Pello Sarasola Hernanin jaio zen 1964an. 18 urterekin, Bilbora joan zen ikastera eta ordutik bertan bizi da. Bizitza osoa daramaki telebista munduan. 1989an sartu zen EiTBn, Ikerketa eta Audientzia teknikari modura. 1995ean, ETBko Programazio zuzendari izendatu zuten, eta 1999an Programazio eta Programa zuzendari. 2005ean, Antena 3 kateko Antena zuzendari gisa hasi zen lanean. 2011tik ETBko Eduki zuzendari izan da. Eta orain, ETBko zuzendari izendatu dute.
Maite Iturbe EiTBko zuzendari berriak talde berria osatu du eta ETBko zuzendari izendatu zaitu. Zer moduz kargu berrian?
Nahiko lasai, urte pila bat daramakigu telebistan eta ez gaitu harrapatu sorpresaz. Gainera, Maiteren taldea osatzeak denbora eraman du eta bagenekien nondik-nora zijoazen kontuak.
Nolako taldea osatzen duzue?
Talde profesionala osatzen dugula esango nuke. EiTBn esperientzia eta eskarmentu haundia duena. Eta birtute inportanteena da, Maiteren taldea osatzen dugunontzat, EiTB ez dela izan, ez izango, lan bat bakarrik, baizik eta ilusio pertsonal eta kolektibo bat.
Telebistari dagokionean, nolako eredua lantzeko asmoa duzue?
Alde batetik, edukia dago eta bestetik kontuan izan behar dugu gizartean daukagun ardura. Ze telebista mota egin behar da gauden gizarte egoera konplikatu honetan? ETBn izango dugu baliabide gutxiago eta baliabide gutxiagorekin, garrantzitsuena izan behar da enplegua mantentzea; ETB barruan eta ETBren inguruan mugitzen diren enpresa pribatu eta ehundaka enpleguak, hain zuzen.
Horretarako bidea da, baliabide gutxiagorekin, eduki gehiago egitea. Koste gutxiago duten telebista edukien aldeko apostua egin behar da. Esaterako, bideoa, platoa baino merkeagoa da; talking/hizkera, akzioa baino merkeagoa da; gaurkotasuna, ikuskizuna baino merkeagoa da… Eta Euskal Herrian ekoiztutako edukiak are gehiago indartu behar dira. Gutxiago gastatu behar da nazioarteko eskubideetan. Beraz, ETBk eskainiko du zine gutxiago, nazioarteko serie gutxiago...
Mikel Agirrek ezezkoa esan ostean izendatu dute Maite Iturbe zuzendari. ERE bat atzean egon zitekeela esan da, egoitzaren bat itxiko zela… Beraz, horiek guztiak zurrumurruak bakarrik dira?
Mikel Agirre lagun mina dut eta badakit ez dagoela horrelako ezer atzean. Mikelek hasieran baietz esan zuen, baina ez zen bere bokazioa kargu hori hartzea eta damutu egin zen. Beti esaten da, karguen atzetik ibiltzen garela denok, inork ez duela dimititzen... eta hori gertatzen denean, ez dugu sinesten.
Baliabide gutxiago izango duela EiTBk esan duzu. Hain zuzen, iazko aurrekontua baino %17 gutxiago izango du. Kalitatean ez al du eraginik izango?
Telebistaren ezaugarriak dira: alaitasuna, erritmoa, bizitasuna... eta koste haundiko elementu gehiago kentzeak ez du esan nahi aspergarria izango denik. Bertako produkzioarekin ere egin daitezke kalitatezko edukiak. Erronka hori da. Kontuan izan behar dugu, euskal gizarteak ikusten duela Euskal Irrati Telebista zerbitzu publiko oinarrizko bat eta mantendu egin behar dela, nahiz eta krisialdia oso garrantzitsua izan. Ardura haundia dugu eta gestionatu behar dugu euro bakoitza, urrea balitz bezala. Jendeak exigitu egin behar digu; oso kritiko izan behar du. Ez dute ahaztu behar beraien telebista dela, jabeak beraiek direla.
Batzuen ustea da ETBk kanal gehitxo dituela…
Lehen esan bezala, ETB 1 eta ETB 2, klabeak dira. ETB 3ren garrantzia ere azaldu dut. ETB K eta ETB Sat-ek berriz, izan behar dute HD proiektua beteko dutenak. Horrez gain, Canal Vasco eta streaming bidez (internet), munduan zehar ETB ikusteko aukera dago.
