Hernaniko Txotx denboraldia irekitzeko aukera eman dizute aurten. Espero al zenuen? Nola hartu duzu albistea?
Ez, egia esan ez nuen inondik inora espero. Sorpresa oso polita izan zen. Eta gehiago esango nuke, sorpresa izateagatik zaporetsuagoa izan dela uste dut.
Zu bezalako kirolari batek, zein iritzi du edari honen inguruan?
Kirolariok ez dugu alkohol gehiegi edaten, baina egokiak diren ohituretan salbuespen bat egiteak ez dit kalterik egingo! Seguru nago alderantziz dela gainera! Nire etxean beti tradiziozko edaria izan da. Beti izango ditut gogoan oroitzapen haiek: aitonarekin mendira joaten nintzen garaietan, bueltakoan, sagardo botila bat ireki eta gazta ogitarteko bat jaten nituen. Sagardoa oroitzapen horien parte da.
Askotan joaten zara sagardotegietara?
Ez, urtean pare bat edo hiru bider joaten naiz gehienez. Normalean lagunekin ospakizunak ditudanean hurbiltzen naiz, oso plan aproposa baita horretarako.
Dieta berezia izaten duzue goi mailako kirolariek. Azalduko al zeniguke zein den zurea?
Arreta eskaintzen diot jaten dudan horri eta jaten dudan horren kalitateari, horri dieta berezia deitzea baldin badago bai, berezia dut. Ez dut produktu edo janari mota zehatz bat kontsumitzen, baina dietan jaten dudan proteina kopuruari garrantzia ematen diot, egokiena zein den erreparatzen dut. Hidrato integralei eta beste zenbait produkturi dagokienez, fruituetatik etortzen direnak kontsumitzen saiatzen naiz. Koipea ere beharrezkoa da jakina, baina horri dagokionez, portzentaje edo kopuru txikian. Gustatzen zait gauza biologikoagoak kontsumitzea, nahiz-eta oso erraza ez den horietara heltzea.
Eskalada eta alpinismoa egiten dituzu zuk. Bati eta besteari zenbat leku eskaintzen diozu egunez egunekoan?
Gehienbat alpinismoa egiten dut. Baina, argi azaldu behar da, alpinismo ona egiteko kirol eskaladan indartsu egotea beharrezkoa dela. Bai teknikoki, eta baita fisikoki ere. Indartsu sentituta alpinismo gogorrean erosoago sentitu, eta konfiantza eta segurtasun gehiagorekin mugitzen zara. Beraz, esango nuke bata eta bestea lotuta dijoazela bai nire gorputzean eta baita nire buruan ere.
Zein sentsazio eragiten dizute bai batak eta bai besteak?
Sentsazioen inguruan beti paralelismo hau egiten dut: Eskaladako bideak luzeera jakin bat dute; horrek eragiten digu sentsazio polit bat, bideak irauten duen bitarte horretan. Alpinismoko bide batek ematen dituen sentsazioak aldiz, luzeagoak dira; ekintza osoaren luzeera eta iraupena izaten dute. Hau da oso luzea. Eta hain luzea izanda, betirako geratzen dira bihotzean. Esango nuke kirol eskaladako sentsazioak nahiko sozialak direla, baina alpinismokoak zuk zeuk soilik ulertu ditzakezu edo horretaz gain zure soka-lagunak ere bai. Eta ekintza batera bizitzeak eragiten dituen emozioak funtzio berezi bat sortzen dute soka-lagunen artean: Hauek sokalagunak izango dira betirako! Kirol eskalada eta alpinismoaren artean bat ez nuke aukeratuko. Esan dezaket gaur egun niretzako kirol eskalada alpinismo on bat egiteko bidea dela. Hau da, alpinismoa da nire helburua.
Zure lanari dagokionean, zein proiektutan zaude murgilduta?
Nire proiektuen artean garrantzitsuena eta iraunkorra, behin ere bukatuko ez dena, mendiaz gozatzea izango da. Horrez gain, egia da gauza konkretuak egiteko asmoa ere badudala nire lagun Rikar Otegirekin. Oraintxe, hain justu, Kataluniako Pirineoetan nago alpinismoaz gozatu eta zenbait bide egiten.
Zein proiektu duzu buruan etorkizunerako?
Ia zehaztu gabe dudan arren, Pirineo inguruan bideren bat irekitzea aproposa izango litzatekeela uste dut, eta horretaz gainera, bidaia luze bat egiteko gogoz ere banabil, buruan bueltaka dudan zerbait da azken hori.
Euskal emakume eskalatzaile ezagunenetakoa izateaz gainera mundu mailan ere izen haundiko eskalatzailea zara. Nola ikusten duzu emakumea eskaladan?
Eskalada orokorrean dago modan. Neska asko ari dira eskaladaren mundura inguratzen, eta hori oso gauza garrantzitsua da. Rokodromoetan geroz eta neska talde gehiago ikusten direla egia da, pixkanaka emakumeak kirol hau bere egiten ari dira, gustukoa dutela ikusten da. Hurrengo pausoa emakumeak harkaitzean eskalatzera bideratzea da. Beraz, bai, geroz eta emakume gehiago ikusten dira eskalatzen, baina harkaitza da hurrengo helburua.
Nola ikusten duzu harrobia? Zer uste duzu, gazteek eskaladarekiko gero eta interes haundiagoa dutela?
Lehen eskalada gutxiengo talde baten kirola zen eta gaizki ikusitako ekintza ere bazen gainera. Arrisku kutsua zuen bere gainean, eta horrek jendea atzera botatzen zuen. Orain aldiz, jendeak eskalada ulertu egiten du eta beste modu batean begiratzen zaio eskaladari. Gizarteak oinarrizko kirol bat bezala ikusten du, eta, ondorioz, eskalatzea begi onez ikusten den kirola da. Gehiago esan genezake, nik uste dut oso modan dagoela. Horregatik iruditzen zait bide onetik doala kirol honen gizarteratzea, eta harrobia potoloa dela ziur nago.