Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Pedro Grijalba – Amiantoak eragindako minbiziduna

Kronika - Erredakzioa 2013ko api. 13a, 02:00

Pedro Grijalba hernaniarrak 58 urte ditu, eta epaitegiak aitortu berri dio lanak eragindako minbizia daukala. Grijalbak 14 urtez lan egin zuen Hernaniko Acenor S.A. enpresan (Orbegozo gisa ezaguna), eta urte horietan amiantoarekin kontaktuan egon zen, beste hainbat langile bezala. Amiantoak eragindako minbizi kasu larria du Grijalbak eta elbarritasun osoa eman dio epaitegiak. Horretarako, Jesus Uzkudun CCOO sindikatuko kidearen laguntza izan du. Bien artean azaldu dizkiote Hernaniko Kronikari, kasu honen nondik norakoak.

Zuk Pedro, ze lan egiten zenuen Orbegozon, eta ze kontaktu zenuen amiantoarekin?
Grijalba: 1971an hasi nintzen 17 urterekin aprendiz lanetan. Montajean eta erreparazio sekzioan. 20 urtetik aurrera aceriara pasa nintzen: fundizioa, labeak. Hor hasi zen nire kontaktua amiantoarekin. Ten­­peratura altuak zeuden han, eta produkzioak zeukan erabateko lehentasuna. Bobe­da bat erortzen ba­zen, gerturatu behar ze­nuen, eta tuboak aldatu, eta hango mangitoak zirela eta abar, amiantoa kendu eta berriz jarri... erabateko kontaktua ge­neukan amiantoarekin. Man­tenimen­duko lana egiten genuen.

Zer da amiantoa?
Grijalba: Nik urte haietan ideiarik ez neukan. Zerbait ona zela uste nuen babestu egiten ninduelako eta aldi berean, ez zen erabiltzen ez maskarillarik eta ez ezer.
Uzkudun: Amiantoa da mineral bat, hemen ez dagoena. Amiantoa ekartzen da Ka­na­datik, Hegoafrikatik, Bra­sil, Errusia... Asbesto ize­na ere badauka. Suntsiezina da, ez da erretzen, eta tenperatura altuak jasaten ditu.

Amianto asko al zegoen Orbegozon zuek lan egiten zenuten lekuan?
Uzkudun: Pila bat. Labeak bobeda bat badauka ladriloz egina, eta ladrilo bakoitzak dauka plaka bat amiantoarekin egina. Mangera guztiak, elektrizitatearenak, urarenak, olioarenak, labea oso osoan, babestu egiten zen, esparadrapo gisako amiantozko zinta batekin.
Grijalba: Eta gehiago, jan­tziak berak ere amiantozkoak ziren. Amiantozko jantziak er­a­biltzen genituen babesteko.

Babesteko?
Grijalba: Bai. Babestu beharra zegoen, berotasunagatik. Jendea babesteko erabiltzen zen amiantoa eta baita instalazioak babesteko ere. Pentsa altzairua 1.800 gradutara ur­tzen da, eta labearen ingurua babesten ez bazen, dena urtu egingo zen. Eta hori amiantoak galerazten zuen. Eta oso azkar lan egin be­har zen, ze dena urtzen zen ten­pe­ratura hartan. Beraz, oso bero zegoen materialarekin lan egiten genuen, oso azkar, eta oso distantzia motxean. Eta horretarako geu ere amian­tozko jantziekin babesten ginen.

Gaur egun erabiltzen al da amiantoa?
Uzkudun: Galarazia dago 2005etik, Europan, eta garatutako 40 herrialdeetan. Baina munduan, hainbat herritan erabiltzen da oraindik amiantoa. Amianto produkzioa ez da jaitsi, beraz, nonbait erabiltzen ari dira.

Eta garai hartan inork ba al zekien amiantoak kalte hori eragiten zuela?
Uzkudun: Beno, 1940ko legediak debekatu egiten zuen adin txikikoek amiantoarekin lan egitea. Beraz zerbait bazekiten, baina guri inork ez zigun ezer esaten.

Enpresak bazekien orduan, zertan ari ziren?
Grijalba: Esan liteke baietz, baina orduan inork ez zuen planteatzen segurtasun neurri horiekin lan egiterik. Ni lanean hasi nintzen lekuan sekulako istripuak izaten ziren. Orbegozon urtean langile bat hiltzen zen, eta gorputz atalen bat moztutakoak asko izaten ziren. Hura izugarria zen. Aldi berean, langile mugimendua ere sekulakoa zen, eta hor babes eta indar haundia genuen. Gaur egun baino haundiagoa, seguruenera.

