Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Raul Garcia

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 31a, 01:00

1go mailako hiru talde kanporatu ostean, Raul Garcia hernaniarraren taldeak, Mirandesek, erronka historikoa hasiko du gaur gauean: Athletic kanporatuz gero kopako final haundian egongo da. Kronika Garciarekin bildu da kanporaketa honetaz, eta Mirandesen d

Racing, Villareal eta Espanyol kanporatu ostean, Athleticen aurka jokatuko duzue Kopako finalerdia, gaur hasita. Nola ikusten duzu kanporaketa?
Orain arte jokatutako kanporaketa guztiak bezala, hau ere oso konplikatua ikusten dugu. Hala ere, gure aukerak balia­tzen saiatuko gara, eta beste behin ere, sorpresa emateko inten­tzioarekin hartuko dugu Athletic.

Ligako emaitzek erakusten dute  aurten Mirandesek Kopan
egindakoa ez dela kasualitatea.

Ez. Kasualitatea 1go mailako talde bat kanporatzea izango litzateke, baino Racing eta Espanyol ere kanporatu ditugu, eta horrek erakusten du  atzean zerbait gehiago dagoela. Azken finean,  emaitzak beti onak izaten direnean, kasualitateak ez dira existitzen. Lortutako emaitzak egindako lan onaren fruitua dira.

Kopako finala jokatzeko aukera duzuela uste duzu? Imagina­tzen al duzu zure burua egoera horretan?
Finala jokatzeko aukerak ba­daude, oso gutxi, baina badaude. 2garren B mailako taldea gara, 1go mailako talde baten aurka neurtuko dena, eta gu konsziente gara dugun aukera oso txikia dela.
Orain, finala jokatzearekin amestu baino, nahiago dut momentuarekin gozatu, ez baita edonolako gauza Kopako finalerdi bat jokatzea. Denboraldi hasieran pentsaezina zen Kopan honaino iristea, disfrutatzera aterako naiz eta eta etorri daitezela ondoren etorri beharrekoak.

Mirandes bezalako talde batentzat ametsa al da Kopako finalerdietara iristea?
Bai, argi dago ametsa dela. 1go mailako 3 talde eliminatzea, eta gainera joan-etorrira jokatuta... Hori baita konplikatua; kanporaketak partidu bakarrera baldin badira, agian, ustekabean harrapatu dezakezu aurkaria. Baina bi partiduko kanporaketetan, teorian, ia ezinezkoa da 1go mailako 3 talde kanpora­tzea. Kanporaketak bata bestearen atzetik pasatzea ametsa zen hasieratik, eta niregatik, jarrai dezala ame­tsak aurrera!!

Miranda de Ebro Kopak ilusionatu badu ere,  zuen aurtengo helburua liga da, ezta?
Bai, gure helburu nagusia liga da, hori baita jaten ematen diguna. Kopakoa oso polita da, eta historia ere egiten ari gara... Oso gauza zaila eta polita da hiri txiki batean, 2garren B mailako talde batek horrelako zalaparta sortzea. Baina taldekideak konsziente gara gure denboraldia ligan egiten du­gunaren arabera izango dela epaitua. Gure helburua, lehenik eta behin, gure multzoko lehenengoak izatea da, play­offean abantaila izateko; eta gero, playoffean, 2garren  mailara igotzeko borrokan egotea.

Aste honetan, Segovian, Li­gako 2garren porrota sufritu zenuten. Inguruan sortu den zalapartak eragin negatiborik izan al du?
Urtarrila oso zaila izan da: bidaia asko, partidu asko... eta hori agerian geratu zen larunbatean Gimnastica Se­go­via­na­ren zelaiean. Taldeari kosta egin zitzaion partiduan sartzea eta ez genuen emaitza onik lortu. Egoera astun xamarra izaten ari da, jendea oso gainean dugu, komunikabideak ere bai, eta guztia arrotza da guretzat, ez dugulako aurretik horrelako ezer ezagutu. Ha­lere, horrenbesteko lata ematea gauza ona, polita eta historikoa da, egiten ari garenaren ondorioa.

Hernaniarren babesa izango al duzu gaur gauean Anduvan?
Bai, familia Anduvara etorriko da baina lagunak ez, koadrila San Mamesera eramateko intentzioa dut. Egia da Anduvan oso giro polita izaten dela, eta futbolaz asko gozatzen dela horrelako zelai txikietan, baina Anduvara familia ekartzeko aukera izango dut bakarrik.

35 urte dituzu, zure karrerako azken pausuak al dira hauek?
Erretiroarena ez da gaur egunean serio planteatzen dudan gauza bat. Nire pasioaz, futbolaz, disfrutatzen jarraitzean bakarrik pentsatzen dut, eta erretiroa hartzeko garaia iristen denean hartuko dut erabakia. Erretiratzeko erabakia oso argi daukat noiz hartuko dudan: fisikoki maila galtzean edo futbol zelaiean ni neu naizen bezalakoa izateari uzten diodanean. Ez dut bukatu nahi futbol zelaietan arrastaka, maila galdu dudalako. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!