Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Maialen Lujanbio

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 14a, 01:00

ZORTZIKO HAUNDIA

Jende askok galdetzen du zergatik ez zareten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Nagusian aurkeztu.
Nere kasuan, aurrekoan ere ez nintzen atera beraz, eskusatua bezela nago, ezta? Pentsatzen det gauza zikliko bat dela, adinarekin daukala zer ikusia, ibilbidearekin, esperientziarekin… Lehen ere, gu ateratzen hasi bezain pronto, Andoni (Egaña), Peña (Anjel Mari Peñaga­rikano), (Sebastian) Li­za­sok… utzi zioten txapelketan ateratzeari. 
Pentsatzen det, generazionala dela. Txapelketa oso exigentea eta nekagarria da eta Xa­bier Amurizak txapelketa aurreko prentsaurreko batean esaten zuen, txapelketan atera­tzeko kemena behar dela. Ke­mena, indarra, gogoa eta grina behar dela. Bi urtean behingo dinamikan, punta xa­marrean bazabiltza, momentu bat iristen da gehiegizkoa dena.  
Horrez gain, herrialdetako txapelketari beste funtzio bat dagokio, txapelketak dituen funtzio askoren barruan: promozioa, jende berriari leku bat uztea, etab. 

Lan haundia da zuretzat 2 urtean behin txapelketa bat prestatu beharra edo?
Neretzat kristona. Prestatu beharra, eta gero, presio eta exigentzia aldetik, Euskal Herriko txapelketa batek agortuta uz­ten zaitu. Handik bi urtera, egin dezakezu noski Gipuz­koako txapelketa, baina Amu­rizak aipatzen zuen kemen ho­ri ez daukazu. Bertsokera ga­ratzeko ere, beste tempo bat eta beste prozesu bat behar da nik uste, eta 4 urte neurri ona da.

Zein da txapelketa urtea eta txapelketa gabeko urtearen diferen­tzia?
Txapelketa neretzako da kasik, genero bat bezela. Plazetatik desberdina den genero bat. Plazaz plazakoa da nota kontinuo bat bezela, beti hor dagoena, azpitik doan itsaso moduko bat eta gero, txapelketa da noizean behingo olatua. Noizean behingo olatu horrek lagun­tzen dizu bertsokera horretan pauso kualitatibo bat ematen. Igual, 4 urteko ibilbide horretan pixkanaka pixkanaka, eta igual inkontzienteki, ematen zoazen pausoak hareagotzen, estutzen eta haiei briloa ateratzen. Hori ez da txapelketarako prestatzen dezun zerbait, seguruena lehendik datorrena da, baina txapelketa eskaparate nagusia da. Mugarriak bezalakoak dira neretzat txapelketak. 

Zuek ez aurkeztua ere, ia 10.000 ikusle izan ziren Illunben. Hori ona da, edo ez da hain ona?
Nik uste ona dela, bertsolari­tzak sekula pentsatuko ez zuen jende kopuruetara iristen ari delako eta batez ere, inportanteena dena da, plazaz plaza 10.000 eta 15.000 baino askoz gehiago etortzen direla urtean zehar eta hori da benetako kopurua. Hori da benetan ber­tsolaritzaren basea eta gu­re, ez dakit nola esan, magma hori, ezta? Gero, eztanda egiten duenean magma horrek, horrelako egun seinalatuetan horrelako jende pila etortzea, alde batetik seinale ona da. Beste aldetik, ez det uste bereziki alimentatu beharreko gauza bat denik eta bertsolaritzaren helburuak izan behar duenik kopuruen dantza bat. Neretzat ez da interesantea. Oinarria alimentatzea da interesantea, horrek ekarriko duelako eta horrek ekarri duelako kopuru haundi hoietara iristea. 
Ikuskizunaren izenean, muga ba­tzuk gainditu dira aurtengo txapelketa honetan?
Mugak non dauden zaila da jakiten. Nik uste txapelketa honetan, eremu batzuk esploratu nahi izan direla eta seguruena, berriz ez garela bueltatuko terreno hoietara. Baina bueno, orain badaukagu proba bat esateko: `ez ez, hori behin probatu zen eta ez zuen balio izan.´ Horre­tarako, probatu egin behar da, hori ere egia da. Neri planteamendu bezela, gauza batzuk a priori ez zaizkit gehiegi gustatu baina igual oso emaitza ona emango zuten. Nik uste, prueba bat izan dela oro har txapelketa hau eta hortik ondorio onak eta txarrak aterako direla. 

