Nola hasi zinen artzain lanetan?
Azkarateko baserri batera joan nintzen lanera 17 urterekin. Bi anai ziren bertako nagusiak. Baserriko lanak egiten nituen, ganadua zaintzen nuen... Eta han, artzain lanetan hasi nintzen. Aietera, Azken Portura joaten ginen ardiekin, patroia eta biok. Oinez egiten genuen bide osoa. Uda pasatzen genuen han eta gero berriz baserrira bueltatzen ginen. Andiara ere bidaltzen ninduen patroiak eta baita Aralarrera ere.
Eta zer moduz moldatzen zinen? Gogorra izango da bakardadea...
Bat edozertara ohitzen da. Gainera nik nahiago nuen artzain ibili, baserriko lanak egin baino. Mendian pozik ibiltzen nintzen.
Handik urte batzuetara, Arizonara joan zinen. Zerk bultzatuta?
Deialdi bat zegoen; artzain lanetan aritzeko jendea behar zuten Arizonan eta apuntatu egin nintzen lagun batekin. Hura ezagutzeko gogoa jarri zitzaidan. Elizondora joan ginen biak. Handik trenean Madrilera eta gero hegazkinez Phoenixera. Han zuzenean, berriz, mendira. Egia esan, inpresioa egin zidan hegazkinean ibiltzeak. Laguna patroi batengana joan zen eta ni beste batengana. Ez dut gehiago bere berri izan. Gainera, harako bidaia ordaindu egiten zuten, baina bueltakoa ez.
Alde haundia al dago hemengo artzaintzatik hangora? Zenbateko artaldea zenuen?
2.000 ardi inguru izaten nituen han, eta Aieten, adibidez, 400 bat. Baina azkenean berdina izaten da, ardi gehiago eduki edo gutxiago, ez da nabaritzen. Basa-arroz ugari izaten zen han. Zelai batetik bestera aldatzen joaten ginen.
Nolakoa zen han zuen bizimodua?
Bi lagun aritzen ginen artzain lanetan. Kanpamendu edo txabolak zeuden lekuan batera egoten ginen eta gero, txandaka mugitzen ginen artaldearekin: egun batean bat mugitzen zen eta bestean bestea. Eta bisitak ere izaten genituen. Patroia bera tarteka azaltzen zen eta beste batzuetan inguruko gazteak. Juerga pixka bat ere egiten genuen.
Uda mendian pasatzen genuen eta iraila-urria aldera jaitsi egiten ginen. Orduan beste lanak hasten ziren: ardiei ilea moztea, gazta egitea... Nik gazta ederrak egiten nituen. Baita arrekin ere. Gazura gutxi kentzea izaten zen sekretua eta gutxi prentsatzea.
Eta hizkuntza aldetik nola moldatzen zineten? ingelesa ikasi al zenuen?
Hizkuntza aldetik ez genuen arazorik. Gu bezala hara lanera joandako espainiar asko zegoen eta baita euskaldunak ere. Gaztelaniaz hitz egiten genuen.
Zenbat denbora egin zenuen Arizonan? Ze bitxikeria
gogoratzen dituzu?
5 urtez aritu nintzen han artzain. Oso oroitzapen onak ditut eta istorioak ere asko.
Adibidez, han ogia lur azpian egiten zuten. Gerora Andian egin izan diet bertako artzainei. Legamiarekin masa egin eta eltzean sartzen genuen, bazterretan grasa pixka bat eman ondoren. Kobrezko horietakoak ziren eltzeak. Tapa jarri eta lur azpian sarten genuen, sua piztu ondoren. Hemen dugun baldosaren (bere gelakoa) tamainakoa izaten zen zuloa. Potajea ere horrela egiten zuten eta askoz hobea izaten zen.
Sukaldean behintzat ikasi zenuen orduan!
Bai. Eta horrez gain, han asko zikiratzen ziren ahariak. Eta izatsak ere izugarri jaten ziren. Ile asko duenez, aurrena uretan egosten ziren eta ondoren zatitu. Tomatetan ederra geratzen zen!
Nire patroiari barrabilak ez zitzaizkion gustatzen eta behin, makarroietan txiki txiki eginda sartu nizkion. Erabili nuen haragia oso goxoa zela esanez gustora asko jan zituen! (barrez). Handik aurrera ikasi zuen jaten.
Oroitzapen onak, beraz.
Eta hura utzita, faltan bota
duzun zerbait ba al da?
Pantxo izeneko txakurraz asko oroitzen naiz. Nagusiaren txakurrak kumeak izan zituen eta haiek hiltzeko esan zidan, ez zituela nahi. Baina horietako batek jarraitu egiten zidan eta izugarrizko pena ematen zidan akabatzeak. Beraz, neretzako hartu nuen. Beltza zen. Oso txakur leiala eta azkarra zen. Artz asko izaten zen han eta abisatu egiten zigun. Sugeak eta koioteak ere izaten ziren. Txakurra han uzteak pena eman zidan.
5 urte pasata, bueltatzeko ordua iritsi zen. Ondoren zer egin zenuen?
Bueltatu nintzenean, 30 urte ez nituen izango, baina inguru horretan ibiliko nintzen. Eta Azkarateko baserrira itzuli nintzen lanera.
Bueltatu nintzenean, berriz deialdi bat egin zuten eta apuntatu egin nintzen. Baina orduan ez zidaten deitu, lekurik ez zegoen.
Noiz arte jarraitu zenuen artzain lanetan?
Ez dut gogoratzen zenbat urte nituen. Baina handik urte batzuetara utzi egin nuen Azkarateko baserria eta baita artzaintza ere. Ezkondu egin nitzen eta butanero gisa aritu nintzen lanean Iruñean. Baina han aspertu egiten naiz. Badira 10 urte ez naizela Iruñeara joan. Azken urteak Hernanin daramazkit eta Zaharren Egoitzan orain urtebete inguru hasi nintzen bizitzen.
Eta zer moduz bizi zara
hemen?
Oso gustora. Oso jende jatorra dago eta nahi dudanean paseatzera ateratzen naiz. Asko gustatzen zait kalera ateratzea. Alabak eta ilobak-eta ere etortzen dira bisitan. Ezin naiz kejatu!