Finaleko prentsaurrekoa eman duzue aste honetan. Ze giro sumatzen zen finalisten artean?
Bazegoen tentsio puntutxo bat, baina nagusi zen giro lasaia eta lagunartekoa, giro ona… baina nola han kontestuan geunden, kontestu errealean, ba bazegoen horrelako tentsio puntu hori, bai.
Gehienak zarete plaza hori ezagutzen duzuenak… Funtsean esan liteke aldaketa haundiegirik ez dela izan 2009ko taldetik?
Beñat Gaztelumendi ez beste denek kantatu dugu han. 2009tik bi hutsune egon dira. Andonirena jakina zen, eta gero igual ustekabekoa Jon Maiarena izan da. Haien ordezkoetan sartu direnak, Beñat eta Igor; eta Igor ia beteranoa da. Talde klasikoa dela esan liteke.
Besteak hilabeteak daramazkite jokoan, eta zu oraintxe sartuko zara, azken momentuan. Nola ari zara bizitzen txapelketa?
Besteengandik pixka bat diferente. Azken txanpan sartze honek eragin dit diferente bizitzea. Ari naiz segitzen txapelketa eta ari naiz bizitzen entzule bezala, zaletu bezala. Baina sekulako enpatia sentitzen duzu zure kideak hor daudelako, eta zu izan zintezke hor dagoena. Nolabait esateko, entzuleen ikuspegitik eta bertsolarien larrutik ari naiz bizitzen txapelketa. Zain ere banago, eguna iristean nola aurkituko dudan nire burua, eta nola iritsi egun horretara.
Komunikabideon ´erasoa´ ere dezentekoa izango da ezta?
Alde batetik nekosoa da, baina asumituta daukat. Asumitu edo, orain ni nagoen lekuan uste dut tokatzen dela. Bestela ez naiz ni nire burua han eta hemen erakusten ibili zalea, baina orain da garaia, txapelketa da, eta ni orain txapelduna naiz, eta tokatzen da. Irakurketa osatuagoa eginez, komunikabideetan ze erakarpen sortu duen txapelketak, eta bertsolaritzak, horretarako ere egiten dugu txapelketa: bertsolaritza zabaldu eta ezezaguna ez den lekuetara iristeko.
Ez al da nabaritzen aurten pittin bat gehiago dela komunikabideen jarraipen hori?
Prentsaurrekoan hori komentatu dute, bai. Baina aurreko txapelketan ere, askok, eta asko segitu zuten. Aurten igual pixka bat gehiago? Igual bai. Nik uste ona dela. Batez ere bertsolaritza ondo tratatzen denean. Atzeko lan baten, ereite lan baten uzta da hau, ez da irakinaldi suertezko bat.
Hernanin bertan zuek nabaritu al duzue kalean giro hori? Zuen egunerokoa asko aldatu al da?
Orain arte ez dut sentitu, baina orain ia finala aurkeztu denetik, final aurrekoa pasa eta finala bakarrik geratzen den momentuan, egun batetik bestera harrituta nago jendeak nola kaso egiten duen.
Bertsolariak aldi berean zarete lagun eta txapelketako kontrario… sumatzen al da hori zuen arteko giroan?
Hori nahiko deserosoa da, alde batetik. Lagun minekin zaude eta aldi berean erakutsi eta gorde, erakutsi eta ezkutatu jolas bat da denbora guztian. Pixka bat elkarri begiratzen ari gera… hau ondo dago, eta hau ederki dabil eta… Bestetik, uste dut ondo moldatzen garela; txapelketa relatibizatzen dugula; kapaz garela bestek egiten dutena apreziatzeko eta gozatzeko. Gure arteko lehia, nahiko lehia garbia edo sanoa da. Gure helburua ez da bertsolari onena zein den erabakitzea. Badago horrelako pentsamendu kolektibo bat sentimendu kolektibo bat, eta erantzukizun kolektibo bat.
Lau urtez txapeldun izan zara. Nola mantentzen da motibazioa berriz BECen txapelaren bila ateratzeko?
Nire kasuan motibazioa ez da hainbeste txapelarekiko. Interesgarria da txapelketak ematen dizun aitzakia bertsokerari buelta bat emateko. Etengabe egiten ari garen gauza da, gure burua, bertsoak, joerak zalantzan jartzen… baina dudarik gabe, esaminetako ikasten den bezala, lau urtean behingo txapelketak eskatzen dizu errebisatzea egiten ari zarena. Motibazioa, berez, hobeto kantatzera iristea da, buelta bat ematea bertsokerari, lantzea nire herrenak, eta erakartzen nauten beste atal batzuk…
Nolakoak izan dira lau urte hauek?