ZORTZIKO TXIKIA

Zer moduz daramazkizu zure erreinuaren lehen bi urteak?
Ondo! Ahaztu egiten zait hura izan zenik eta gero, gogorarazten didate eta gogoratzen naiz. Momentu batzutan presioa edo horrelako karga berezi bat sumatzen det, baina bueno, ederra da.

Egañari desberdin begiratzen diozu orain?
Neri `txapeldun´ deitzea ateratzen zait oraindik batzutan. Bueno, bada, ez?  Hori lehendakariak bezela da, vitalicio, be­ti lehendakari esaten dietela. 
Uste det bera lekuz aldatu dela pixka bat eta orain gustora eta komodo dagoela. Lehen ere bai, baina orain, uste det, bera aldatu dela lekuz. 

Eta zu? Saioetan lehen baino gehiago errespetatzen zaituzte edo sublebatzen saiatzen dira?
Ez det uste. Ni ez naiz asko konturatzen eta inguruan ere, badakigu txapelketa hartan zer pasa zen, baina ez nautela diferente ikusten. Azkenean, Andoni beste belaunaldi bateko bertsolaria da eta uste det, horregatik ere begiratzen diogula era jakin batean.  

Zenbaitek esan izan dit: Maialenen bertsokera neretzat konplikatuegia da.
Bai, nik sorpresa hartu nuen. Neri ez zait batere iruditzen, konplikatuegia denik. Izan liteke erreza ez dena? Edo errezkeria ez dena nahi badezu, baina neri ez zait irudi­tzen konplikatua denik. Baina aizu, bakoitzak bere gustoak dauzka, hori zilegi da.

Inor ez da bere herrian profeta, edo bai?
Ez da erreza norbere herrian profeta izatea.

HAMARREKO TXIKIA

Maiatzaren 22ko elkarrizketan, Estitxu Eizagirrek esan zidan, Obama presidente izanagatik, ez dela AEBetan beltzen auzia gainditu eta bertsotan, txapelduna Maialen izanagatik, emakumezko bertsolarien auzia ere ezetz.  Ez dakit zuk nola ikusten dezun…
Nik uste emakumea bertsolaritzan hasi berria dela. Plazaratze berria dela eta oso zailtasun haundiak izan direla. Igual, atzera begira jartzen bagera, denbora gutxian asko aurreratu degula esango nuke eta orain, gizartean bezelaxe, gelditzen zaigula zailena: bisiblea ez dena.
Gero eta emakume bertsolari gehiago daude, saio batean bi eta hiru bilatzea ez da harrigarria eta uste det harrigarrizko naturaltasunez gertatu dela hori. Baina, bisibilidadea eta kopuruak gainditzear badaude ere, hareagoko gaiak gelditzen dira: errekonozimenduari dagokiona, sinesgarritasunari, hitzaren balioari eta hor dagoen mundu inkon­tziente hori guztia. 
Iruditzen zait oso momentu interesantea dela, gaia oso presente dagoelako, jendea pentsatzen ari delako horri buruz eta hizketan. Uste det, hortik, aurrera egin dezakeela. 

