Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] UMORE ONA - Asier Olaizolari omenaldia gaur Goizue

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 4a, 01:00

Asegarcerekin jokatu zenuen azken partidua abenduaren 29an. Ez zirudien sasoi puntu txarrean zeundenik erretiroa hartzeko...
Asegarcek kontratua berrituko ez badit, ez da joko aldetik gaizki nabilelako (22-21 irabazi zuen goizuetarrak). Bi hilabete ia partidurik jokatu gabe egoteko nahiko ondo moldatu nin­tzen. Kontua da 38 urte ditudala, eta enpresak gazteak nahi dituela.

Zer behar da gaur egunean profesionaletan jokatzeko eta goi maila horretan mantentzeko?
Debutatzea askoz zailagoa zen lehen, baina behin debutatuz gero, karrera ia aseguratuta zegoen 40 urtera arte. Gaur egun errazagoa da debutatzen, baina hor mantentzea zaila da. 18 urterekin debutatzen dute askok, eta afizionatutan apenas jokatzen dute. Gaur egun goi mailara azkar iristen ez bazara, jai daukazu.

Bi txapel badituzu, bi aldiz txapeldunorde, bi aldiz buruz buruko final erdietan... edozeinek ez dauka palmares hori...
Palmares hobearekin asko daude, baina txarragoarekin ere bai. Ni gustora nago egindakoarekin, eta lortutakoarekin.

Ezeren penarik bai?
Emaitza aldetik ez. Beti gera­tzen da dudaren bat, hau egin izan banu, edo hura egin izan banu... baina orokorrean penarik ez dut. Pena bakarra, lagun giroa galduko dudala. Pilotan sekulako giroa daukagu orokorrean, eta hori galtzeak bai, pena emango dit.

Zure eskubia gogoratuko da, inoizko eskubirik indartsuenen artean.
Eskubiak joko haundia eman dit niri. Horixe izan da niri armarik onena; tarte haundiak ireki, eta horrek aukerako pilota ekartzen du gero. Hori aprobetxatzen jakin behar da. Baina defektoak ere izan ditut. Pilotari guztiek dituzte beren gauza onak eta txarrak, eta hori konpentsatzen jakiten asmatu behar da.  Konjuntoak balio du.

Pilotari onenen kontra jokatu duzu. Zein izan da onena?
Zortea izan dut pilotako bi generazio bikain ezagutzeko. Galartza, Retegi eta horiekin hasi nintzen ni, eta geroztik jokatu dut Irujo, Titin IIIa edo Aimar beraren kontra. Bat aukeratu beharko banu, ni anaiarekin geratuko nintzateke, Aimarrekin. Aparteko errespetorik izan al diozu inori? Errespetoa denei. Kirol guztietan bezala, ustez zu baino gu­txiago denak irabazi egingo dizu edozein garaitan, edo zuk irabazi gehiago dela uste duzunari. Horregatik errespetoa denei izan behar zaie; baina hori da kantxan, eta bizitzan.

Botilero bezala ere gutxi izango dira zuk adina txapel dituztenak. Zer egiten du botilero on batek?
Botilero on bat egiten du pilotari on batek. Zortea izan nuen anaiak ni aukeratu ninduelako botilero izateko. Nik ez dut aparteko ezer egin.

Nola ikusten duzu pilotaren etorkizuna?
Zail daude gauzak, krisia dela eta. Partiduak murriztu egin dira, plantillak ere bai, eta baita soldatak ere. Pilotariak ez badu goia jotzen 4-5 urtetan, jai dauka. Elitea dela uste du jendeak, baina pilotan 1.000 eurista asko dago.

Pilota ez duzu utziko...
Beste zeregin batzuk ditut orain: familia, lana... Hala ere, Garferekin partidu batzuk jokatuko ditut udaran, pilota kolpetik ez uzteko. Gainera hor ari dira lehen nirekin ibilitako pilotariak: Koka, Otxando­re­na, Goñi IIa, Chafee...

Zer esan nahi diozu goizuetarrei?
Ez naiz ni omenaldi zalea, eta gainera egin dudan ibilbidea gustoz egin dut. Umore Ona elkarteak omenaldia egitea ordea, berezia izan da niretzat. Detailea izan da, eta bihotzez eskertzen diet.

Zeinekin jokatu behar duzu gaur?
Ez dakit oraindik. Zuriz jantzita joateko esan didate, besterik ez dakit ezer ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!