Batzuk esaten dute, ETB merkeago izateko, kate gutxiago egin behar direla. Baina kate gutxiago izateak ez du esan nahi merkeagoa denik. ETBren aurrekontuaren %95a gastatzen da, ETB 1 eta ETB 2n. Gainera, gaur egun telebista ezin da ulertu kate bat bezala, baizik kate talde bat bezala. Eta daude, guztiontzako egindako kateak eta kate tematikoak. Herri honetan, nere ustez, Euskal Telebistak izan behar ditu guztiontzako kateak; kate tematikoak ez dira hain beharrezkoak.
Zergatik?
Herri honetan, zoritxarrez, ez dut uste sortuko direnik Eukal Herri osorako telebista pribatuak. Ez dago nahikoa publizitate.
Eta publizitatea ETBtik kenduko balitz? TVEk hartu zuen erabaki hori bere garaian…
Gizartearen erabaki bat da; erabaki politiko bat da. Euskal gizartearentzat, Euskal Telebistaren kostea merkeagoa da publizitatea onartzen baduzu. Jendeak ze nahi du? Publizitatea edukitzea bere telebista publikoan ala garestixeagoa ateratzea eta publizitaterik ez egotea?
Nere iritzi pertsonala da, publizitatea berez aberasgarria dela Euskal Telebistarako. Ez dut esaten telebista publikorako, orokorrean, baina ETBrako bai, bere funtzioa dela eta. Euskal herritar bakoitzak kontsumitzen du telebista 4 ordu inguru. ETB ez balego, 4 ordu horien gehiengoa kanpotik etorriko litzaiguke. ETBk esparru euskaldun bat eskaintzen du: informazioan, aisialdian eta baita ere publizitatean. Bestela, euskal enpresek nola komunikatuko diote euskal gizarteari telebista esparruan, ETBn publizitaterik ez badago?
Orduan ez duzu aukerarik ikusten telebista pribatuak sortzeko?
Ez duzu egingo telebista errentagarria Euskal Herri osorako, publizitatetik bakarrik biziko dena. Beti izango da publikoa edo mistoa. Euskal Herrian noski egon behar direla telebista pribatuak. Lokalak, eskualdekoak... oso garrantzitsuak dira. Nik esaten dut zaila dela egitea Euskal Herri osoa beteko duen telebista bat, kanpotik datozen telebista haundiekin lehian ibiliko dena. Telebista oso garestia da eta ez dago publizitate nahikorik hori finantziatzeko.
Hamaika Telebista ere indarra hartzen ari da. ETBk ba al dauka zer ikasia kate honetatik?
Noski. Ezin da pentsatu inola, Euskal Telebistan bukatzen direla euskal telebistak. Hamaika Telebista da azken urteetan sortu den fenomeno interesgarrienetariko bat eta guk sentitzen dugu bidaia lagun bezala. Aberasgarria da oso.
Bere garaian polemika sortu zuen eta orain ere bada jakinmina sor-
tzen duen gaia. Eguraldiaren mapa aldatu egingo al da berriz?
Galdera hau oso morbosoa da eta naturaltasun guztiarekin erantzunez, zeintzuk dira Euskal Telebistaren jabeak? Euskal Autonomia Erkidegoaren biztanleak. Eta ze Euskal Telebista nahi dute? Euskal luarralde guztiak erreferente izango dituen telebista. Ez dute nahi telebista bat mugatuko dena erkidego autonomora. Orduan, hori azaldu behar da eguraldi mapan, eta beste hainbat estadistika erabiltzen ditugun albisteetan. Horrez gain, Euskal Telebistak errespetatu behar du, Euskal Herri barruan, lurralde bakoitzeko nortasun politiko eta administratiboa.
Kargu berria duzu, baina telebista mundua oso ondo ezagutzen duzu. 16 urtez ETBn aritu ostean, 2005ean Antena 3ra joan zinen. Nolatan?
ETB da erronka personala eta kolektiboa eta Antena 3 zen sekulako erronka prfesionala. Hernaniko tipo bat izatea Antena 3ko edukien arduradun nagusia… ez da gauza makala! 6 urte egin nituen han eta profesionalki izan zen zoragarria. Nik beti esango dut, baten batek Madrilera joan behar badu lanera, telebista mundura, Antena 3ra joateko. Madrilen dagoen telebistarik interesgarriena da. Antena 3ek telebista egiten du; genero guztiak lantzen ditu. Hasieran, 2 urtetarako joan nintzen, baina erronka berriak iristen ziren etengabe: kate berriak, La Sextaren fusioaren hasierako pausoak... Dena dela, pertsonalki, argi neukan Euskal Telebistakoa nintzela.