Urruti xamarretik ezagutzen zaituztenentzat, lehenengo emakume txapelduna izan zinen. Gertuxeagokoentzat, bertsokera bat, gaiak lantzeko modu bat, izaera bat edo traiektoria baten errekonozimendua gehiago izan zen. Zuk zer lehenesten dezu? Tabladuan zer zera lehenago?
Lehenengo nahiko nuke esatea: `Maialenek, alegia, ber­tsolari batek irabazi du´ eta gero, bere garrantzia badaukalako, bertsolari hori emakumezkoa da, lehen aldiz. Gizonezkoek ere, ez dute askok irabazi.
Zertara joan gera horrera? Bertsoarengatik. Ematera daukan balioa. Gero, ukatu gabe, sozialki edo historikoki, badaukala bere pisua lehenengo aldiz emakume batek irabazi izanak, baina nik per­tsonalki, ez det nere burua ikusten, han emakume bat 7 bertsolariren artean, bizi guztia daramadalako horrela eta gure artean naturaldua dago hori. Guk pertsonak ikusten ditugu gure artean, nahiz eta badakigun, gizartean ez dela horrela. Gizarteko irakurketa ez dela hori.
Nik nahiko nuke balora­tzea artistikoki eta gero, geroko guztiak. 

Ze aldaketa zegoen 2001ean ia irabazi zuen Maialenetik, 2009an irabazi zuen Maialenera?
Hasteko, 8 urte bizitzan. Horrek asko esan nahi du. Beste posizionamendu bat txapelketarekiko, bertsolari­tzarekiko eta bizitzarekiko ere bai. 
2001ean ez zen nere momentua, ni ez nengoen ondo kokatuta hori eramateko. Hori izan zen abiapuntu bat eta bide horren lanketak eman du azkeneko emaitza hau, sari hau. Bitartean dago sendotzeko bide bat, lanketa bat… Eta batez ere, gogo bat. 2001ean ez nengoen txapela irabazteko moduan eta 2009an bai. Irabazteko moduan. Gero, irabaziko dezu edo ez. Hori da diferentzia haundiena.  

2013 urruti edo gertu dago?
Egon da urrutiago! kar, kar, kar. 

PUNTU ERANTZUNA

Aritz Zerainek Maialen Lujanbiori: Egunero izan behar al da txapelduna?
 
Ez da erreza neurtzen 
argi-iluna.
Batzutan sentitu dut
gailurren lurruna,
bestetan ibili naiz
puntatik urruna…
Baina zor duguna:
erantzukizuna; 
geronen jarduna,
dedin bihoztuna,
txapel hori da gehien
balio duna.

PUNTUKA

Atez ateko zabor bilketa:
gauzak aldatzeko, txikitik haundiranzko abiatze bat.
Bertso eskola: 
oinarrizko kanpamentua. 
Hernaniko kronika: 
herria, herrigintza. 
Ikastolen bat egitea:
nik barrendik asko ezagutu gabe, ingurukoak oso 
sensible eta oso minduta dauzkan gai bat.


Oroitzapenen kutxa

«Oso bertso eskolakoa sentitzen naiz, baina ez naiz asko joan izan»


Maialen Lujanbiok ondo gogoratzen ditu bertsoetako lehen­da­bi­ziko urteak: 
«Gogoratzen det ikastola, Urumea ikastolako bertso eskola eta nik beti bertso eskola gogoratzen det lagun talde bati lotuta. Eskolarteko txapelketa ere nostalgia haundiarekin gogoratzen degu eta oso oroitzapen goxoarekin. Handik, Herna­niko bertso eskolara. Her­naniko bertso eskolan be­rriz, ni oso alperra nintzen. Oso oso gutxitan joaten nin­tzen eta joaten nintzenean beti saiatzen nintzen konbertsazioa ematen kantatu beharrik ez izateko. Oso ber­tso eskolakoa sentitzen naiz, baina ez naiz sekula bertso eskolara asko joan izan. Bertso eskola bertsoa konpartitzen degun jende talde eder bat da neretzat».


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!