Odol estrakzioek eta donante berriek behera egin dute Hernanin 2013ko aurreneko seihilekoan. Zein izan liteke arrazoia?
Hogei donazio gutxiago izan dira, gutxi gorabehera, 2012ko datuekin konparatuta: 373tik 355era. Ez da alde haundia, berez, ezin da ondorio jakinik atera; gripe epidemia batek adibidez, eragin dezake halako jaitsiera bat. Gainera, azpimarratu nahi dut, Hernani herri inportantea dela odol donazioei dagokienean, herritarren kolaborazioa ona izan da beti.
Herri eskuzabala dela diozu, baina zein litzateke donazio kopuru egokia, Hernani bezalako herri batentzat?
OMSek (Organización Mundial de la Salud) dio, herrialde garatu batean, 40-50 donazio egon beharko liratekeela urtean, 1.000 biztanleko. Beraz, Hernanin 800-1.000 donazio arteko datua litzateke perfektua. Joan den urtean 755 donazio egin ziren, eta ez da datu txarra, ez baitago gomendatzen duten horretatik oso urruti. Azken bultzada bat nahikoa litzateke, herritarrak animatu eta helburua lortzeko.
Herritarrek ba al dakite benetan odol emateak duen garrantzia?
Gaixoekin kontaktuan gaudenok, transfusioek duten efikazia ikusita, obligazioa dugu herritarrei donazioek duten garrantzia transmititzeko. Gure eskuetan dagoena egin behar dugu sekula odolik eman ez dutenei animatzeko; baina gure esfortzu nagusia betiko odol emaileengana zuzentzen dugu, donazioa esperientzia on bat bezala bizi dezaten.
Zer da zailagoa, orain arteko donante bat mantentzea edo berri bat lortzea?
Biek eskatzen dute esfortzu bat; orain artekoek, askotan eman dutelako eta besteek pausu berri bat eman behar dutelako. Biak dira inportanteak eta esfortzua biekin egiten dugu.
Hernanin gaur egingo dira odol estrakzioak. Zein hiru arrazoi azpimarratuko zenituzke
herritarrak animatzeko?
Batetik bizitzan behin bizi beharreko esperientzia dela esango nieke. Sekula eman ez duenari esango nioke, ezertaz ezagutzen ez duen gaixo batentzat odola ematen den eguna ez dela sekula ahazten, bere biografian idatzita geratuko dela. Akaso, ez du inoiz gehiago emango, edo akaso bai. Baina bere bizitzako erregistroan beti egongo da odola eman zuen egun hura.
Bestetik esan, osasunean ez duela inongo eraginik, ez onerako eta ez txarrerako. Odola eman eta gero, berdin jarraituko duela, %10a ematen baita eta gizakiaren odolaren %25a reposoan edo atsedenean egoten baita. Beraz, bere organismoak ez duela antzemango. Osasun mentala edo psikologikoa kontuan izanda, pausu positibo bat da odola ematea. Normala izaten da, odola eman duen donante batek lehen baino hobeto sentitzen dela esatea. Noski, ezertaz ezagutzen ez duen norbaiti laguntzeko pausu bat eman du.
Eta azkenik, gogoratuko nieke, odol emaileak behar direla. Hernaniri buruz eman ditudan datuei erreparatuz gero, ez daude gaizki; baina odol emaile gehiago behar dira. Izan liteke odola emateak beldurra ematea, denborarik ez izatea, momentu aproposa ez topatzea... arrazoi legitimoak dira guztiak. Pertsona bat ezin da odola ematera behartu. Baina ez ematearen arrazoia ez dadila izan nahikoa donante badaudela. Odola ematen duten pertsonak behar dira, ez dago odola behar duen pertsona bati transfusioa egiteko beste modurik.
Odola eman beharrean, aferesia emateko aukera ere badago. Zer da zehazki eta zein
berezitasun du?
Aferasia odola emateko modu berezi bat da. Odola bere osotasunean eman beharrean, konponente bat ematen da, plasma edo plaketak. Eta batzuetan, konbinatuta. Aparatu baten bidez egiten da eta sesioak odol estrakzio komunak baino luzeagoak izaten dira, ordubete ingurukoak. Donazio hau dagoeneko donante diren pertsonei eskaintzen zaie; normalean odol mota konkretu bat edo ezaugarri bereziren bat izaten dute.
Organo donante egiteko aukera ere izango da gaur. Zein dira bete beharreko baldintzak?
Izaten diren heriotzetako %1a bakarrik gertatzen da leku egokian, organo donazio bat egiteko moduan; normalean, ospitalean. Kasu hauetan, familiarrei eskatzen zaie baimena hildakoaren organoak donatzeko. Momentu zaila izaten da. Hildakoak bizirik zegoela donante izan nahi zuela esana bazuen, tramite hori erraztu egiten da; eta donante karneta badu, oraindik eta gehiago. Horregatik garrantzitsua da, donante izan nahi duenak, pausu hori eman eta organo donante gisa izena ematea.