Bihar, ostirala, Hernaniko eta inguruko pelotazaleek galdu ezin duten zita dute, San Joanetako
pelota jaialdia. Hasiera batean,
partidu estelarrean, Olaizola I-Beloki eta Olaizola II-Mendizabal IIren
arteko partidua zegoen aurreikusita. Kronikak Olaizola anaiak eta Oier Mendizabal bildu zituen, San Joan aurretik, jaialdiaren inguruko
inpresioak jasotzeko, segidan datorren elkarrizketan irakur daitekeenez. Hala ere, atzo jakin ahal izan zenez, Olaizola Iren ordez Berasaluze VIIIk jokatuko du eta Belokiren partez Beginok. Atzo jakin zen baita ere Oier Mendizabalek Asegarcerekin kontratua berritu duela 3 urterako. Bestalde, biharko partiduan pelotariak brazalete beltzarekin aterako dira, Joxan Salaberria Astigarragako pelota
elkarteko kidea zena gogoratzeko.
Zer joko puntutan zaudete?
Aimar: Ondo. Nire kasuan behintzat orain disfrutatzeko partiduak dira, hainbeste presiorik gabeak. Nahiz eta partidu gehiago jokatu eta fisikoki gehiago nekatu, guretzako agian orain izaten da epokarik politena, festetako partiduak giro onekoak eta jokatzeko politak izaten baitira.
Oier: Bai joko puntu onean.
Asier: Ni ere joko puntu onean harrapatzen nau.
Herriz herri trote haundia ibiltzen duzue udaran. Zer da negua baino gogorragoa?
Asier: Negua gogorragoa da, txapelketetako tentsioa-eta diferentea izaten da. Udaran festetako partiduak eta torneoak izaten dira, baina txapelketak jokatuz gero, negua gogorragoa da.
Prestakuntza ere txapelketei begira antolatuko duzue?
Aimar: Normalean bai, txapelketak guretzat garrantzia haundienekoak baitira. Hasi lauterdikotik, segi binakakoan eta buruz burukora. Eta udaran pixka bat entrenamenduak utzi eta partiduak jokatzera.
Asier: Zaila da urte guztian ondo prestatua egoten, saiatzen gara, baina normalean txapelketetarako prestatzen gara egokien.
Oier: Saiatzen gara horretan, baina batzuetan ateratzen da eta besteetan ez. Udaran seinale ona da entrenatzeko denbora gutxi izatea, partidu asko jokatzen ari garenaren seinale!
Hernaniarra eta Hernanirekin lotura handia duzuenak. Inguruko jendearen aurrean jokatzea berezia izaten al da?
Aimar: politagoa eta etxetik bertago! Norbere inguruko jendea frontoian ikustea polita da.
Asier: Nik gogoa banuen gainera Hernanin jokatzeko. Profesionaletara pasa nintzenez gero ez baitut sekula hemen jokatu.
Oier: Plazer bat, etxe inguruan jokatzeak beti motibazio berezi bat ematen du. Baina tentsioa ere izaten da ondo jokatu nahi baituzu, bestela urte osoan aditu behar izaten da!
Bikote guztiz desberdinak izanda, Hernaniko frontoia norentzat da egokiagoa?
Asier: Nik uste horientzako. Hernaniko frontoia oso azkarra da eta errematatzen duenarentzat oso ona.
Hernaniko pelotalekuaz ari garenez, beroarekin zer moduz moldatzen zarete?
Aimar: Ohituta gaude, fetxa hauetan leku askotan tokatzen da-eta.
Eta bi anaiak elkarren kontra jokatzen ohitu al zarete?
Aspaldi. Hasieran berezia zen, baina dagoeneko ohituta gaude.
Aimar final bat jokatu berritan, presioa pasata… nola lortzen da orain herriz herriko partiduak jokatzeko motibazioa?
Ohituta gaude horretara ere. Behin finala bukatuta 3 bat hilabete disfrutatzeko partiduak izaten dira.
Azken bi finalak galtzea egokitu zaizu. Gorenera iristean joko puntu ona ezezik zortea ere beharko da txapelerako?
Binakakoan esan liteke agian baietz, baina beti suerte kontua ez da izaten. Zortea bilatu ere egin behar da, egun horretan ongi egon eta zortea ere izan.
Asier aspaldi ez zaizu egokitu final ofizial bat jokatzea. Zure mailako profesional batek horren gosea izango du ba?
Hori denona izaten da. Orain hiru urte jokatu nuen azkena eta urteroko helburua horixe izaten da, finalen batean sartzea. Baina geroz eta zailago dago. Prestatu eta tokatzen bada, bien, eta tokatzen ez bada, lanean jarraitu.
Oierri esan baliote orain lau bat urte bi bitako azken bi finalak jokatuko zituela eta txapela bat etxean izango zuela?
Amets bat zela pentsatuko nuen, oso zaila. Uste dut lan haundia egin degula eta horren ondorioz iritsi direla emaitzak. Hemendik aurrera maila horretan finkatzen saiatu nahi nuke. Garrantzitsuena da suplente bezala txapelketan hasi eta titular jokatu dudala aurten eta orain estelar asko ari naizela jokatzen. Aurrera egitea da garrantzitsua, prozesu hori mantentzea.
Aurten jokatzen ezezik antolakuntzan ere buru belarri ari zara.
Talde bat ari gara Buruntzaldean lanean eta eginbehar batzuk ditugu. Garrantzitsuena da pelota eskolak finkatzea, ahalik eta arazorik txikienak izateko eguneroko lanean. Arazorik haundiena diru iturriena izaten da eta enpresaz enpresa ibili gara diru laguntzak eskatzen eta jaialdiaren gestioa ere guk egin dugu. Nik uste dut jendeak erantzungo duela. Gu beste batzuen lanaren ondorioz iritsi gara hona eta uste dut guk ere egin behar dugula beste pelotari batzuentzako.
Horrelako partiduek balioko dute gazteak motibatzeko?
Dudarik gabe. Guk ere gure erreferentziak genituen gaztetxotan eta orain ere beren erreferentzia diren pelotariak ikusi ahal izatea, oso garrantzitsua da gaztetxoentzako.
Autografo asko firmatzen al dituzue?
Herri batzuetan ume asko izaten da eta gustora firmatzen dira. Geu horrelaxe ibiltzen ginen garai batean.