Eta zenbat lagun zeundeten egoera horretan, amiantoarekin kontaktuan?
Grijalba: Adibidez, grua zerbitzukoak mantenimenduan lan egiten zuten, eta erabateko kontaktua zeukaten amiantoarekin: zapatak prestatu, moztu, limatu... eta abar egiten zituzten. Soldadoreak ere bai... Pentsa, 1984an 1.480 langile ari ginen lanean Orbegozon.

Eta denak al zenuten kontaktua amiantoarekin?
Uzkudun: Ez ez, baina 300 lagunetik gora izango ginen. Pentsa, fundizio osoa, hiru turnotara... Ez genekizkien gauza asko daude. Adibidez, lingoterak ere amiantoa zeukaten, amianto hautsa, eta egunean sekulako lingotera pila ateratzen ziren. Hauts hura guztia arnasten zuten han zeuden langileek.
Grijalba: Nik uste dut jende asko joan dela mundu honetatik, jakin gabe, amiantoak eraginda hil dela. Nire aita ere minbiziak jota hil zen, adibidez, eta labeekin kontaktu haundia izan zuen. Eta hura ere oso gazterik hil zen, 57 urterekin. Garai hartan zeinek daki horregatik hil zen edo ez, baina lan penagarria zeukan: tokatzen zenean labea garbitzera jaitsi behar izaten zuen, eta hantxe orduak eta orduak.

Sekulako kea izaten zen fabrika inguru hartan!
Grijalba: Mukiak kendu, eta dena beltz-beltza ateratzen zen. Gero depuradora bat jarri zuten, eta hark egunero hauts toneladak garbitzen zituen. Toneladak eta toneladak, egunero.
Uzkudun: Depuradora jarri aurretik, momentu batzuetan, Karabelgo gasolinera ondoan bidea moztu egin behar izaten zen, labeak botatzen zuen keak ikusten uzten ez zuelako. Karabel eta Zikuñagako bizilagunek manifestazioak egiten zituzten kontaminazioagatik.

Eta zuek barruan?
Grijalba: Dena jaten. Ni labeetan erreleboak egiten egon nintzen 20 urterekin.

Zenbat urtez aritu zinen Orbegozon?
Grijalba: 14 urtez. Lehenda­biziko rekonbertsioan bota garbiketa egin zuten, eta niri tokatu zitzaidan.
Uzkudun: Gorrien garbiketa!
Grijalba: Bai, hortik ere izan zuen pixka bat bai.

Eta gero zer egin zenuen?
Grijalba: Gero denetik egin dut. Mekaniko aritu nintzen tailer batean, eta gero autonomo bezala berogailuen instalazioak montatzen eta abar...

Geroztik ez duzu amiantoarekin lanik egin?
Grijalba: Ez.

Zein dira lehendabiziko gaixotasun sintomak?
Grijalba: Joan den azaroko kontua da. Kontatuko dizut. La­nean krisi urte batzuk baneramazkien, kolpeka lan eginez, eta erabaki nuen autonomoetatik baja ematea. Eta hilabete eta erdira, nik nabaritzen nuen nekea. Ne­kea, minik ez, eta nik ez nion ga­rrantziarik ematen. Nik kulpa egozten nion nire egoera animikoari; animoz baju, eta badakizu... Odola botatzen ha­si nintzen arte, eta or­duan bai, min haundia sentitu nuen. Neumonia zela esan zidaten hasieran. Neu­mo­niatik lesio grabeagora pasa zen segituan... oso pinta txarra dauka. Oso aurreratua da­go gaitza, eta esango nizuke, nere bizi itxaropena jaitsi egin dela. Minbizia diagnostikatu zidaten, eta tratamendua jarri zidaten. Horietatik bik huts egin dute, eta orain badirudi pixka bat errekuperatu eta beste tratamendu batekin jarraituko dudala. Kimiote­rapia da tratamendu bakarra, ez dago besterik. Baina diagnostikoa txarra da.

Bizimodua asko aldatu al zaizu?
Grijalba: Izugarri. Galera fisiko eta animikoa haundia da. Ibili ere justu egiten naiz, eta ito egiten naiz. Eta izutu egiten zaitu horri buruz pen­tsatzeak. Etxez aldatu behar izan dut... Bestalde, Gizarte Segurantzako apoio psikologikoa badaukat eta haiek asko laguntzen didate...

