Ordezkapenak egitetik bizi zara. Urte guztian izaten al da eskaera?
Bai, ni honetatik bizi naiz, hauxe da nere lanbidea. Urte osoan eskaera izaten da, baserritarrak oporrak nahi dituztelako, bajak kubritzeko...
Alegia, baserritar batek oporrak hartu nahi baditu, edo bajan badago, zuk egiten dituzu haren lanak?
Bai. Baserritarrak gizarte segurantzan egon behar du, hori da baldintza bakarra. Zerbitzua subentzionatua da. EHNE-Lurrera eskaera egin, eta ni joaten naiz haren lanak egitera. Fetxa eskatu, eta ni libre banaiz, hara joaten naiz. Bestela, fetxa aldatu egiten da; urgentzia bada, momentuko lana utzi eta moldatzen gara.
Zu bakarrik al zaude ordezkapenak egiteko?
EHNE-Lurren, ni bakarrik. Lurgintzan eta Abelurren ere ari dira beste batzuk, lan klasearen arabera. Baserri oso gutxi daude. Esplotazio bezala, baserri bezala, oso gutxi.
Gipuzkoan aritzen zara, zein ingurutan gehien?
Ibiltzen naiz, Elosua aldean, Azpeitian, Amezketan, Abaltzisketan, Urnietan, Alegitik gora Orendainera ere joaten naiz, joan izandu naiz Azkoitiara, Errezilera, Oiartzunera, Getarin, Zaldibian, Igeldon ere egona naiz... ez da zona bat zehatza. Gipuzkoa osoan aritzen naiz. Gutxiena Irun alde horretan.
Hernaniko baserriren batean izan al zara?
Hernanin ez naiz sekula izan. Urnietan bai, Sabordegin. Esplotazio haundi bat dago hor. Bertan egon naiz gertuena. Izan ere, Hernanin esplotazioa orain, bakarra egongo da. Agerrekoa. Arriatsuk kendu zituen, Okendok ere bai, guk ere bai... Izan ere, lan egoera ez dago batere ondo. Egoera oso gaizki dago. Esaterako, esne produkzioan izugarrizko exigentziak daude. Esnearekin daude laboratorioko exigentziak eta baserriko soldatak. Kontsumitu behar den gauza batean exigentziak egotea ondo dago, baina hori kosta egiten da eta koste hori ez bada pagatzen, jai dago.
Esne behiak kentzeko erabakia horregatik hartuko zenuen...
Lan haundia, lotua eta irabazbideak gero eta murritzagoak… momentu hartan kuotak ere diru pixka bat balio zuen, esne kuota saldu egiten zen garai hartan, eta dena elkarrekin lotuta hartutako erabakia izan zen.
Noiztik ari zara honetan?
Azaroan 7 urte egin ditut.
Zergatik erabaki zenuen lan honetan hastea?
Berez, ganaduekin ari direnei lagundu behar diet, eta ni 20 urtez horretan aritua nintzenez... eskua hoberen hartua neukan lana horixe zen. Baserriko lanetan esperientzia baneukan. Juxtu gainera, ni lanean ari naizen postuko langilea jubilatu egin zen eta orduan hasi egin nintzen.
Zertan moldatzen zara hoberen?
Azken batean baserrian egin behar diren lan klase guztiak egitea tokatzen zait. Behiari umea kentzetik amonaren psikologo izateraino (parrez). Adinekoek gogoa izaten dute hizketarako eta kontuak esateko. Gustatzen zait lana.
Ondo moldatzen al zara bakarrik edo jende gehiago beharko litzateke?
Bolada batzutan eskaerak konzentratzen dira, baina beste batzuetan nahiko justu ibiltzen gara lan eguna betetzeko. Lan gutxi izaten da, alegia. Izaten dira fetxa batzuk agian jende gehiagok hartuko lituzketenak, baina banatu egin behar.
Ordezkapen fijoak al dauzkazu? Baserri jakinetara?
Izaten dira berriak ere, baina askotan zirkulo batean bueltaka ibiltzen naiz.
Baserritarrek erraz uzten dute beren baserria?
Normalean izaten da norbait han geratzen dena, hango martxaren berri dakiena. Hori ondo etortzen da.
Baserritar bakoitzak bere lan egiteko modua izango du. Erraza egiten al zaizu moldatzea?
Egia esan ez da erraza. Ahal dena egiten da. Denak dira baserriak, baina denak dira ezberdinak. Eta pertsonak ere denak ezberdinak gara. Lehenengo egunetan moldatu egin behar duzu. Eta alde horretatik ez dut inoiz arazorik izan. Ez jendearekin, ez lanarekin ez dut inoiz arazo haundirik izan. Baserri bat ez da tailer bat bezala. Tailerrera joaten zara, buzoa janzten duzu, hango lanak egiten dituzu... bukatu eta martxa. Baserrian askotan etxean sartzen zara eta familiako bat gehiago bezala hartzen zaituzte. Ni familiako bat bezala hartzen naute baserri askotan eta bertan bazkaltzen dut. Baserri askotan. Hori ona da, baina beste aldea ere badu. Nolabait, intimidadea kentzea ere bada eta beraz, segun eta bakoitzak zer mentalitate duen, ba akaso ez du nahiko. Nik hori ulertzen dut.
