Erreportajeak

Jorge Pacheco perkusionista hernaniarra Europako Gazte Orkesta onenean

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 9a, 03:00

Jorge Pacheco perkusionista hernaniarrak Europako Gazte Orkesta onenean jotzeko aukera izango du datorren abuztuan, eta bere karrera profesionalean ate berriak zabaltzeko esperantza du. Jorge Hernaniko Musika Eskolan hasi zen ikasten eta perkusioko Goi Ikasketak bukatzeko zorian dago, Musikenen. Ikasteaz gain Azken 6 urteotan Euskadi eta Nafarroako Orkestekin kontzertuak emanaz dabil, ia asteburuero.

Gustav Mahler Orkestan jotzeko aukeratu zaituzte, zer suposatzen du horrek zure musika ibilbidean?

Egia esan, izugarria da Gustav Mahler Orkestan jotzeko aukera izatea. Harrigarrizko maila daukan Orkesta da. Gazteetan erreferentea da Europan, eta baita mundu osoan ere. Eta helduetan ere, Berlin eta Vienako Orkestak daude Gustav Mahlerren mailaren gainetik. Nik ikusita daukat jotzen, eta izugarrizko maila du. Alde horratik, uste dut nere musika karreran mugarri izango dela eta ate berriak zabalduko dizkidala. Era berean, ikasketan sakondu eta bekak jasotzeko aukerak ere gehiago izaten dira.

Nola izaten da aukeraketa prozesua Gustav Mahler Orkestarekin jotzeko?

Lehenbizi kurrikuluma bidali behar da eta, aurre-aukeraketa egin eta gero, oposizioak izaten dira. Partitura bidaltzen dizute, eta hura jo behar duzu azterketan. Parisen egin nuen nik. Zure posturako Europa osoko 100 musikari daude igual. Egia esan, nik bidaltzeagatik bidali nuen kurrikuluma, badaezpada ere, eta ondo atera zait.

Non emango dituzue kontzertuak?

Zazpi kontzertu emango ditugu Europan barrena: Bolzano, Bozen (Italia), Grazen (Austria), Edinburgon, Londresen, Colonian eta Donostian. Abuztuaren lauan joango gara Italiara, eta 27an bukatuko dugu Alemanian, Colonian.

Europan jotzeak, eta Gazte Orkesta onenarekin, sortzen al dizu dardarrik?

Beno, ez da berriketa ez. Hala ere, egia esan badaramazkit urte batzuk Orkestetan jotzen, eta ohitua ere banago. Errepertorioa ere aurretik bidali digute eta badaukat ondo ikasteko denbora. Alde horretatik nahiko lasai nago. Baina, han dena perfekto atera behar du, eta espero dut eszenarioan ere hankak dar-dar ez egitea.

Kontzertuetan zer errepertorio jo behar duzu eta zer instrumenturekin?

XXgarren mendeko musika izango da, musika garaikidea. Bi errepertorio mota izango ditugu eta instrumentuak ere denetik joko ditu pixka bat: tinbalak, platerak, danborra, bonboa... Egia esan, kontzertuetan parte hartze haundi samarra jarri didate. Batzuk Gustav Mahlerren berriak gara eta ikusi egin nahi gaituzte nola moldatzen garen. Kontzertuetan, sei konposizio joko ditugu eta nik lautan hartuko dut parte.

Kontzertuetako bat Donostian izango da, etxean, Musika Hamabostaldiaren barruan. Berezia izango al da?

Bai berezia izango da bai. Kursaalen lehen ere jo izan dut, baina, Gustav Mahlerrekin jotzea eta hemen... Gainera, Donostiako kontzertuan kantu guztietan parte hartzeko aukera eman didate.

Pachecok Hernanin bi kontzertu emango ditu bakarka, udazken-negu aldera

«Kontzertu ‘suabeak’ izango dira, eta jendeak ondo pasatzekoak» dio Jorge Pachecok. Gaur egunean, perkusioko goi ikasketak bukatzen ari da eta datorren ikasturtean horretan zentratu nahi du.

