genituen horretarako, presta­tzeko, eta beno, nahiko ondo. Baina orain, exibizio asko dauzkagu eta nekatuta gabiltza.

Lesioek eta horrelako detaileek motibazioan eragingo dute ezta? Zer nahiago duzu lehiaketa zaila izatea, ala erraza?
Nik uste denok nahiko genukeela lehiak errazak izatea. Baina bueltan badago, jendeak esker haundiagoa ematen diola lehiaketa zailtxoagoari eta lan gehiago egin behar denari.

Hala ere, igandeko txapelketan umore onez ikusi zintugun, parrez, eta giroa ere ederra zen. Publikoarekin hitz egiten ikusi zintugun...
Bai, bai. Ni beti izan naiz publikoarekin asko lotzen saiatzen dena. Nahiz eta ni ere justu-justu ibili nintzen. Bizkarra izorratuta daukat eta Ostolazaren lesioa niri ere, ez zitzaidan gaizki etorri pixka-pixka bat jaisteko eta harri batzuk uzteko. Baina, ondo, ondo aritu nintzen, bai.

Orduan nahiago duzu jende asko egotea ezta? Ala urduritu egiten zaitu horrek?
Ez, ez. Nik, zenbat eta jende gehiago, nahiago.

Bestela, iaz Euskal Herriko Harri Haundi eta Txikien Txapelketa irabazi zenuen, Gipuzkoakoa ere bai eta Izeta II.aren aurkako apustuan ere garaile izan zinen. Eta, or­duan, zera esan zenuen: ´hurrengo urtea honen modukoa izatea sinatuko nuke gustura`. Aurten, bide berdinetik zoaz, ezta?
Bai, bide hori daramakigu. Ez dago harrijasotzaile mailak. Esan nahi dut, gutxi daudela. Orain, bai harri txikietan, bai haundietan, jende gutxi dago eta berdintsu gabiltza, hor bueltaka. Bide berdintsua daramakigu eta ea horri eusten diogun.

Orduan, iazko marka berdintzeko edo, Izetatarren desafioa daukazu. Horren aurrean zer diozu?
Egia esan, hori ez dugu pen­tsatu. Baina Izetatarren de­safioari aurre egiteko, ez dut uste harri horrekin aukerarik izango denik. Hiru fenomeno dira. Gainera kubikoan, oso oso ondo moldatzen dira eta beste hiru bilatzerik ez dago horiei kontra egiteko.

Eta, markak egitea gustuko duzula eta, aurten besterik egitea pentsatu duzu?
Hori, segun. Segun nola gauden, segun txapelketatik eta exibiziotatik nola bukatzen dugun. Urtearen azken aldean lau hilabete libre egoten dira eta, beno, tarte hori igual aprobetxatu leike markaren bat edo beste egiteko. Baina beno, lehengo urtea nahiko gogorra pasa genuen eta aurten pixka bat jolastuz pasa nahi dut: exibizio batzuk egin eta pixka bat jendearekin gozatzeko.

Bukatzeko, datorren igandeko erakustaldiari begira, Martindegiko auzoan izango zara Beñat Telleriarekin. 13urterekin zure lehenengo markak berdintzen ari da eta etorkizun batean hortxe izango duzu ezta?
Bai. Gainera, gauza pozgarria da gazte batekin ibiltzea. Beti izan dut gustukoa gazteak lehian ikustea. Eta, gainera, ia-ia familiakoa den gazte bat da Beñat Telleria. Gurekin batera entrenatzen da, astean bi aldiz elkarrekin egoten gara... Ez dakit igandean joateko posibilitatea izango dudan, ze bizkarretik pixka bat izorratuta nago. Gaur arratsaldean edo bihar entrenamendu bat egingo dut eta ea moldatzen naizen joateko. Igandean bizkarreko minez bukatu nuen, baina ahaleginak egingo ditut horra joateko. Azken finean, hor ibili gara gora eta behera eta saiatuko naiz joaten. Gainera, Beñatekin, nola ez, gusturago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!