Hamahiru urte daramatza Iurgi Urrutia hernaniarrak Australian bizitzen. Lehenago Londresen bizi izan zen, eta han ezagutu zuen Anna Meadows, bikotea. Erabakia zaila izan bazen ere, Australian, Annaren jaioterrian finkatzea erabaki zuten, eta hantxe jaio zen haien semea, Beren, duela bi urte eta hamar hilabete. Hala ere, «bi etxe» dituztela diote; bata Melbournen, eta bestea Hernanin. Gabonetan hemen izan dira, familia bisitatzen.
Leire Goñi
Melbournen (Australia) bizi dira Iurgi Urrutia hernaniarra eta haren familia: Anna Meadows eta Beren Urrutia. Mordialloc izena duen 7.500 biztanle inguruko gunean dute etxea, hain zuzen, Melbourneko hiri-gunetik 24 km-ra dagoen leku lasai batean.
Ingalaterran ezagutu zuten elkar Iurgik eta Annak. Ospitalea garbitzen egiten zuen lan lehenengoak, eta terapia okupazionala egiten zuen bigarrenak. «Erabaki zaila izan» bazen ere, Iurgik dio «denbora bat bananduta pasa ondoren Australiara joatea erabaki» zuela. 2001ean izan zen hori.
Duela bi urte eta hamar hilabete, berriz, Beren jaio zen, semea. Australiarra da bera, baina bigarren etxea non duen erakutsi nahi izan diote Gabon hauetan. Hernanin izan dira, familia eta lagunak bisitatzen, eta bide batez, ama hizkuntzetako bat praktikatzen: euskara, alegia.
Gabonak ospatu berri ditugu. Australian modu ezberdinean ospatzen dira?
I.U.: Pentsa! Hasteko, han uda da! Gabonak eta negua niretzat sinonimoak dira, eta kosta egiten zait manga motzean egotera ohitzea.
A.M.: Han Gabon Gaua lasaiagoa eta informalagoa izaten da, ez da hemen bezain garrantzitsua. Lagunekin edo familiarekin pasatzen dugu gaua. Egun haundia, berriz, Eguberri Eguna izaten da. Distantziak oso haundiak dira, eta familiarekin egoteko eguna denez, badira senide batzuekin gosaldu ondoren, hegazkina hartu eta bazkaltzera beste senide batzuengana joaten direnak. Eta berdin, berriro ere, afaltzeko. Gainera, goizean goiztik txanpainarekin hastea oso normala da!
I.U.: Guk, zorionez, toki bakarrean pasatzen dugu eguna; urte batean Annaren gurasoenean, eta bestean izeba-osabenean. Janariaren kontua ere kuriosoa da... Australiar asko jatorriz ingelesak direnez, ohiturak mantentzen dituzte, eta neguko jaki ingelesak presta-tzen dituzte... Hobea litzateke barbakoa bat hondartzan, eta kitto!
A.M.: Egiten da! 26an, askotan.
I.U.: Bai. Gainera, barbakoak publikoak dira, elektrikoak edo gasarekin . Udaletxeak jartzen ditu parke eta hondartzetan!
Ondo moldatu al zarete Hernaniko Gabonetara?
A.M.: Primeran! Beren ere konturatzen hasia dago, eta azaldu diogu Olentzero nor den. Nahastu xamar dago orain: Santa Claus, Olentzero...
B.U.: Eta hau? Olentzero? (Elkarrizketarako gelan dagoen Txirritaren argazkiari begira).
I.U. Hori Txirrita da! Bertsolari haundia, hernaniarra!
A.M. Txapelarekin ikusten duen oro Olentzero dela pentsatzen du!
Berenekin euskaraz egiten duzue biok. Australian, ez al da arraroa?
I.U.: Hasieran, lagunek galdetzen ziguten. Baina ulertzen dute bi urtean behin etortzen garela hona, eta hemen euskaraz egiten dugula. Gainera, Australian kultur aniztasun haundia dago, eta hizkuntza asko entzuten da. Normala da nor bere ama hizkuntza gordetzen saiatzea. Baditugu lagunak, adibidez, neska alemaniarra dena eta mutila holandarra, eta haurrak bi hizkuntzak eta, noski, ingelesa ikasi ditu.
