Zein da EA erakundea utzi eta Alkarbide erakunde politiko berrian sortzeko arrazoia?
EAk azken urteetan hartu duen ibilbide politikoa hasierako proiektutik desbideratu egin da. Abertzaletasun historikoaren enborretik atera eta Ezker Radikalaren orbitara eraman nahi izan gaituzte. Bi estrategi horiek bateraezinak dira eta guk, Alkarbidek, argi esaten dugu gure hautua beti izango dela abertzaletasun historikoa. Gainera, nahiz eta arrazoi ideologikoek garrantzi haundia izan, ezin dugu ahaztu alderdi barruko egoera oso gogorra zela barne demokrazia falta izugarriagatik.
Nola izan da prozesua?
Nondik dator?
Data bat jartzearren 1999ko Biltzar Nagusia jarriko nuke. Lizarra-Garaziko ituna kritikatzen genuenok, nahiz eta gero denborak arrazoia eman, alderdi barruko elkarbizitzatik baztertuak izan ginen. Ideologi aldetik oraindik gauzak ez ziren argi esaten baina denborarekin ideologi berria gorpuzten joan da, azken erabakiak iritsi arte: EA-EAJ koalizioa haustea, polo soberanistan sartzeko erabakia, azken greba orokorrari emandako babesa, eta abar.
Nola hartu dute EAko
jarraitzaileek erabaki hau? Eta herri mailan?
EAko jarraitzaileen artean ez du inongo harridurarik sortu, egoera jasanezina zen. Gure jarraitzaileak oso kezkatuta zeuden EAk ematen zuen irudiarekin, horren erakuslea izan da EAk izan duen boto jaitsiera. Gure boto emaileek ez zuten beren burua EAn islatuta ikusten.
Hernaniko Eusko Alkartasunan banaketarik izan al da gai honen inguruan?
Hernanin Alkarbidera pasatzeko erabakia aho batez hartu zen.
Hemendik aurrera zein urrats
emango dituzue Alkarbide
erakundea sortu, indartu eta
ezagutarazteko bidean?
Orain arte Hernaniko EAn egon garenok herriko politikagintzan ezagunak gara. Denek ezagutzen dute gure ibilbide politikoa. Eta behar bada garrantzitsuena da, ilusio haundia daukagula herritarrei proiektu berri hau ezagutarazteko.
Banaketa prozesu baten ondorioz sortu da Alkarbide. Zein babes jasotzea aurreikusten duzue?
Gure lehentasuna alderdi berria martxan jartzea da eta datozen bi urteetan hauteskunderik ez egotea oso ondo etorriko zaigu gure proiektua sendotzeko. Gero herriak esango du ze babes merezi dugun.
Zein norabide izan behar du
zure ustez, Alkarbideren
proiektu politikoak?
Gu gure jatorriari leialak izango gara: abertzaletasun historikoa, indarkeriaren erabateko gaitzespena, herritarren ongizatea, eta abar. Baina gai guzti hauek urte bukaeran izango dugun Biltzar Nagusian zehaztuko dira.
Hernaniko Udalari dagokionean, Hernaniko Udalean Iñaki Arratibel eta Iñaki Barrio zinegotziak
lanean jarraituko dute orain
arte bezala?
Bai Iñaki Barriok eta bai nik hiritarrekin konpromiso zehatza daukagu, inork ezin dezake esan agindutakoaren kontrakoa egiten dugunik. Aurkeztu genuen programarekin eta gure ibilbide politikoarekin leialak izaten jarraituko dugu. Dagoeneko Alkarbideren izenean ari zarete. Izen aldaketa eskatu dugu eta gure erabakiaren berri azken Udal Batzan eman zen. Hemendik aurrera Alkarbideko zinegotziak izango gara.
Aldaketa honek zuen politika munizipalean aldaketarik
ekarriko al du?
Ez, betikoak gara eta betiko politika egingo dugu.
Hurrengo hauteskundeak 2011n izango dira, udal hauteskundeak. Urruti dauden arren, Alkarbideren izenean aurkeztuko zarete? EA ere aurkeztuko da? Alderdia
banatuta babesa ere banatuko dela espero duzue?
EAk zer egingo duen EAk erabaki behar du. Alkarbideren kasuan udal hauteskundeetarako bi urte luze falta dira, eta horrelako kasuetan zuzenena gero gerokuak erantzutea da. Baina gauza bat garbi eduki, Alkarbide 2011ko udal hauteskundeetan egongo da.