2011n bueltatu zinen ETBra, Alberto Surio zuzendari zela. Inoizko emaitzarik kaxkarrenak zituen orduan ETBk. Zerk eragin zuen?
Alde batetik esan da, jendeak atzera egin zuela orduko kriterio editorial konfliktibo batzuk tarteko. Bestetik esan da, erabaki tekniko kaxkarren batzuk hartu zirela. Neri iruditzen zait bigarren kontuak garrantzi gehiago izan zuela.
Emaitzak hobetzen doaz, audientzia gora doa. Ze aldatu da?
Batez ere ETB 2n igo da audientzia eta hori da albistegien eskaintza asko igo delako eta etxeko profesionalek zerbitzua asko hobetu dutelako. Gaurkotasuna duten programak ere asko hobetu dira. Horien artean aipatzekoak dira: 60 minutos, Euskadi Directo, Ni más ni menos... Programa horiek nortasun argi bat ematen diote ETB 2ri.
Nolako ikusleak gara euskal herritarrak?
Euskal herritarrak gara gaurkotasun zaleak, albistegi zaleak, debate zaleak... Oso eztabaida zaleak gara, hizkera/talk telebista asko gustatzen zaigu. Hori joera bat dugu. Beste joera da, realityen aldekoa, eta oso interesgarria da, unibertsitatean aztertzeko modukoa. Realityen artean, aztertu beharrekoa da, Tele 5. Euskaldunek Tele 5rekin duten lotura da, fenomeno paranormala.
Etorkizunera begira, ze erronka dituzu?
Aurreko batean, Bilbon egon zen telebista munduan aditua den holandar bat, eta esan zuen, krisi garaian, aisialdia askoz ere garrantzitsuagoa dela. Denok behar dugu psikologikoki, eta telebista horregatik kontsumitzen da gehiago krisi garaian. Hori horrela, aisialdiaren bila joan behar dugu. Telebistaren etsai haundiena aspergarria izatea da, eta telebista aspergarria ez egiteko, garrantzitsuena da gu, gure lanean, ez aspertzea. Lanean ondo pasa behar da eta ohetik ilusioarekin jaiki. Nik 20 eta piko urte daramazkit ETBn eta hori ez dut galdu. Horri eustea da nere helburu garrantzitsuena. Hori galtzen dudanean, ardura guztiak utziko ditut.
«ETB HD kate berria, martxan jartzera goaz»
Edukien aldetik, ze norabidetan egingo duzue lan?
Momentu honetan ondo bideratuta dauden euskarriak baditugu: esaterako, ETB 2k nortasuna du, programazio estruktura ezaguna, tinkoa eta funtzionatzen duena. Gero eta gehiago albisteen eta gaurkotasunaren inguruan mugitzen dena. Jendeak hori eskatzen dio ETB 2ri.
Horrez gain, ETB 3 daukagu. Guretzat oso euskarri garrantzitsua. Gaur egun, haurrek, 11-12 urtera arte, ez dute kontsumitzen guztiontzako diren telebista kateak; bakarrik kontsumizen dituzte beraientzat egindako kateak. Eta nahi baldin badugu, haur eta gazte horiek euskeraz ikustea telebista, eskaini behar diegu telebista kate bat bakarrik beraientzat izango dena.
Eta martxan jartzera goaz ETB HD. Euskarri berri bat izango da, koste berririk gabea, orain arte egin diren inbertsioei produktibitatea aterako diena. Beste kateetan, seinale normalean ikusi ahal izango diren edukiak, kate honetan ikusiko dira kalitate hobean. HD seinalea (goi definizioa) etxean jasotzen dutenentzat izango da: pelota partiduak, pelikulak... kalitate hobean ikusteko aukera izango dute.
Eta ezin ahaztu gure helburu garrantzitsuena: ETB 1. ETB hasi zenetik, lehenengo katea izan da eta guretzat lehentasuna da. Eta asko daukagu hobetzeko. Oraindik falta zaigu garrantzitsuena: kateari programazio normal bat ematea, nortasun tinko eta ezagun batekin.