Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Unai Corbella

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 18a, 01:00

Senegalen zine munduan lan eginez bizi da Unai Corbella (Hernani, 1984). Hernanin ikasketak bukatu eta Madrilen sei urte egin ostean joan zen Senegalera, bi hernaniarrekin. Han jakin zuen berriz ere bueltatuko zela, eta baita bueltatu ere. Senegalgo telesail famatu batean ‘gaizto papera’ egina, bost pelikuletan produkzio eta aktore lanak... Dakarren bizi da emaztea eta alabarekin.

Zer egiten du Hernaniko gazte batek Senegalen zinearen munduan murgilduta?
Galdera ona. Batzutan nik nere buruari ere galdera berbera egiten diot. Bueno zinemaren istorioa Casamancen bizi nintzela hasi zen. Han nengoela Madrilen lana egiten nuen garaiko lagun batek hots egin zidan. Andaluziako Jaleo Films produktorak ko­mentatu zidan ea han bizi nintzenez, pelikula batean Se­negalgo ekipoaren eta beraien arteko harremana errazteko pelikulan lan egin nahi nuen. Nik baietz esan nuen. Horrela hasi nintzen... gero han lanean nengoela Senegaleko ekipoko jendeari nonbait nere lana gustatu eta beraiekin Daka­rrera joateko proposamena egin zidaten...

Produkzio lanetan aritzen zara, baina baita aktore lanetan ere. Azal zuriko bat behar duten guztietan Unairi esaten omen diote…
Produkzioan lan egiteko kontratatzen naute, baina kasualitatez edo, pelikula guzti horie­­­tan txuri bat behar izan dute eta ni eskura naukatenez, ba beti ni izaten naiz hautatua.

Erraza al da aktore lana?
Oso zaila da aktore ona izatea. Ni oso txarra naiz, baina ez det  protagonismo haundirik pelikula guzti ho­rietan, beraz, ez daukat kon­tzientzia txarrik alde horretatik. Gainera produkzio lanean atseden txiki bat hartzeko au­kera ematen dit. Hori bai dela zaila, produkzio lanak egitea Senegalen. Batez ere europearrekin egindako koprodukzioak baldin badira. Faktura kontuekin eta izaten dira arazoak. Normala den bezala, Europako pro­duk­torak gure lanean egiten ditugun erosketa guztien justifikazioa behar dute, baina ez dute ulertzen herrialde honetan faktura bat lortzea zein zaila den. 

Serie bat ere egina duzula entzun dugu, han nahiko arrakasta izan duena.
Hasieran nik ez nekien arrakasta zuenik. Zinema munduko nere lagun batek telesail baterako txuri bat behar zutela esan zidanean ez nion garrantzia gehiegi eman. 

Filmatzera joan nintzen larunbat goiz batean, gidoia eman zidaten eta orduerdira filma­tzen hasi ginen. Nere paperean Espainiako droga saltzaile bat nintzen, eta bueltan bueltan, maitasun istorio bat tarteko, Senegalgo emakume bat tirokatu behar nuen.

Hori dena larunbatean grabatu eta gero igandean ­bertan emititu zen, igande  eguer­dian; Senegalen familia elkar­tzen den asteko momentu bakarrean eta senegaldar guztiek ikusten duten seriean. Ene bada! Nik ez nekien hori!

Eta, jende askok ikusi al zuen?
Hurrengo egunean konturatu nintzen non sartu nin­tzen... Telesailean tirokatzen nuen neska (Lisa) Senegaldar guztiek maitatzen zuten per­tsonajea zen. Polita, zintzoa, bere senarrak adarrak jartzen zizkion neska gaixoa eta abar. Eta ni bera tirokatu zuen mutila. Mark izena nuen telesailean. Hurrengo hilabeteak nahiko arraroak izan ziren niretzat, jendea kalean oihuka «E, Mark!!! Zergatik hil dezu Lisa!! E, zu, maltzurra!!!». Bue­no alde batetik hori... bestetik nerekin argazkiak atera nahi zituen jendea kalean ni geldiarazten. «E, Mark utzi argazki bat egiten zurekin bestela nere emazteak ez du sinistuko ikusi zaitudanik» edo «Face­bookerako argazki bat nerekin Mark!»

Momentu larriena Euskal Herrira buelta­tzeko aireportuan nengoela gertatu zitzaidan. Pasaportea sinatzera nindoala, bertako polizia buruak keinu egin zidan beregana joateko. Ni kaka eginda nengoen; guztiz. Eta esaten dit: «ez dakizu Senegaleko polizi guztiak zure atzetik gabiltzala?». Pentsa, ni zuria baino zuriago. «Ez al zera zu Lisa hil duena?», eta barrez hasi zen. Nik ez nekien barre edo negar egin, baina Afrikan bizi izan dedan momentu larriena izan da, dudarik gabe.

