Azken urteetan ohitura bihurtu da, eta aurten ere, Hernaniko Musika Bandak kontzertu berezi bat emango du, zuzendari lanetarako norbait gonbidatuta. Datorren ostiralean izango da emanaldia, 20:00etan Biterin, eta Roberto Pacheco izango da zuzendaria. Ez da lehenengo aldia Pacheco gonbidatzen dutela.
Pozik hartzen al da horrelako
gonbite bat?
Niretzako harro sentitzekoa da herriko Banda zuzendu ahal izatea. Gainera, nahiko momentu onean dago Banda, eta gogo haundia daukat kontzertu honetarako, errepertorio zail xamarra aukeratu dut.
Donostiako kontserbatorioan ere irakasle zara, eta beste maila bateko taldeak zuzentzeko ohitura haundia izango duzu...
Hernaniko Musika Eskolako saxofoi taldea eta Gipuzkoako Musika Eskoletako taldeak elkartuta sortutako Big Banda ere zuzentzen ditut. Kontserbatorioan berriz, Ensemble bat jarri dut martxan. Izan ere, normalean, kontserbatorioko ikasleek klasikoa lantzen dute, eta nire asmoa da musika estilo eta tresna desberdinak uztartzea eta ikastea: salsa, merengea, jazza, bluesa, euskal musika, rocka...
Maila eta estilo desberdinetan mugitzea gustatzen zaizu hortaz.
Azken batean, benetan interesatzen zaidana pedagogia da. Ahal den estilo eta talde desberdinetan mugitzen naiz. Ez naiz espezialista sentitzen. Aberastasuna gustatzen zait. Gehiago ikusten dut nire burua irakasle bezala, zuzendari bezala baino.
Ostiralerako errepertorio zaila aukeratu duzula aipatu duzu. Zein?
Duela 2 urte ere zuzendu nuen Banda, eta orduan, kontzertu tematikoa prestatu genuen, erritmo latinoekin. Oraingoan zukua atera nahi izan diot Bandari, erronka musikala jarri diot. Musika sinfonikoa, pelikula bateko soinu banda, zarzuela, musika bandarako sortutako pieza bat, zuzendari hernaniar batek konposatutako beste bat... Denetik.