Zerbitzu hori eskatzen ez dutenek arrazoi hori izan dezakete?
Ez dakit, baina izan liteke. Beste arrazoi batzuk ere bai. Adibidez, esplotazio haundietan gertatzen da mutilak eta dituztela lanean. Hegoamerikako asko ibiltzen dira lan horietan. Horregatik, ez dute zerbitzu honen beharrik.
Lotan bertan geratu behar izaten al duzu?
Ez, lotan ez. Bazkaltzen segun, baina askotan bai. Ordutegiaren arabera ere izaten da. Izan ere esplotazio guztiak ez dira berdinak. Ez da berdina esnetako ganadua daukana. Han goizean eta iluntzean jeitzi egin behar izaten dira. Eta larreko ganaduak, haragitakoak dauzkanak berriz, haiek ez dituzte jeitzi behar izaten, hura beste estilo bateko lana izaten da. Baserriko lanaren arabera moldatzen da ordutegia. Oso kuriosoa da lan hau. Diferentea da.
Gustora aritzen al zara?
Bai, normalean bai. Aldea dago segun zer lan tokatzen zaizun eta segun zer giro dagoen. Kanpoko lan batean giro txarra tokatzen bazaizu, hori desastre bat da. Eta lan batzuk gogorragoak dira beste batzuk baino. Dena dela, gaurko egunean ez dago aukeratzen joaterik. Ez dago lana a la carta. Lanagatik badakizu zer esaten duten: pentsatu ze txarra izango den, pagatu egiten dizute-eta, egiteagatik (parrez).
Zu besteen oporrak kubritzen aritzen zara. Eta zuk, izaten al duzu oporrik?
Bai, izaten ditut. Lehen baino gehiago, gainera. Baserrian aritzen nintzenean baino gehiago. Lanbide honetan hilabeteko oporrak ditut.
Zeozer gehiago esateko?
Nik baserritarrak animatu egingo nituzke ordezkapenak eskatzeko. Azken batean lanerako behar duenari esku profesional eta serioa eskaintzen diogu.
«Uso mezularietan, rumanoek pasara ematen digute»
Afizio kurioso bezain polit bat badu Joxe Mari Arrietak: uso mezulariak. 2008an karrera internazionala irabazi zuen Arrietaren San Antonio usoak.
Uso mezulariekin ere aritzen zara lehiatzen.
Bai, hor ibiltzen gara. Azkenean gure arteko lehiaketak dira, baina tira, hor gabiltza.
Orain ez gara lehiaketetan ari. Hori martxoan azkenetik hasten da. Eta gero uztailan azkenaldera arte izaten da. 2003an hasi nintzen bigarren txandan, txanda honetan. Baina lehenago ere 20 urterekin edukitzen nituen. Bolada batean utzi nituen.
2008an irabazi zenituen Euskadiko lehiaketa, eta karrera internazional bat.
2008a uste dut zela, bai, karrera internazional bat irabazi zuen nere uso batek. San Antonio izena zuen. 695 usoren artetik irabazi zuen. Lemans-tik zen karrera.
Orain rumanoak dauzkagu onenak. Kriston pasara ematen digute. Bi rumano ibiltzen dira tandem eginez, eta gero beste bat dago bakarrik ibiltzen dena. Oso onak dira.
Nola izaten da hori?
Kategoriatan banatzen dira usoak: uso zaharrak, jarlinak (aurreko urtean jaiotakoak), eta urteko uso kumeak. Hasten gara normalean hemen, Miarritze edo Baionan eta joaten gara pixkanaka pixkanaka iparraldera. Frantzia aldera. Pixkanaka urruntzen astetik astera. Ia 1.000 kilometrora arte. Lehengo urtean bukatu genuen Bruselasen. Guk usoak hartu, eramaten ditugu Andoainera, eta han ordenadorean sartzen dituzte datuak. Gero saski batzuetan sartzen ditugu, kamioira pasatzen dituzte eta eramaten dituzte Miarritzera edo. Han bertako kamioietan hartu, eta eramaten dituzte askatu behar diren lekura. Handik esaten digute noiz libratu dituzten, zer ordutan eta non. Gero, handik zein azkarrena etorri. Eta gero itxoitera, gora begira jarrita. Hori da inpotentzia, inpotentzia hori da.Eta ikusten duzunean etortzen... hura poza! Cada loco con su tema esaten da. Gustatuz gero, denak dira gauza politak. Baina neretzat oso polita da eta meritu izugarrizkoa usoarentzat. Harek egiten duen lan hura izugarria da. Kontu egin ezazu, kamioi batean sartu, kamioi hori Bruselaseraino eraman, han askatu eta etxerako bidea bilatu. Lehengo urtean, Bruselasera 7 uso bidali nituen eta 7tik 6 etorri ziren. Larunbat goizean libratu Bruselasen, eta igandean eguerdiko ordubata inguruan etxean zen lehenengoa.