Aixa Barbarin, 18 urteko gitarrista hernaniarra Urrezko Puaren finalean izango da gaur. Duela 4 urte hasi zen gitarra jotzen Donostiako Biurrun musika eskolan. 10 finalista izango dira lehian, Euskal Herria, Errioxa eta Argentinakoak. 20:00etatik aurrera izango da Intxaurrondoko kultur etxean. 3 kontzertu ere izango dira.
Urrezko Puaren finalean sartu zara, pozik egongo zara, ezta?
Bai, baina baita oso urduri ere! Asko prestatu dugu joko dudan abestia eta oso animatuta nago.
Gainera, lehiaketa honen historiako aurreneko neska zara. Ze balorazio egiten duzu?
Egia da finalean parte hartzen lehenengo neska naizela, baina arraroa egiten zait; izan ere, emakume gitarjole asko eta asko dago, baina ez dute beraien burua aurkezten honelako ekintzetan.
Eta zu nolatan animatu zara parte hartzera? Aurreneko aldia al da?
Bigarren aldia da aurtengoa. Hasieran dudatan nenbilen, baina ez da beste emakumerik aurkeztu eta garrantzitsua dela uste dut gizonena den musika munduan, emakumeok ere bideak irekitzen hastea eta guretzat ere tokia badagoela erakustea.
Leize Gorriko Urrezko Pua, izen dexente duen lehiaketa da. Nolako maila ikusi duzu?
13 eta 60 urte bitarteko pertsonak aurkeztu gerela uste dut, badaude ondo pasatzeko asmoarekin bakarrik aurkeztu dinerak, baina orokorrean, esperientzia asko duten musikariak daude, benetan onak direnak.
Azalduko zeniguke nola funtzionatzen duen lehiaketak?
Lehiaketa hiru zatitan banatzen da: `eliminatoriak´, finalerdia eta finala. Parte hartzaile bakoizak nahi duen abestia aukeratzen du, nahi izanez gero, berak idatzitakoa, eta nahi adina musikariren laguntza izan dezake. Hainbat gauza baloratzen dituzte; horien artean, gitarjole bakoitzaren trebezia, baina baita originaltasuna ere. Originalenarentzat ere sari berezia dago.
Gaurko finalerako ze prestatu duzu?
Nahiko abesti originala aukeratu dut, Urrezko Puarako bereziki moldatu baitut.
Oso lehia estua dago. Musikari bikainak daude finalean eta ziur nago izugarrizko emanaldia izango dela.
Ze helburu duzu?
Partaideek erakutsi duten maila oso altua da eta nire helburua eszenategian ondo pasatzea da. Irabaztea zaila ikusten dut, baina argi dago oso ondo pasako dugula denok.
Urrezko Puaz gain, sari ederrak daude talde bat osatzeko moduan. Zuk ba al duzu talderik?
Duela 6 hilabete, 80ko hamarkadako rock talde bat sortu genuen, K22 izenekoa, eta bertan bajista moduan nabil. Egia esan, denbora asko ez bada ere, kontzertuak eskaintzeko aukera asko izan ditugu eta pixkanaka abesti berriak sortzen gabiltza.
Beste zerbait esan nahiko zenuke?
Emakume musikari guztiak animatu nahiko nituzke musikaren inguruko ekintzetan parte hartzera, baina ez bakarrik lehiaketetan, baita ere beraien musika taldeak sortzen etabarretan. Gizonen mundua badirudi ere, dirudiena baino askoz errazagoa da bertan sartzea. Musikan, sexu bereizketak ez luke tokirik eduki behar, denok berdinak baikara eta denok berdin lagundu baitezakegu musika sortzen eta honetaz gozatzen.