Orain ba al duzu aktore lanik?
Beste telesail baterako deitu didate, paper fijo baterako: orain ere droga munduan da­bilen txuri bat naiz eta senegaleko neska erakargarrien atzaparretan erori, eta zenbait gora-behera izan beharko di­tut... hori da gainetik esplikatu didatena behintzat.

Lehendabiziko aldiz bi hernaniarrekin joan omen zinen Senegalera, surfeko bidaia bat egitera. Eta bigarren aldiz, bakarrik joan zinen...
Bidai hori Mi­kel Aramendi eta Xabier Zuñigaren ideia bat izan zen. Mikelek esan zidan Senega­lera gindoazela eta ni beti bezala, ados (Mikelekin asko bidaiatu baitut). Be­raiek surf egitera etorri ziren eta lehenengo egunak hortan pasa genituen Daka­rren. Azkenean, Kafountine izena duen herri batean pasa genituen egun batzuk. Bertan jakin nuen non zegoen nere bizitzaren hurrengo geltokia.

Bigarren aldian bakarrik etorri nintzen. Aterrizatzera nindoan mo­mentuan burua dudaz bete­tzen hasi zitzaidan. Ez nekien frantsesik, eta ezta zer egin behar nuen ere. Baina hiru hilabeteren ostean, nahiz eta bisadoa bukatu, argi neukan itzuliko nin­tzela. Hiru hilabete horiek oso interesgarriak izan ziren niretzat. Oihanean bizitu nintzen.

Nola moldatu zinen oihanean?
Argindarrik eta urik gabe. Oilarrekin esnatu, kuboarekin putzura joan, ura atera, gelara itzuli... Hasieran igitaiarekin lastoa mozten eta gero matxetearekin palmerak mozten... Euro inguru irabazten nuen egunean. Baita arroz platera ere bazkaltzeko. Ez nuen gastu haundirik. Nere gelaren alokairua hilabetean zortzi euro, eta Casa­mancen bertako jendearekin gosaldu eta afal­tzea ez da garestia.
Gainera gaur egun nere emaztea den neska ezagutu nuen han, Aida.

Herrialde polita eta lasai xamarra dela entzuna dugu. Hala al da?
Herrialde zoragarria da. Ez dago estresik, denbora oso lasai dijoa eta zuk ere oso lasai ibili behar duzu erabat gustora egoteko. Gainera beti eguzkia daukagu eta horrek bizitasun haundia ematen du. Jendea alaia da, broma zalea.  Printzi­pioz behintzat oso erakargarria da. Ni ez naiz batere da­mutzen etorri izanaz. 

Dakarren bizi zara, hiriburuan. Erraz ohitzen al da hernaniar bat bizimodu horretara? Bertako hizkuntza ere, wolof-a, hitz egiten omen duzu...
Beharko ikasi! Hemen egunerokoan ez zara inor wolofik gabe. Gainerakoan, Senegal... hasieratik iristen za­renean liluratuta uzten zaituen herria da. Gero, behin hemengo bizimoduan sartuz gero, he­mengo soldatarekin, hemengo egunerokotasunean dauden arazoekin... gogorra ere bada. Herrialde honen barne munduan sar­tzen zarenean ez da erraza. Eta nik emaztea eta alaba bat besterik ez dauzkat, baina hemen etxe gehienetan zortzi-bederatzi familikide bizi dira! Ez dakit nola lortzen duten aurrera egitea, hemen Daka­rren prezioak nahiko ga­restiak baitira hemengo soldatekin konparatuta. Nik mirakulu senegaldarra deitzen diot.

Familia ere baduzu, beraz.
Nola bizi zarete gaur egunean?
2011ko apirilean ezkondu gi­nen Aida eta biok eta 2012ko aben­duaren 26an jaio zen Aixa Lur gure alaba. Hirurok bakarrik bizi gera. Zoriontsu. Bera oso langilea da etxeko kontuetan, eta nere soldatarekin bizi gera, oso larri ibili naizen batean amak ere zerbait lagundu dit.

Zein da Senegalgo egoera ekonomikoa?
Sene­galeko egoera geroz eta dramatikoagoa da, munduaren ispilu. Uste det hemengo arazo haundiena dela FMI, BM eta OMCk bul­tzatuta prezioak izugarri igo direla ezinbesteko produktuetan. He­men egunero arroza jaten da eta ez pentsa alde haundirik dagoenik Hernani eta Sene­galen artean arroz prezioan; edo olioarenean. Baina badago alde haundia Hernaniko eta Senegaleko soldaten artean. Nik hemen Dakarren beti esaten det: txurien prezioa, beltzen soldata. 