Ez dut sentitu bereziki kargarik, bandera eramateko sentimendurik. Igual bai txapelketa pasa eta ondoren, burrunba mediatiko guzti horrengatik, jendearen kasu egiteko gogoagatik, jendeak gehiago ezagutzen zaitu... hor nabaritu dut alde pixka bat. Baina azkenean, lehendik zetorren gauza zen. Urte mordo bat neramazkien bertsotara dedikatuta eta bertsoa nire zeregin zentrala izanik. 2001ekoa salto haundiagoa izan zen nire ibilbidean, 2009koa baino, nahiz eta 2009koa txapelarekin izan.
Nola dago Maialenen bertso ibilbidea? 2009an txapela jantzi eta gero, KRONIKAn aipatu zenuen, bertsotarako ibilbidea zela, bide zirkular bat bezala, etengabe bueltaka dabilena atzera eta aurrera, eta zirrikituak bilatzen, bidetxurrak bilatzen… eta zuk orduan bizitu zenuela, gustoko bidean abiatu eta gailur batera iristea. Orain non zaude?
Zorionez, lehen esan dudana, horrek laguntzen digu aurrera egiten, ukazioa legetzat hartuz da aurrera egiteko modua. Beti badago nora jo, beti badago zer hobetu… lehen egindakoak ez zaitu asebetetzen… lehen egin nuena orain ez nuke horrela egingo, ukatu egiten duzu. Bizitzan ere lau urte dira, eta esperientzi bitala dago, bizitzarekiko ikuspuntua… eta bertso ibilbidean ere beste lau urte gehiago dira. Sentimendua hori da pixka bat, ez zaizu gustatzen erabat lehen egindakoa edo orain nahiko zenuke lehen egindakoa pixka bat perfekzionatu, borobildu, txukundu, edo bide hori baino nahiago nuke ondoko bidetxurra… nire ibileran aldaketa izugarrizko radikalik ez da pasa.
Eta orain lau urteko estilotik gertu ikusiko dugu Maialen?
Zer egin nahi du Mailenek?
Orohar bai, ordukotik nahiko gertu. Nik orain nahiko nuke, esan. Bertsotan esan. Ez airean eta inongo oinarririk gabe geratzen diren istorio politak eta ez hain politak kontatu. Nahi nuke lurrari lotutako, eta munduari eta errealitateari, pertsonalari, kolektiboari, sozialari lotutako bertsokera bat egin. Eta saiatu inguratzen gaituen horretaz zerbait esaten, fikzioaren bidez baldin bada ere, edo dena delako bidetatik baldin bada ere. Nahi nuke, esan. Ez bakarrik jolas formalean geratu. Hori jendeak antzemango duen? Nik uste dut, baietz.
Ze preparazio egin du Maialenek? Ezer berezirik egin al duzu?
Nahiko modu ohikoan entrenatu naiz. Etxean lan eginez, errimak landu eta saiatu naiz aktualitateari buruz pentsatzen, zer gertatzen den, non kokatzen naizen ni… eta gero bertso eskolan. Ez dut beste ezer berezirik egin. Banituen buruan, holako eta halako, baina ez, beti bezala ari naiz.
Bertso eskola aipatu duzu. Aurten, bertso-eskolako kideek oso maila ona eman dute. Zer egiten duzue? Zein da sekretua?
Kriston papela egin du Hernaniko bertso-eskolak. Zergatik? Bertso-eskolagatik beragatik, dagoen tradizioagatik, dagoen taldeagatik. Maila haundiko bertsolariak daude, igual Euskal Herrian hain ezagunak ez direnak, baina bertso munduan badakigunak ze maila daukaten: Iñaki Zelaia, Unai Agirre, Agin Rezola bera...
Pertsonalki hitz eginda kriston lujoa da Hernaniko bertso-eskola. Ni ez naiz astero azaltzen den horietakoa, baina kristona da behar duzunean, nahi duzunean, joan, eta beraiek beti hor egotea. Eta horiek dira bertsolaritzaren benetako oinarria; herriz herriko nukleo txiki horiek, beti sua piztuta mantentzen dutenak.
Ze funtzio du bertsolariak? Aldatu al da lehendik?
Funtzioa da igual gutxien aldatu dena. Bertsolariari nire ustez dagokio inguratzen duen mundu horretaz begirada berezi bat izatea. Informazio horri begiratzea modu berezi batean, bertsotan esatea modu berezi batean, ikuspuntu paradogiko batean. Begiratu bat aportatzea, dibertitua, umorezkoa, zirikalaria, kritikoa, berezia, poetikoa, nahi dena… begirada mailakoa da. Lehen ere bai, eta gaur egun ere nik uste hori dela funtzioa.