A.M.: Eskolak ere badaude, ingelesa ez den beste hizkuntza bat erabiltzen dutenak; greziarra, adibidez.
I.U.: Euskaldunak gutxi gara, ordea! Melbournen ez dago euskal etxerik ere. Sydneyn, berriz, hobeto antolatuta daude, baina 12-13 orduko bidaia dugu kotxez haraino!
Anna, baina, australiarra izanda, nola ikasi duzu euskaraz? Eta nola moldatzen zara semearekin zurea ez den hizkuntza batean?
A.M.: Londresen ginenean 4 hilabetez-edo, euskal etxeko euskaltegira joaten nintzen astean behin. Gero, Añorga eta Hernani artean bizi izan ginen 6-7 bat hilabetez...
I.U.: Bakarka liburua erosi zuen orduan; egunero jaiki eta puska batean aritzen zen. Nik beti esan izan dut gogoa duenak ikasten duela euskara.
A.M.: Eta kalean ere ikasten da, lagunekin eta familiarekin. Iurgiren familiarekin astero hitz egiten dugu Skype bidez. Baina hemen euskara eta gaztelera asko nahasten dituzue! Nahastu egiten nintzen, eta lagunei esan nien niri guztia euskaraz egiteko! Semearekin euskaraz egitea, berriz, arraroa da niretzat, baina pentsatu genuen hobea zela biok horrela egitea.
I.U.: Gainera, horrek ere laguntzen dizu ikasten.
Eta Beren zer moduz moldatzen da euskaraz?
I.U.: Asko aurreratu du, konturatu baita hemen jende askok egiten duela euskaraz. Gainera, adin beretsuko lehengusina du hemen, 3 urteren bueltakoa, eta biak ixildu gabe aritu dira!
A.M.: Loroak ziruditen, batak besteak esana errepikatzen!
Normalean, garai honetan etortzen zarete beti Hernani aldera?
I.U.: Saiatzen gara bi urtean behin etortzen, eta, noski, udako oporrak orain dauzkagu. Irakaslea naiz, eta ikasturtea urtarrila bukaera aldera hasi eta Gabonen aurretik bukatzen da. Hala ere, bidaia luzea eta garestia da. Saiatu gara lagunak hara joateko konbentzitzen; solteroren bat edo beste, ea hango norbaitekin maitemintzen den eta han geratzen den...
Noski, hara eta hona ibilita, beti sumatuko duzue zerbaiten falta... Australiatik zer gustatzen zaizue?
I.U.: Han bizitza lasaiagoa da, eta kultura desberdin asko nahasten dira. Adibidez, oso normala da mundu osoko jatetxeak aurkitzea: libanesa, tailandesa... asko gustatzen zait hori! Eta garagardoa! Han oso ona egiten dute! Hemen sagardoa gustora edaten dut, eta han ere egiten dutena edaten dut, nahiz eta desberdina den. Baina garagardoa...
A.M.: Kea! Ke falta gustatzen zait! Hemen ke asko dago, jende askok erretzen du! Han berriz, oso zorrotzak dira kontu honekin, eta ez duzu kea ia inoiz sentitzen.
I.U.: Egia! Pentsa, 1976an dagoeneko debekatu zen tabakoaren propaganda egitea. Lehengo urtetik, berriz, pakete guztiak berdinak dira. Markaren izena agertzen da, zein den jakiteko, baina logorik eta bereizgarririk gabe. Eta irudiren bat ere azaltzen dute, birika erdi ustela batzuena-edo. Tabako konpainiak saiatu dira auzitegietan neurri hauen kontra egiten, baina ez dirudi ezer lortuko dutenik...
A.M.: Baina hemen ere oso gustura egoten gara!
Zer duzue gustuko Euskal Herritik?
A.M.: Lagunak eta familia oso gertu bizi direla! Gustatzen zaigu hemengo gertutasuna. Han lagunekin egoteko zita egin behar da lehenago, ez dugu kalean edo tabernan topo egiten!
I.U.: Gure lagunik onenak ordubetera ditugu, gutxienez.
A.M.: Eta txistorra! Han ez dago! Eta urdaiazpikoa...