Jorge Pachecok datorren udazken-negu aldera Hernanin bi kontzertu emateko asmoa du. Perkusio hutseko kontzertuak izango dira, bakarka. Datorren ikasturtean musikak Goi Ikasketak bukatzeko asmoa eta kurtso bukaerako azterketa aitzaki hartuta emango ditu kontzertuak. Kontzertu suabea eta gustagarriak izango direla aurreratu du Pachecok: «Urte osoan horrelako bi kontzertu egingo dira Hernanin eta, beraz, jendeak perkusioarekin gozatzeko modukoak egingo ditut».

«Oso garrantzitsua da orkesta profesionaletan jotzea»
Musika ikasketei garrantzi haundia ematen die Jorge Pachecok, baina, ez du horretan bakarrik gelditu nahi izan. 18-19 urte ezkeroztik Euskadiko eta Nafarroako Orkestekin jotzen dabil etengabean, eta esperientzia haundia hartu du. «Kontserbatorio barruko orkestak-eta badaude, baina, oso diferentea da. Orkestan jotzen ikasteko Orkestan ibili behar da. Esperientzia hori falta bada, antzeman egiten da» dio perkusionista hernaniarrak. Orkestan jotzea (urtean 80 kontzertu) eta ikasketak konpaginatzeak, ordea, esfortzu eta dedikazio haundiago eskatzen du. Datorren ikasturtean, batez ere arlo akademikoan zentratu nahi du, eta perkusio karrera bukatu.
Karrera bukatzean, Jorge Pacheco orkesten batean plaza ateratzen saiatuko da. Irakaskuntza eta kontzertuak konpaginatzea du helburu.

San Joan Preludioan ere Hernanin
San Joan Preludioa ikusi zutenek gogoan izango dute kontzertu bukaera alderako batukada. Jorge Pacheco eta bere kideak ziren. Jendeak gogotik txalotu zuen emanaldia, eta ondorenean kalean barrena ibili ziren festa jartzen.
San Joanetarako ere zerbait egiteko eskatu zieten, baina, ez zen posible. Musikari asko Valentziakoak eta abar ziren, eta dagoeneko ikasturtea bukatu eta etxera joanak ziren.

Pacheco-Garcia familian, lau seme-alabak musikoak

Laureano Pacheco eta Juana Garcia dira Jorgeren gurasoak. Lau seme-alaba dituzte, eta lauak musikari atera zaizkie, eta ez nolanahikoak. Juana eta Laureano Caceresekoak dira eta umetan etorri ziren Hernanira. Biak dira beren herriko kantu eta musika zaleak, eta kantatu ere oso ondo egiten dute.
Familia ekarri ahala, seguruna, ez zuten asko esperoko musikarako zaletasun hori bere lau seme-alaben bizimoduaren ardatz bihurtuko zenik. Anaia zaharrenak zabaldu zuen bidea, Robertok. Musika ikasketak eta ingenieritzak konpaginatu behar izan zituen urte batzuetan. Azkenean, musika gailendu zen, eta bere sorkuntza bideaz gain, Hernaniko Musika Eskolan dabil zuzendari.

Robertoren eskutik
Jorgek anaia zaharren eskutik eman zituen aurreneko pausoak musikaren munduan, 10-11 urterekin. Grina ere ez zuen nolanahikoa. 15-16 urterekin larunbat eta igandeetan 6 ordu sartzen zituen egunero. Eta aste barruan, Institutuko klaseak bukatu bezain pronto Errenteriara joaten zen musika ikastera. Hernanin hasitako ikasketak Errenterian jarraitu zituten, Jesus Mari Garmendia irakaslearekin. Jorgek gazte-gaztetatik oso garbi zeukan musika karrera ikasiko zuela, eta gurasoei ere halaxe adierazi zien, ondo ulertzeko moduan. Mutikozkor musikazale temoso harek Europako Gazte Orkesta onenean joko du orain.

Laurak eta Itsasok ere musikaren bidea aukeratu dute. Batek, herriko ikastetxe batean erakusten du, eta bestea Euskadiko Gazte Orkestan dabil. Lautik lau. Cacereseko musika senak eman du frutu ederrik Hernanin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!