Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Gorka Bereziartua

Kronika - Erredakzioa 2012ko uzt. 8a, 02:00

Beranduegiko bi aurpegietako bat da zurea, baina atzetik gehiago ere egongo dira. Zer egiten duzue edo zer lortu nahi duzue programaren bidez?

Atzean ARGIA osoa dago azkenean, ARGIAren proiektu bat izan da hasieratik. Aurpegia bik ematen dugu, baina hori pixka bat akzidentala izan da. Bideoak lehendik jartzen hasiak ginen (Amets Arzallusek eta Boliviara egindako bidaia, Evo Morales…), baina programa formatu bezela 2009ko Bertso Txapelketa nagusian Estitxu Eizagirrek eta Agin Rezolak aurkeztu zuten Hitzetik Ultzera programarekin hasi zen. Oso gustura geratu ginen saioarekin, baina txapelketari oso lotua zegoenez, ez zuen bestelako segimendurik egiteko aukerarik ematen. Hortik abiatuta atera ze umorezko informatibo bat egitearen ideia. Gure baliabideekin zer egin zitekeen begiratzen hasi ginen, eta modelo bezela Estatu Batuetako Saturday Night Live saioan Seth meyers-ek eta Amy Poehler-ek egiten zuten Weekend Update atalean fijatu ginen. Hortik hasi ginen testuan oinarritutako txiste hori egiten, eta denborarekin joan gara bideoetan oinarritutako umorea gehiago erabiltzen. Helburua beraz, Argiak ikus-entzunezkoetako bidean beste pauso bat ematea izan genuen.

Zergatik berriak emateko modu hau? Zein da programaren filosofia?

Bueno, aurreneko umorezko parte hori behintzat, ikusten genuen aldizkarirako edo interneterako geneuzkan gaiekin eta, txisteak errazago ateratzen zirela. Ematen du hemengo aktualitate politikoak broma askorako ematen duela, horretara jartzen bazara behintzat, eta nik uste azkeneko urte hauetan geroz eta gehiago ez? Egoera, tentsio batzuk baretu direnez errazagoa da sektore batzuen inguruan broma egitea. Hasi ginenean adibidez, ezker abertzalearen inguruan zailagoa zen, legez kanpo baitzegoen, zenbait egoera bizi baitziren… Hortik ikusi genuen bidea, eta gainera ez zela ikus-entzunezkoetan egiten.

Beste albistegietatik ezberdintzen den saio bat egiten duzue…

Badaude beste programa batzuk inguru honetan mugitzen direnak, baina Euskal Herrian, nik dakidala behintzat (badakizu internetekin zein belozidadetan ibiltzen diren horrelako gauzak) ez da horrelakorik egiten.

Ez duzue umorea bakarrik lantzen; aldizkari oso bat duzue atzetik. Nola lotzen dituzue?

Hori da agian, hobetzeko daukagun zatia. Lehen ere igotzen genituen aldizkariari lotutako bideoak eta, eta linea horri jarraitzen diogu. Hortaz Axier Lopez arduratzen da gehienbat, multimediako arduraduna. Hortaz gain, blogetan idazten ditugun testuak ere ikus-entzunezkoetara moldatzen saiatzen gara. Horrekin osatzen dugu gutxi gora behera.

Zer aportatzen dizue aldizkariak? Eta zuek berari?

Aldizkariak gaiak, edukiak… dena. Aldizkariko lan taldeak ere, nahiz eta gidoia lantzen bost aritu, aportatzen dizkigute txisteak etab.

Eta alderantziz, agian laguntzen dugu pixka bat bisibilizatzen aldizkaria eta interneteko orrialdea bera. Trafiko lana egiten dugu. Beranduegirekin, ez dakit ze kopurutan, baina posible da beste publiko mota bat, gazteagoa, gerturatu izana.

Zenbat orduko lana eskatzen du saio batek?

Saio osoak aste osoko lana esan nahi du. Gidoia eguerdi batean eta grabaketa arratsalde batean egiten da, baina horretaz gain aste osoan zehar egin behar dira elkarrizketak grabatu, hori guztia editatu…

Ze desberdintasun dago telebistako eta interneteko kate baten artean?

Telebistak azkenean bere estandarrak dauzka. Formulak nahiko zehaztuta daude aspalditik. Interneten ordea, bideoentzako ez dago estandarrik. Programaren iraupena gure esku geratzen da. Beranduegiren kasuan gainera, saioa bera hiru zatitan banatuta dago, eta horiek ere bariatu egiten dute. Hori telebistan ezinezkoa da. Baliabide gutxiagorekin lan hau egitea ere ahalbidetzen du. Guk internetik gabe ezingo genuke programa hau egin. Honek aukera ematen digu, papereko aldizkari bat zenetik ia esparru guztietan lan egiten duen komunikazio proiektua.

Zein leku hartzen duzue telebista kate baten ondoan? Edo zein leku eduki nahiko zenukete?

Leku txikia imajinatzen dut. Oraindik ere jendeak telebista normala ikusten du. Egia da baita ere, bide horretan jarraitzen badu dena batera edukitzera joko dugula, hau da, telebistan internet izatera. Hori iristen denean igual gauzak aldatuko dira, azkenean hor zuk zure menua aukeratu ahal izango duzu. Horregatik saiatzen gara, ez Beranduegirekin bakarrik, dokumentalak dauzkagu argia.com-en, egiten ditugun gainontzeko bideo guztiak, pixka bat hori iristen denerako eskaintza bat edukitzen telebistan ere egoteko. Beti ere kontutan edukita Argia proiektu txiki bat dela.

Zuen txikitasunean egin zarete handi, ezagun. Zein balore du txikitasun horrek zuentzat?

Batez ere konfiantza ematen dizu. Beste gauza inportante bat dugu Argian: enpresa langileena da. Erabakiak kolektiboki hartze hori da gure indar guneetako bat. Batetik, askoz ere ideia gehiago ateratzen dira talde lan horretan bestela baino, maniobratzeko gaitasun handiagoa ematen du. Oso giro ona daukagu, eta gure kasuan hori beharrezkoa da, kamara baten aurrean txisteak kontatzen hasi eta ondokoa ez baduzu aguantatzen…

Eta hau guztia jakinda, zer suposatu du zuentzat sari honek?

Hasteko errekonozimendua. Bestetik sari ekonomikoa. Beste sektore askotan bezala gurean ere gauzak ez daude batere ondo eta 4000€ko sari hau ondo dator. Eta guretzat konfiantza txute bat ere bai, ezta? Aizu, ari garela, jendeak ikusten duela, eta errekonozimendu ofizial bat inoiz ez dator gaizki.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!