Horrela ez goaz inora. Gainera kristoren korrupzioa egon da azken urte hauetan herrialde honetan, batez ere aurreko presi­dentearekin; es­ta­tuaren ku­txak hutsak dau­de. Demo­gra­fikoki ere izugarrizko igoera izan du Daka­rrek. Herrietatik jendea hirira dator, baita inguruko beste herrialdeetako jendea ere (Guinea, Costa de Marfil, Nigeria, Mali). Eta noski ez dago guztientzako lanik. Eta, lanik ez dagoenez, lapurreta kasuak igotzen ari dira. 

Baina ez omen da herrialde arriskutsu bat, ezta?
Ez da herrialde arriskutsu bat. Berez oso herrialde pake­tsua da. Inoiz ez du gerra zibilik izan eta hemen musulmanak, kristauak eta animistak elkarrekin bizi dira. Baita etnia ezberdinetako jendea ere. Inongo arazorik gabe. Baina egia da gauetan geroz eta lapurreta gehiago dagoela. 

Emazteak eta alabak ezagutzen al dute Hernani?
Oraindik ez. Lehengo urtean Aixa Lur oso txikia zen. Ea udaran joaten garen. Hori ekonomikoki eta paperekin dena on­do badijoa. He­men esaten den bezela «Inxalah». «Jain­koak ala nahi badu».

Hernaniko zer botatzen duzu faltan?
Nik iada 10 urte daramazkit herritik kanpo. Lehen madrilen bizi nintzenean maiz joaten nintzen bixitan. Orain ez. Egia esan gehien faltan bota­tzen dudana familia eta lagunak dira. Azkenean komunikazioa ez da bera, eta ezin dezu guztiz ondo adierazi zure sentimentua hemen zaudenean. 

Gauza txikiagoak berriz,  asko: Tiloseta larunbat goiz batean, foie pintxo eta mosto batekin; lagunekin afari bat elkartean, ama eta bere mu­tilagunarekin munduaren gorabeherez eztabaidatu; aitarekin edonora joan bere argazki­ lanetan konpainia egiteko... Eta nola ez, ja­naria. 

Hernaniarrei beste ezer esateko?
Norbaitek bixitan etorri nahi badu, hemen du etxe bat eta gida bat. Ekarri euskal janariren bat eta dena konponduta. Laister arte!!! 


Zine ibilbidea

‘Kenu’. Zuz.: Arantza Alvarez. 2011ko Sevillako Europear Zine­ma­ren Jaialdian  aurkeztua. Cor­bellak produkzioa eta aktore la­na, bertako arrantzaleei iruzurra egiten zien azal zurikoaren papera. 

‘La Pirogue’. Zuz.: Mou­ssa Tou­rre. 2012 Cannesko sekzio ofizialean parte hartu. Eta Prix Lumiè­res 2013: Meilleur film francophone irabazi zuen, baita Étalon de bronze[2] et Prix de l´UMEOA au Fespaco 2013 ere. Aktore lana, Espainiako Itsa­soko salbamentuko langilearen papera.

‘Tei’. (wo­lo­f hizkuntzan ‘gaur’).  Zuz.: Alain Gomis­. Corbellak produkzio lanak eta aktore paper txiki bat bulegolari bezela. Sariak eta oso kritika onak izan ditu pelikulak, besteak beste: Seattle 2012: SIFF´s Emerging Master honoree, Grand prix du festival africain de Milan 2012, Italie, eta Sélection en compétition officielle au festival de Berlin 2012

‘Mbeubeus, itxaropenaren lurra’. Zuz.: Nicola Sawalo Cisser. Au­rrekontu txikiko pelikula. Corbe­lla, pro­duk­zio buru. Aktore lanak, FMIko kide bezela, gazteleraz ere hitz egiten du eta pixka bat fran­tsesez. «Nahiko paper kuriosoa da pelikulan ero bat bezela ager­tzen bainaiz karraxika», dio Corbellak. Montajean eta posprodukzioan ere parte hartu eta bai­ta soinu bandarako musikaren aukeraketan ere. Ez da oraindik estreinatu. «Oso ideia polita, baina teknikoki ez hain ona». 

‘419’. Zuz.: Eric Bar­tonio. Corbellak produkzio lanak eta aktore, Marokoko mugan, aduanan lan egiten duen poliziaren papera.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!