I.U.: Han gaudenean Santo Tomas ospatzen dugu, eta guk egiten dugu txistorra. Familia harakina dut eta badugu errezeta bat. Patata tortila ere egiten dugu, eta lagunei txapela eta sagardoa ekartzeko eska-tzen diegu. Foie freskoa ere asko gustatzen zait niri, baina han debekatuta dago, animaliari emandako tratua dela-eta...
A.M.: Pintxoak ere izugarri gustatzen zaizkit, eta egin di-tzakegu, baina lan haundia eskatzen dute! Azkenik, sagardotegien falta sumatzen dut. Oso kuriosoak dira!
Turismorako, berriz, zer gomendatzen duzue? Iurgi, zuk Zeelanda Berrira joateko gogoa azaldu zenuen Kronikak egindako aurreko elkarrizketan.
I.U.: 10 urte nituenetik Zeelanda Berrira joan nahi izan dut eta oraindik ez naiz joan. Baina joango naiz! Bi aste hegoaldeko irlara eta beste bi, iparraldekora! Australiari dagokionez, Uluru edo Ayers Rock oso polita da; basamortuaren erdialdean dagoen harroka haundi hori. Hiru lagun joan eta 5-6 eguneko bidaia egin genuen behin. Kakadu Parke Nazionalean ez naiz egon, baina horrek ere oso polita izan behar du. Sydney, berriz, ez zait gustatzen bizitzeko, baina merezi du ikustea; itsasaldea oso polita da.
A.M.: Eta Koralezko arrezifea! Oraindik ez dut ikusi eta desagertzen ari da!
I.U.: Kirola egiteko ere, korrika edo bizikletan ibiltzeko, toki zoragarriak daude. Melbournen ospetsua da itsaso ondoko bidea; pelotoiak ikusten ditugu asteburuetan! Eukalipto basoak ere politak dira.
Eta Euskal Herritik?
I.U.: Nik beti gomendatzen dut Hondarribi edota Lekeitio. Pertsonaren arabera ere, desberdina da: Aralarrera igotzea, Baztan aldea... Eta begira, nire gurasoak Donostian bizi dira orain, eta lehen ez nuen hiria horrela ikusten. Baina australiar askok esan didate inoiz ikusi duten hiririk politena dela. Txundituta geratzen dira, eta orain nik ere begi desberdinekin ikusten dut.
A.M.: Pintxo eta sagardotegiak ere gomendagarriak dira! Eta festibal eta jaiak oso bereziak dira: zinemaldia, estropadak...
Eguneroko bizitzan zein desberdintasun ikusten duzue? Adibidez, eskolan, irakasle lanetan?
I.U.: Egia esan, orain ez dakit nola dauden gauzak hemen. Han eskola publikoan egiten dut lan eta nik Langilen ikasi nuen. Ikastola zen, desberdina. Oso esperientzia polita izan zen niretzat eta erreferente bat da, inspiratu egiten nau. Bestela, orokorrean uste dut mundu osoan eskolak aldatu direla; lehen oso tradizionalak ziren. Hala ere, han Gobernuarentzat matematikak eta ingelesa dira ikasgai garrantzitsuenak, eta irakasleok saiatzen gara gero gauzak aldatzen eta gure modura egiten.
Eta etxeak, pelikuletan ikusten ditugunak bezalakoa dira?
I.U.: Bai. Hirietako etxe orratzetan bulegoak egoten dira, eta etxeak leku lasaiagoetan egoten dira. Gurea apartamentua da, jardin eta guzti, Mordialloc gunean. Bere udaletxea du, nahiz eta Melbourne izan. Nahita aukeratu genuen tokia, leku lasaia baita, baina hiritik gertu, eta beti kotxea hartu beharrean, 10 minutu oinez eginda baditugu dendak. Hori bai, dena hain sakabanatua dagoenez, hiri erdian ez dago trafikorik! Zoragarria da!
Euskal Herrira itzultzeko asmorik?
I.U: Ametsak baditugu. Pentsatu dugu urtebeterako etor-tzea, Berenek denboraldi bat hemen pasatzeko, eskolan, lehengusinekin, eta gogoratu dadila gerora... baina errealitatea zaila dago.
A.M.: Ametsak baditugu eta ikusiko dugu. Oraingoz, bi etxe ditugu!