Noiz hasi zinen aizkolaritzan?
24-25 bat urterekin hasi nintzen. Baserrian hasi nintzen, afizioz, eta segi eta segi egin nuen. Oialumen egiten genituen apustuak, pantanuan. Han, bakoitzak bere enborrak moztu behar izaten zituen. Bakoitzak sei enbor jarri eta horiek moztu arte izaten zen lehia. Gero txandalibrean hasi ginen, bi-bitara, bi baten kontra ere bai... Orduan, afizio haundia zegoen eta ni asko ibiltzen nintzen. Gogoan dut behin Hondarribiko Burnirekin, Sanmieletan, Agustinetan, kristoren alturako aketz egurra, gogor gogorra, mozten aritu ginela. Hemengo auzo guztietan ibilitakoa naiz, erakustaldi asko egiten genituen. Gero, gastu handia zela eta, utzi egin nuen. Garai hartan Olasagasti eta biok ibiltzen ginen. Gure baserri atzean zeuden haritz batzuk bota eta hor aritzen ginen aizkoran. 16 urte zituen Olasagastik artean.
Olasagasti oraindik ikusi dezakegu txapelketetan. Zu ibili al zara behin ere?
Ez, nik apustuak egin ditut. Bai aizkoran, bai segan eta bai korrika ere, Astigarragan. San Inazio egunean toki askotara joan behar izaten genuen. Igual aritzen ginen Santa Barbaran, gero Loiolan eta San Juaneraino, han ere festa izaten baita. Horrelakoetan erakustaldia egiten genuen, eta azkenean, pelea. Bi kolpez, kolpe batez, galdu edo irabazi, hortxe beti. `Arbitza`, Tapia eta abar ateratzen ginen apustu horietan. Tapia ez da aurten Santa Barbaran izango kaderatik operatua dagoelako, bestela biok bikote bezala ateratzeko asmoa genuen.
Hortaz, segan eta korrika ere apustuak egindakoa zara...
Bai, ni gero segan hasi nintzen, Aiako Manzisidorren kontra jokatu nuen, bentaja emanda. Orduan, 4.139 kilo bota nituen, ordu eta bost minututan, neronek arraiztuta, eta hark ehun kilo gutxiago, hori bai, bestek arraiztuta. Aizkoran eta segan, bietan batera ere egin nion apustua Alkortako Txomini. Han galdu egin nuen, aizkoran ni baino gehiago zen, eta segan harrapatu nuen, baina bentaja zeukan aterata eta galdu egin nuen.
Lesio larri batengatik geldik ere egon zinen...
Bai, hori duela hamazazpi urte gertatu zen. Kamioi gainetik erori eta tibia, peronea eta txorkatila puskatu nituen, kargatzen ari nintzala. Hor bukatu ziren nire apustuak, gainera ohitura galtzen hasia zen eta...
Gaur egun aizkolaritzarako grina jaitsi da zertxobait, ezta?
Bai, bai, nik uste dut afizioa galdu dela. Orain txapelketa batzuk egiten dira, baina jada, ez dago guk apustuak egiteko genuen grina hori. Orain urrezko aizkora eta horrelakoak sortu dituzte, lehen hori ez zen izaten.
Aizkolaritzari ikusten al diozu etorkizunik?
Jendeak ez dauka gogo haundirik, aritzen dira baino... Orain badatoz gazte batzuk, baino hemengo ingurutako jenderik ez da ateratzen aurrera. Denak motozerrarekin ibiltzen dira mendian. Nafarroan ohitura haundiagoa dute, gehixeago ibiltzen dira. Hemen ere hasten dira, baina gero geratu egiten dira. Gainera, gastu handia du honek. Guk garbiketetan botatzen dugun egurra erabil-tzen dugu entrenatzeko, baina erosteko oso garesti ateratzen da.
Etxean bezala arituko zara Santa Barbaran, ezta?
Bai, giro polita sortzen da eta. Iaz minagatik ez nintzen atera, baina gainontzean oso gustora aritu naiz beti. Inguruko jende guztiak ezagutzen nau gainera, eta ateratzeko eskatzen zidaten, eta animatu naiz.
Eta, biharko gogoz al zaude?
Idea hortan, idea hortan. Lau enborretara arituko gara segurasko. Hasieran bi ebaki, tartean txingak eta lokotx apustua, eta gero beste biak. Larra eta biok izango gara bikote eta ea zer egiten dugun. Imanol Paolla eta Txintxua I kontrario gogorrak dira eta...