Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Endika Barrenetxea

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 26a, 01:00

Bi urte daramazkizu profesional mailan eta gaur erregulartasunaren saria emango dizute. Ondo ari zaren seinale.
Bai, horrenbeste ordu eskaini ondoren horrelako sari bat jasotzeak pasatako orduak eta momentuak zeozertarako balio izan dutela sentiarazten dit, eta lanean jarraitzeko indar edo balore gehiago ematen dit.

Nola jaso duzu berria?
Enpresak eguneratua daraman web orrialdean irakurri nuen berria, duela egun gutxi batzuk. Egia esan banekien urte honetako emaitzak nahiko onak zirela, baina ez nuen espero nire taldean lehenbizikoa geratzea.

Zer moduz profesionaletako bi urte hauek?
Lehenengo hilabeteetan presio haundiegiarekin bizi izan nuen. Denboraren poderioz eta partidu asko jolastuz, nire buruarengan konfiantza lortzen joan naiz eta orain, inoiz baino gustorago aurki­tzen naiz nagoen tokian.

Afizionatuetatik profesionaletarako saltoa haundia izan al da?
Bai, nire iritziz saltoa haundia da, bertan dauden jokalarien maila afizionatuetan dauden jokalariena baino dezente altuagoa delako. Azken finean, nire jokoa profesional mailara egokitzeko lan haundia eta ordu asko eskaini behar izan dizkiodalako.

Iaz Casino Kursaal Txapelketa jokatzeko atarian geratu zinen, halako txapelketa garrantzitsuetan jokatzeko mailan ikusten al duzu zure burua?
Lehengo urtetik hona nire jokoak gora egin duen bezala, horrelako txapelketetan parte hartzeko kapaza ikusten dut nire burua. Txapelketa hauetan parte hartzen duten gainontzeko profesionalekin konparatuta, badakit oraindik ez naizela aurkari guztiz gogorra, baina espero dut hurrengo urteetan hau aldatzen joatea.

Erremontista guztien ametsa da buruz burukoa irabaztea. Mo­men­tuz, Ezkurra da jaun eta jabe modalidade horretan. Noizbait txapela hori janzteko esperantzarik bai?
Momentu honetan nire helburu nagusia maila altuena duen taldean sartzea da, eta honenbestez, horrelako sari bat irabaztea nire mugen gainetik ikusten dut. Hala eta guztiz ere, aurrerago, buruz burukoa irabaztea nire helburu garrantzitsuena izatea espero dut.

Estelar batzuetan parte hartzeko aukera izan duzu punta-puntako erremontistekin. Zer moduzko esperientzia izan da? Nabaritzen al da aldea?
Niretzako oso esperientzia po­lita eta aberasgarria izan da, eta bai, alde haundia nabaritzen da punta-puntako jo­ka­lariekin jolastean.

Nola ikusten duzu erremontearen mundua etorkizunean? Profesionaletan jarraitzeko aukera ikusten duzu?
Erremonteari noski etorkizuna ikusten diodala, enpresa berria bere esku dagoen guztia egiten ari baita. Egiten ari dena ondo egiten ari dela deritzot, bere emaitzak frontoian islatzen direla ikusten baitut. Hurrengo urteetan, orain arte bezala, lesio garrantzi­tsurik gabe jarraitzen badut, profesionaletan jarraitzeko aukera ikusten dut.

Zerbait gehiago esan edo gehitu nahiko zenuke?
Eskerrak eman nahiko nizkieke situazio honetara iristen lagundu didaten pertsona guztiei, nire umore txar, egoera zail eta une konplikatuetan beti ondoan izan ditudalako. Batetik, eskerrik asko Igor, Tximist, Goizeder eta Patxiri, beti gauzak errazagoak egiten lagundu didazuelako. Eta bestetik eta guztien gainetik, nire aitari eskerrak eman nahi dizkiot, berari zor baitiot gaur nagoen lekuan egotea, berak erakutsi baitit dakidan guztia. Mila esker denei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!