Amiantoak eragindako minbiziak ba al du erremediorik?
Uzkudun: Garaiz harrapa­tzea bakarrik. Eta horretarako, legeak dio, amiantoarekin lan egindako guztiek osasun bijilantzian egon behar dutela. Osasun bijilantzia berezian. Hori Eusko Jaurlaritzari dagokio. Orain dela 3 urte 3.000 lagun baldin bageunden bijilantzian, gaur egun 6.000tik gora gaude. Eta nik diot, zenbaki horrek 10 aldiz haundiagoa behar duela.

Amiantoarekin lan egin eta 30-40 urtera ateratzen omen dira sintomak...
Uzkudun: Hori da. Eta jendeak esango du: `bai, nik amiantoarekin lan egin dut, baina gutxi, edo ia bat ere ez´. Ba kontuz, badaezpada osasun bijilantzian sartu. Hori da zabaldu behar dugun mezua. Alemanian, legedi berdinarekin, minbizi kasuen %14 lanak eragindakoa da. Hemen arraza berezikoak garenez, %5 bakarrik.

Ekonomikoki ere, lanak eragindako minbizia dela aitortu izanak badu bere aldea, ezta?
Grijalba: Bai, niri bestela emango zidaten 800 euro inguruko pentsioa. Eta orain bikoitza daukat.
Uzkudun: Azkenean, gaitza ez da sendatuko, baina Pe­drok medikamendurik ez du ordaindu behar, eta mutuak ordaindu behar dio. Pentsioa ere hobea geratuko zaio...
Grijalba: Nik entzuna nuen mantenimenduko langileek arriskua bagenuela, baina inoiz ez nion garrantziarik eman. Ondo arnasten nuen, ez nintzen bereziki neka­tzen... eta ez nintzen joan.

Nola jo zenuen CCOOera?
Grijalba: Nik Jesus Uzkudu­nen­gana jo nuen zuzenean. Anaia ezagutzen nuen, eta banekien, prentsatik entzunda eta abar, Jesus hor sartuta zebilela. Eta egia da apustu haundia egin duela, eta oso azkar mugitu duela dena. Ondo mugitu gara denok, eta alde horretatik ez dut kexarik.

Horrelako kasu asko izan al dira Orbegozon?
Uzkudun: Minbizi kasua ai­tortu zaiona bakarra, Pe­dro­rena. Plaka pleuralak dituztenak batzuk badira, alegia, birikak babesten dituen azalean mantxa bat dutenak. Silikosi kasu bat ere izan da. Horiek aitortuak, eta aitortu gabeak auskalo, eta hemendik aurrera azalduko direnak...
Grijalba: Gure aita bezala joan direnak pila bat izan litezke.

Gero eta indar haundiagoa hartzen ari da mezu hau ezta?
Uzkudun: Dagoeneko Euska­din 100 kasutik gora aitortu dira. 1998an irabazi genuen lehenengo kasua, eta ordutik terrenoa irabazten ari gara.
Grijalba: Bai. Eta zenbat eta kasu gehiago azaldu, orduan eta jende gehiagok esaten du, `ostras, nik ere lan egin dut amiantoarekin´.

Amiantoarekin zeinek gehiagok egin zezakeen lana?
Uzkudun: Amiantoa zerk daramaki? Ospitalean baldosak ere bilatu dira amiantodunak. Zeinek jarri zituen haiek? Eta uralitak dauka amiantoa. Pentsa zenbat uralita dagoen gure etxeetan. Ur tuboetan, eta abar... Langile horiek guztiek bijilantzian egon beharko lukete.

Esan dugu, gaur egun amiantoa ezin dela erabili. Material arriskutsu gehiago ere aipatzen dira ezta?
Uzkudun: Momentu honetan ba­dira 30 produktutik gora kantzerijenoak direnak. Disol­­ben­teetatik hasi, eta soldadoreetara: nikela edo kromoarekin soldeatzen duten guztiek arnas­ten dute produktu kan­tzerigenoa. Atofi­nan erabil­tzen duten binilo kloruroa... Gar­biketako produktu ia gehienak enpresek erabiltzen dituztenak, kantzerigenoak dira. OMS­ek (Organizacion Mun­dial de la Salud) esana da, minbiziaren prebentzioan laugarren ga­rran­tzitsuena dela lan prebentzioa.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!