Zuri ze bertsolari gustatzen zaizkizu edo gustatu izan zaizkizu? Lehen eta orain.
Bat baino gehiago esango nituzke. Bakoitzari dohain bat edo bilatzen diot, eta gainera uste dut bertsolaritza horixe dela ez? Bertsolaritza da ahots anitzen jarduna, bai iritzi aldetik eta bai forma aldetik. Unai Iturriagak eta Iker Zubeldiak ez dute zer ikusirik baina biak dira mundialak, eta niri biak gustatzen zaizkit, eta gainera ekosistema aldetik biak dira beharrezkoak, eta gainera bakoitza bere eremuan onena da. Horrek txapelduntasun guztiak relatibizatzen ditu… onena, onena ezin da esan inoiz, berez.
Horiek bezala, bertsolari asko miresten ditut, eta asko gozatzen dut ingurukoak entzuten.
Txapelketara bueltatuz, BECeko sarrerak bukatu izanak zer esan nahi du? Plazaz plaza hainbeste jende ba al dabil?
Gauza polita da. Pena ematen du jendea kanpora geratu izanak, baina bestela seinale oso ona da. Balitz, finalean kriston burrunba dagoela eta gero plazak hutsak daudela, benetan sintoma eskasa litzateke, eta kezkatzekoa. Baina plazetan jendea badabilenez, eta asko dabilenez, ba, benetan natural bezala bizi dut nik finala horrela betetzea.
BECen 13.000 lagun. Beste saltorik eman behar ote litzateke? Zein da hurrengo saltoa?
Interesantea da, eta nik nahiko garbi daukat eta uste dut elkartean ere nahiko garbi dagoela. Saltoa ematen bada ez da emango zifragatik, baizik eta beste gauza batzugatik. Aurten Maulekoa izan da adibide ederrena. Azken finalaurrekoa egin zitekeen Donostian, esate baterako, eta Belodromoa 9.000 lagunekin bete. Baina hautua izan da Maulen egitea, eta horrek helburu bat du. Lurraldetasuna, Mauleko bertso-eskolari laguntza bat ematea, iparraldeko eta orohar Zuberoko jendeari keinu bat egitea: beraiek BECera etortzen dira, eta hegoaldetik ere hara joatea. Era horretako parametroei begira gaude gehiago. Beraz, eta BEC eta gero zer? Ba igual leku txikiago batera joango gara.
Final lagunak nola ari dira?
Igor Elortza: fin eta dotore.
Sustrai Colina: inteligente, pizkor.
Beñat Gaztelumendi: errez eta ondo.
Amets Arzallus: Bere saio onena egiteko dauka eta finala izango da.
Aitor Mendiluze: saio onena egiteko dauka Aitorrek ere. Beti elegante.
Unai Iturriaga: sorpresa, berezia, partikularra.
Aitor Sarriegi: itxusi eman dezake horrela esateak, baina bertsoaren langilea, eta oso ona bere langintzan.
Txapela janzteko momentua:
«Ederra izan zen Joxek txapela janztea»
Txapelketako momentu gorena izaten da txapela janzteko garaia, eta aurten Juanito Dorronsorok izango du ohorea txapeldunari txapela janzteko. Orain lau urte Joxe Agirre zenak eman zion txapela Maialeni, eta une hartaz asko gogoratuko dira aurten. Kronikak jakin nahi izan du Maialenentzat zein diren bata eta bestea.
Joxe Agirre:
«Ederra izan zen berak txapela janztea. Miresmen pertsonalaz aparte, Joxek errepresentatzen zuen belaunaldien arteko transmisioa. Egaña, Joxe eta gu tabladu gainean, irudi hori ederra izan zen. Horrez gain, plazako bertsogintzaren ikurra zen, plazako ibiliak baloratu duen bertsolaria. Eta txapelketako gailurrean, plazako ibilbideak gora eraman duen bertsolariak eman zuen txapela, errekonozimendu gisan plazari, eta gure oinarriari».
Juanito Dorronsoro:
«Itzaletako langilea. Bertsotan I eta Bertsotan IIren egilea, bertso eskolan lehenengo erreferentzia izan ziren bi liburu haiena. Bertso mundutik kanpora gu baino gehiago baloratu duten doinutegi itzelaren egilea, eta oraindik segitzen duena lan horretan: 3.000 doinutik gora bilduak ditu. Zumaiko bertso eskolaren sortzaile, eta bertso eskolen munduarekin oso-oso lotua. Material idatzia eta bertso eskolaren ikur den aldetik miresten dudan pertsona».