Zer moduz joan da Morgeseko simposiuma?
Oso gustora egon naiz. Oso polita da ingurua eta guztia ongi prestatua zegoen.
Lehenago ere parte hartu izan duzu simposiumetan, baina sari hau da eskuratu duzun lehenengoa, ezta?
Orain dela 7 urte Alme-riako simposiumean izan nintzen eta saria lortu nuen. Baina bai, halako mailakoa jasotzen dudan lehenengoa da eta pozik nago, nire izena nazioartean zabaltzeko aukera ematen baitit.
Zer da sari hau zuretzat?
Halako sariek ezagutzera emateko balio dute eta pozik hartzen dira, baina momentuan ez dute jaten ematen. Esaterako, ez dut ezer saltzerik lortu. Oro har, beste urteetan simposiumetan ia lan guztiak saldu izan dira eta aurten 7 bakarrik. Ez dakit krisiarengatik izan den edo zer baina jende asko ibili den arren, oso gutxi saldu da. Beraz, alde batetik pozik nago eta halako sari gehiago baldin badatoz ongi etorriak izango dira, baina dirua ere nonbaitetik atera behar da.
Hemen ere sari ugari jaso dituzu: Usurbilen, Hernanin, Errenterian... Bertako sariek ala kanpokoek egiten dute ilusio gehiago?
Ezberdina da sari bakoitza, baina agian Errenteriakoak egin zidan ilusio gehien. Batez ere, egur-tailan sartzen ahalegintzen naizen ikuspuntu berri hori kontuan hartu zutelako eta hori saritu zutelako.
Hurrengoa zein gustatuko li-tzaizuke izatea?
Ez dut sari berezirik desia-tzen. Baina bat aipatzekotan, orain Usurbilen Mikel Labo-aren omenez eskultura lehiaketa antolatuko da eta gustatuko litzaidake aukeratutako eskultura hori nirea izatea. Laboa bera izan zenagatik eta herriko kaleetan nire lanak egotea gustatzen zaidalako.
Azken sariari helduz, zer da eta nola bururatu zitzaizun?
Simposium bakoitzean baldintza ezberdinak izaten dira. Suitzako honetan, bi eskultura eginda eraman behar ziren eta beste bat han bertan egin behar zen. Saritzen duten lana bertan egindakoa izaten da. Harrian edo egurrean egin aukeratu daiteke eta nik egurrean egitea erabaki nuen. Emakume formako egur taila zen aukeratutako proiektua. Lana gauzatzeko 10 egun geneuzkan eta 1,5m x 0,5m x 0,5m neurriko enborra.
Zergatik egurra?
Simposium honen beste ezaugarri bat eskuz landu behar izatea da. Ezin da motozerrarik edo halakorik erabili eta egurra harria baino errazago landuko nuela pentsatu nuen. Materiala gainera zozketaz aukeratzen da han bertan eta tokatzen zaizun harriaren arabera agian 10 egunetan ez du bukatzeko denborarik ematen. Egurrean ezkia tokatu zitzaigun eta oso erraz lantzen den egurra da.
Momentuan egin behar hori...
Gogorra da. 10 egun bakarrik dauzkazu, ez dakizu denbora izango duzun lana bukatzeko eta inorekin erlazionatu gabe aritzen zara. Ni bukaerarako hasi nintzen jendearekin hizketan-eta, baina batzuk ez. Neska bat bazegoen nire aldamenean eta hura ez zen geratzen. Kristoren ordu pila pasa zituen eta gero ikusten duzu ez dutela saritu. Irabazteko zorte pixka bat ere izan behar dela uste dut.
Zer egin duzu lanarekin?
Bertan utzi dut. Han uztea merezi zuela esan zidaten ziurrenik udaletxeak edo bankuren batek edota halako beste erakunderen batek erosiko zuelako.
Herrialde ezberdinetako eta maila haundiko eskultoreak ezagutzeko aukera izango zenuen.
Egia esan, Euskal Herritik ateratzea gustatzen zait besteen lanak ezagutzeko eta, modu batean, nire maila non dagoen jakiteko. Hemen esaten didate agian oso lan ona dela, baina hori kanpoan ere ikusi egin behar da. Euskaldunok askotan onenak garela uste dugu.
Nola hartu zaituzte han?
Bitxia egiten zitzaidan, bai-na han, ikaslea edo maisua zara eta nire tailer propioa du-danez eta nire eskulturak lantzeko moduagatik maisu deitzen zidaten. Ni, ordea, oraindik ikasle ere kontsideratzen naiz. Oraindik ikasten ari naiz eta ziur bizi guztia ikasten pasako dudala. Hori azaldu nahi nien, baina frantsesez kaxkar xamar moldatzen naiz.
Gaur egun, honetatik eta enkarguetatik bizi zara, ezta?
Lehenago ibilia naiz kamarero, obran lanean edo dena delakoan. Hori bai, eskulturarekin lotutako zerbait ateratzen bazitzaidan aurreko lana utzi egiten nuen. Orain ez dut beste lanik egiten, baina beti egon behar izaten da enkarguen zain, aurrera egiteko diru nahikorik aterako ote duzun kezkarekin eta horrela ezin da ezer sortu. Sormenerako ez da ona. Denbora lasai hartu eta nahi dudana sortzen hasteko gogoa badut.